Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 105. zenbakia

Monako izeneko enpresea


Finantzen garrantzia

Monakoren ekonomia hazteko, printzerriak leku gehiago eta eremu zabalagoak behar ebazan eta printzeak lan handiak agindu ebazan, itsasoari 300.000 metro karratu gehiago hartu ahal izateko.

Finantzek askoz garrantzi handiagoa daukie, baina, era berean, lurralde txiki hau lohitu daben eskandalu askoren jatorria izan dira. Monakok 32.000 biztanle baino ez daukaz, baina egunean-egunean edegita daukazan berrogeita hamar banketxetan 350.000 kontu inguru zabalik dagoz eta horreen % 60ren titularrak ez dira printzerriko egoiliarrak. Banku erakundeek eta ondarea kudeatzeko alkarteek 60.000 miloe euro daukiez diru eta ondasun gordailuetan.

Egonkortasun politikoa, segurtasuna, isilpekotasuna eta aldeko fiskalidadea printzerriak finantza establezimentuak, bezero dirutsuak, merkatari handiak, industrialari eukitsuak eta mafioso italiar eta errusiarrak erakarteko daukazan amu nagusiak dira. Monakok OCDEari (Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Alkartea) laguntzen ez deutsien zerga paradisuen zerrendan dago, baina, salaketak salaketa, ez da agertzen Kapitalen Zuriketearen kontrako Finantzako Ekintza Taldearen (GAFI) zerrenda baltzaren barruan.

Begiluzea

Monakoren ganean berba egiten danean, jenteari bururatzen jakon lehenengo gauzea euren printzesen zorion eta zoritxarrak dira, Mortecarloko kasinoan gastetan diran dirutzak, yateak eta ferrariak edo Bat Formulako sari handia. Baina Printzerri hau, batez be, negozio handi bat da, neurri handi batean Rainiero III.a zanaren zuhurtzi eta bizkortasunaren emoitzea.

Rainiero zendu barria boterera ailegau zanean, artean be esaten zan 'Monako ezer landatzen ez dan eta ezer ere emoten ez dauan hatx bat' baino ez zala. Dana dala, egia da Carlos III.ak hatx hori bainuetxe bihurtzeko ideia ezin hobea euki ebana, kasino eta guzti, Monakoko ekonomiaren hagerik sendoena izan dan “Société des Bains de Mer” (SBM) sortuz.

Edozein kasutan be, II. Mundu Gerrearen ostean, jokoa eta luxuzko turismoa ez ziran Monakoren biziraupena ziurtatzeko baizen sendoak; halanda ze, Rainierok 1,95 kilometro karratuko lurralde epotx honen industrializazinoa beren beregi bultzatu eban, zerga salbuespenen bitartez.

Denpora tarte luzean, printzerriko industria bat, antxoarena, mundu mailako liderra izan zan, “La Monégasque” enpreseari esker; bertan 500 behargin be egon ziran beharrean, Belgikako talde bati saldu baino lehenago. Nazinoartean oso ezagun bihurtu zan beste marka bat Lancaster kosmetikoena izan zan; hau be atzerriko talde bati saldu jakon. 90eko hamarkada hasikeran, printze subiranoa harro egon eitekean Monakon printzerriaren fakturazino osoaren % 25 emoten eben 700 enpresa inguru egozalako. Gaur egun ekonomiaren motor nagusia merkataritzea, finantza jarduerak, industria eta etxebizitzen arloa dira, hurrenez hurren.

Monakon 10.000 beharginek egiten eben lan 50eko hamarkadan; 2002an, ostera, 39.000 personak jarduten eben beharrean (horreetariko 3.500ek baino ez arlo publikoan). Dana dala, arlo pribaduko behargin zati txiki batek baino ez dauka Monakoko nazinotasunik eta % 15 inguru baino ez da Monakon bizi.