Txile eta euskaldunak Joseba Etxarriren eskutik
Iratxe Ormatza
Joseba Etxarriren azken urteak diasporeagaz loturik egon dira. Oraingoan, Txile eta euskaldunak buztartu dauz idatzi barri dauen liburuan: “Chile y los vascos”. Etxarriren lanaren asmoa da euskal sustraiak dabezanei eta ganerako txiletarrei hango euskaldunen bizimodua eta gizartean izan daben eragina ezagutarazotea. Iraganeko eta gaur eguneko euskaldunak daukaz berbabide, euren mundua zelakoa zan eta dan islatzeko asmoagaz. Liburuaren atal bat, “La Euskal Herria que conocí en Chile”, Txileko zortzi euskaldunei eskainita dago, euren testigantzen bidez Txilen bizi diran euskaldunen irudiak, esperientziak eta arketipoak batu gura izan dauz. Horrezaz ganera, eranskin bat gehitu dau Etxarrik liburuan, euskal jatorriko izen toponomikoakaz. Eusko Jaurlaritzearen “Euskaldunak Munduan” bildumearen barruan dago Etxarriren azken lana.
Laurogeita hamarreko hamarkadan, Joseba Etxarrik “Euskaldunak EEBBetan” liburua idatzi eban. Bertan AEBtan zehar biaje bat egin eban, eta hainbat herritan euskaldunakaz barriketan ibili zan. Lehen eta bigarren belaunaldiko euskal estadubatuarren eretxiak eta esperientziak jaso ebazan liburuan.
Etxarri idazle izateaz gan, kazetaria da. Gaur egun interneteko www.euskalkultura.com aldizkariaren zuzendaria da. Aldizkari horretan, diasporearen gaineko albisteak jorratzen dira, baita euskereagaz eta euskal kultureagaz lotutako albisteak be.