Euskaldunok munduan  IV. urtea // 105. zenbakia

Julio Barrenechea Txileko euskal poetari omenaldia egin deutseTxilen, hil zaneko 25. urtemugan


Bizkaie!

Txileko eta Israelgo Kultura Institutuak antolatuta egin dira Julio Barrenechea Literatura Nazional saridunari buruzko hitzaldiak Txilen. Gil Sinay Txileko israeldarrak eta Miguel Laborde Duronea Txileko euskaldunak emon ebezan berbaldiak. Sinay abokadua eta unibersidadeko irakaslea da, eta Miguel Laborde idazlea, barriz, Barrenechearen suhina. Biak dira Barrenechearen lanean adituak, eta liburu bat baino gehiago idatzi dabe Txileko euskal poetari buruz.

Julio Barrenecheak 1930ean kaleratu eban lehenengo liburua, 'El mitin de las mariposas' izenekoa. Hogeita sei urtegaz emon eutsen 1936ko Udalaren Poesia Saria Barrenecheari, eta handik urte batzuetara Literatura Sari Nazionala jaso eban. Danetara, 14 liburu eta makinatxu bat artikulu idatzi ebazan.

Politikari ezaguna be izan zan Barrenechea. 1931an, Txileko Unibersidadean Zuzenbidea ikasten ebanean, Carlos IbaƱez del Camporen diktadurearen kontra altzau ziranen buru izan zan. Handik urte batzuetara, diputadu aukeratu eben. Aurrerago, Ganbarako presidentea izan zan eta berba egiteko trebetasunagaitik nabarmendu zan. 1945an, Txileko enbaxadore izentau eben Kolonbian, eta 1952ra arte karguan izan zan. Urte horretan, errefuxiatu politiko baten bizia defendidu eban eta kargua itxi behar izan eban horregaitik. Ondoren, Indian izan zan enbaxadore, Indira Gandhi gobernuburu zanean. Octavio Paz zan orduan Mexikoko ordezkaria Indian.