Sarean  IV. urtea // 105. zenbakia

Teknologia barrien ganeko nazinoarteko goi bilerea Bilbon


Bizkaie!

Hirien eta Agintari Lokalen Informazinoaren Gizartearen ganeko Munduko II. Goi Bilerea izango da Bilboko Euskalduna Jauregian datorren zemendiaren 9tik 11ra.

Agintari ugari alkartuko da goi bileran, 2.000 inguru, mundu guztikoak. Helburua teknologia barriek munduko herritarren esku jarteko estrategia bateratua hitzartzea da.

Hitzartutako dokumentua Nazino Batuen Erakundeak (NBE) zemendiaren 16tik 18ra bitartean Tunisian egingo dauen Informazinoaren Gizarterako Munduko Goi Bilerara eroango dabe. Bertan, ganerako mundu agintariakaz batzartuko dira testuaren ganean berba egiteko.

Teknologia barriek eragin zuzena daukie gure bizimoduan. Aldaketea positiboa
izan dala esan geinke, baina eragin negatiboak be badaukaz. Nazino Batuen Erakundea aspaldi konturatu zan teknologia barriek herrialde garatuen eta ez horren garatuen arteko aldea nabarmenagoa zala teknologia barriek aurrera egin ahala. Horregaitik antolatu dau NBEk Gizartearen Munduko Goi Bilerea. Bilbon egingo diran batzarrek eragin zuzena eukiko dabe goi bilera honetan, izan be, berton idatziko da testu nagusia, gero NBEri aurkeztuko jakona hain zuzen be.

Informazinoaren gizartea eregiteak gero eta garrantzia handiagoa dauka. Agintari lokalen ekarpena oso garrantzitsua da eta Euskal Autonomia Erkidegoak be badauka zeresana gai horretan. Izan be, orain bi urte gai horren inguruan egindako goi bileran Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Kofi Annan NBEren presidenteari proiektuagaz bat egiten ebala jakinarazo eutson. Aurten be, Ibarretxek berak emongo deutso Bilboko goi bileran adostutako testua Annan presidenteari. Holan, EAEk informazinoaren gizarteagazko daukan konpromisoa erakutsi eta 2003tik 2006ra bitartean teknologia barriak herritarren esku jarteko 563 miloe euro baino gehiago inbertidu dirala jakinarazoko deutso.