‘Nerea & I’
Iratxe Ormatza
“Nerea eta biok” lana ingelesera itzuli dau Linda Whitek, eta “Nere & I” da liburuari emon deutson izena. Laura Mintegik orain dala urte batzuk argitaratu eban liburua. Bertan unibersidadeko irakasle euskaldun baten eta Pariseko kartzela batean dagoan preso baten arteko hartu-emonak kontetan deuskuz, irakasleak idazten deutsozan karten bitartez. Linda Whitek urte bi eskaini deutsoz liburuari, lana aztertzen eta itzultzen.
Liburua internet bidez eskuratu ahal izango da, Peter Lang argitaletxeko web-orriaren bidez. Hizkuntza erromanikoei eskainitako bildumearen barruan argitaratu da, euskerea latinetik eratorritako hizkuntzea ez izan arren. Euskal Herriaren kokagune geografikoa izan da bilduma horretan sartzeko arrazoia.
Itzultzaileak berbaurrea idatzi dau. Nobelan agertzen diran gaien ganera gogoetea egin dau, hau da, andrearen zeregina euskal gizartean, abertzaletasuna eta euskerearen berreskurapena. Halanda ze, sarrereak irakurleari laguntzen deutso nobelan sartzen eta hobeto ulertzen.
Linda Whitek Nevadako Unibersidadean Euskal Literaturea eta Euskerea irakasten ditu. “Aurrera” liburuaren egilea da, eta Euskal Herriaren ganera hainbat gairen inguruan idatzi izan dau, bertsolaritzea eta Korrika, besteak beste.