Piztiak barriro be taula ganean
Kontzertuak
Daborduko kontzertu bi eskaini dabez, bata apirilaren 2an Azkoitiko Mataderoan eta bestea hilaren 9an Lasarteko Jalgin. Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango dira hilaren 23an eta, aitatu legez, maiatzaren 7an Ondarroan egongo dira.
Bizkaie!
Musika aktibotik urrun denporalditxua egon ostean, kanta barri bigaz jatozku Piztiak taldea. Txomin (gitarra,ahotsa), Josu (Baxua,ahotsa), Peio (bateria) dira taldekideak eta gogo biziz datoz etapa barri honetan.
Musikea ikus-entzunezkoagaz buztartzen dabe Josu Eizagirre multimedia teknikariaren eta Jose Lastra soinu teknikariaren lanari esker. Eurek preparau dabe zuzenekoetarako ikuskizuna, zuzeneko musikea eta irudia buztartuko dituana. Emonaldi bakotxa desbardina izango da, kantak betikoak eta azken barri biak izan arren. Ganera, mobimenturik bako irudiak be egongo dira ikusgai, Eizagirreren eskutik.
‘Euriaren zain’ eta ‘Balearen kanta’ dira kanta barriak. Aranbarriren ustez, taldeak beste alderdi bat erakusten dau, ‘ez hain rockeroa’. Betiko Piztiak-en ikutua badaukala autortzen dau, baina gitarra bat gitxiago egonda, oinarrira jotea erabagi dabe eta, kantu zaharrek eurek be, beste forma bat hartu dabe. Kanta horreek biak Urdulizeko Tio Pete estudioan grabau dabez.
Kontzertuetan Txuma Murugarren egongo da eta perkusino talde batek be lagunduko deutse. Taldekideen esanetan, horrek beste ikutu bat emongo deutse kanta batzuei.
‘Euriaren zain’ eta ‘Balearen kanta’ abestien bideoklip bana egiteko asmoa be badauka taldeak. Maiatzaren 7an Ondarroan eskainiko daben emonaldia grabau egingo dabe eta, hilabete batzuk pasau ostean, zuzeneko disko legez kaleratu, DVD eta guzti.