EGAra bidean
Ez deutsat txarto erixten euskerearen mugarriak bajatuteari. Espero dot holan jenteak hurrago ikusiko dauela euskerea, batez be beharreko tresna beharrezkotzat baino ez daukien horreek. Ez dakiguna da igazko 2.656 ikasle horreetatik zenbat ziran kanpotarrak (zenbat orain gitxikoak eta zenbat aspaldikoak), ez tarteka-martekako agiri horrek ze gaitasun emongo deutsen. Neure lagun batek “titulitis” deitzen deutso horri... eta orduan, zer pasetan da? Leitzako “barberuak” ez dauzela umeen berbakerak ulertzen. Espero daigun Eusko Jaurlaritzeak ganorazko homologazinoak egitea sasi EGA honeekaz. Eta ni oraindino laugarren eskakizun barik... kaguen la...
Tira, ez daigun ezer txarrik esan sikeran ahaleginik egiten daben honeez, ze beste batzuk ahalegindu be ez dira egiten!
Xabier Paia
Eusko Jaurlaritzeak, HABE erakundearen bitartez, EGA maila baino beheragoko agiri bat lortzeko azterketa deialdia egin dau. Gauzak holan dirala, HABEren curriculumaren 1. eta 2. mailak egiaztatzeko aukerea izango dabe euskaltegi eta autoikaskuntza zentroetako ikasleek.
Agiri horreek euskalduntze-alfabetatzearen eraginkortasun eta kalidadea hobetzeko neurrietako batzuk dira, Eusko Jaurlaritzearen Euskera Bizibarritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Euskerearen Aholku Batzordeak (EAB) proposatu eta 2003. urtean egindako azterketearen emoitzea izateaz ganera.
Euskaltegien jardueraz ganera, ikasleen emoitzak be saritzeko bidea egiteko asmoz, HABEk diru-laguntzinoa jasoteko aukerea eskaini eutsen mailaren bat (1. maila, 2. maila edo EGA) gainditzen eben ikasleei.
Aurten be ikasleei zuzendutako diru-laguntzino deialdi berezia martxan jarri dala azaldu dabe, eta danetara 625.000 euro imini dirala. Onuradunen esparrua igaz baino zabalagoa da, izan be, euskaltegi publiko eta pribatuetako eta autoikaskuntza zentroetako ikasleek izango dabe diru-laguntzinoak jasoteko aukerea. Igazko deialdiaren arabera, ikasturteko matrikulearen % 50 berreskuratzeko modua euken mailaren bat gainditzen eben ikasleek. Aurtengo deialdiaren arabera, ostera, ikasturteko matrikulearen % 100 jasoteko aukerea izan leikie, gehienez jota.
Azterketea egin ahal izateko, euskaltegi edo euskerearen autoikaskuntzarako zentroetan matrikulauta egon beharko da derrigorrez. Ganera, lehenengo mailara aurkezteko 6. pausua gainditua izan behar da; bigarren mailara aurkezteko 9. pausua edo Alfabetetako 1. maila gainditua izan behar da.
Lehen eta bigarren mailako azterketek lau trebetasun neurtuko dabez: irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena. Aurten, lehenengo probea idatziz egingo da, eta entzumena, irakurmena eta idazmena neurtuko ditu. Bigarren probea ahozkoa izango da, mintzamena neurgai izanda. Azterketa idatzia gainditzen daben ikasleek baino ez dabe egingo bigarren probea. Gai/Ez gai erara emongo jako ikasleari zati bakotxaren emoitzea eta azken emoitzea.
Azterketa honeek gainditu eta mailaren bat egiaztatzen daben azterketariek Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak emondako ziurtagiria jasoko dabe. Ganera, euskaltegietako ikasleek lortzeko aukerea izango daben agiri ofizial hori Administrazino, Hezkuntza, Osakidetza, Ertzaintza eta Justiziako hizkuntza-eskakizunakaz homologetako bidea lantzen ari da Eusko Jaurlaritzea.
Igaz, EGAtik beherako bi mailetarako azterketa-deialdira 2.656 ikasle aurkeztu ziran lehen eta bigarren mailako proba honeetara; horreetatik 1.398 lagunek gainditu ebezan ahozko eta idatzizko probak.