Barriketan  IV. urtea // 105. zenbakia

Zigor Aldama: 'Asia da etorkizuneko kontinentea'

Astebete eskas geratzen jake eguzkia lehenengo ikusten daben herrialdeetarako bidea hartzeko. Bidaiaren azken ikutuakaz buru-belarri dabiz Zigor Aldama eta Demelsa Gonzalez. Askok ezagutzen dozuez Zigorren bidaia-kronikak, besteak beste aldizkari honetan bertan be irakurgai dagozalako. Hemendik aurrera, eta bikotea kanpotik dabilen bitartean, Demelsak emongo deusku euren nondik-norakoen barri. Oraingoan, aurrerapen txikitxua egin dabe.

1.- Apirilaren 16an urtengo dozue lau hilabete iraungo dauen bidaia luzea egitera. Kontau egiguzue nondik-nora ibiliko zareen.

Demelsa: Hong Kong-era helduko gara eta Asia inguruan 100 egunez ibiliko gara. Txinan, Japonen, Hego Korean eta Mongolian izango gara. Hori da, behinik behin, pentsau doguna. Ibilbidea erakunde laguntzaileek, babesleek eta hedabideek nondik-nora ibiliko garen jakiteko zehaztu dogu.

Zigor: Hainbat erakundegaz daukaguz hartu-emonak, Nazinoarteko Amnistia, Anesvad, Mugarik Bako Medikuak eta UNICEF berbarako. Bertan lan egiten daben hainbat enpresatara joateko asmoa be badaukagu, Irizar eta Fermax lantokietara berbarako, alkarrizketak edota erreportajeak egiteko eta euren proiektuak ikusi ahal izateko. Horregaitik, oso garrantzitsua da zeozelako ibilbidea zehaztea.

Bidaia oso luzea da eta luzeago be egin leiteke. Ez dago ezer zarratuta. Proiektu interesgarriak badagoz eta lanean gustura bagabiz, luzatu egin geinke. Merezidu dauela uste dot eta, azken baten, 50 € baino ez dira pagau behar billetea aldatzeagaitik. Demelsak aitatutako herrialde horreek bisitauko doguz, seguru, baina gauzatxuak be gehitu ahal jakoz bidaiari.

2.- Zergaitik Ekialdeko herrialdeak?

D: Zigorren zaletasunak bultzatuta gustetan jataz niri be Ekialdeko herrialdeak. Ezagutu nebanean, Asiagaz guztiz maiteminduta egoan eta pentsau neban: ‘zergaitik ez neu be?’. Exotikoa iruditu jatan eta oraindino be bardin pentsetan dot. Lehenengo bidaia abentura legez hartu neban baina denporeagaz danetarik ikusi eta ikasi leitekela konturatu naz. Ganera, neu be kazetaria naz eta arlo profesionalerako balio deustie esperientzia horreek.

Ekialdeko herrialde gehienak nahiko ezezagunak dira mundu mailan eta horren leku zabala izanda, beti atara ahal jako etekinen bat bidaiari.

Z: Kazetaritzan, espezializazinoa oso garrantzitsua da. Gaur egun, kazetaritza ikastea erraza dala esan geinke, baina horretan lanpostua lortzea oso gatxa da. Horregaitik, produktu desbardina egin behar da, ahalik eta komunikabide gehienei interesetako. Batzuk gai baten espezializetan dira, ekonomia edo nazinoarteko hartu-emonak berbarako; gu, barriz, eremu geografiko baten. Eremu geografiko hori Asia da.

Asia, exotikoa izateaz gan, etorkizuneko kontinentea be bada. Azken urteotako aldaketa ekonomiko garrantzitsuenak bertan izan dira eta bihar-etzi, munduko superpotentzia izango da Asia. Begiradea herrialde horreetan imini behar da, ikuspuntu ekonomikotik Afrika edo Latinoamerika baino leku garrantzitsuagoak diralako. Sakon ezagutu behar da Asia eta, ikus-entzunezko arloan Demelsak eta idatzizko arloan nik, euskarri guztietan eskaintzen dogu inguru hareen ganeko informazinoa, baita irratian be. Telebista, irratia eta prentsa idatzia egiten dogu eta komunikabide-taldeei hori interesetan jake, Asiaren ganeko irudi- eta erreportaje-artxibo zabala daukagulako, euskarri guztietarako.


3.- Egotekotan, zein da bidaiaren lekurik edo momenturik arriskutsuena?

Z: Mongolia. Bertako klimea, azpiegitura faltea...

Bidaia hau ez da besteak baino arriskutsuagoa, baina danetarik ikusiko dogu. Shangai edo Hong Kong lako uriburu oso garatuak ikusiko doguz, bai, baina baita Mongoliako herritxu nomadak be. Nik uste dot arazo gehien Mongolian eukiko dogula. Ganera, guk ondo ezagutzen doguz osasun arazoak eta Mongolian holako arazoren bat eukitea barri oso txarra da. Hortik zehar galduta egon ezkero, hurren dagoan ospitaletik egun batzutara gagoz. Ospitale horretan...

D: ...tirita batzuk eta ur oxigenadu apur bat egon leitekez, egotekotan.

Z: Guk ez dogu kirol arriskutsurik egingo. Abentura bat da, bai, baina ez gehienek ‘abenturea’ ulertzen daben legez. Berbarako, oraintsu urten dabe Eneko Etxebarrietak eta Miyuki Okabek bizikletan, hamar urtez munduan zehar ibilteko. Hori ez da abentura bat... hori bizitza bat da! Gu hara goaz, bai, baina bueltan gatoz. Azken batean, gure lana da.

D: Bisitauko doguzan herrialdeak ez dira oso arriskutsuak. Akaso Txinan dago lapurreta-maila altuena, baina ez dago arazo lar. Gai horreri jagokonean, behintzat, gu trankil gagoz. Bidaia segurua dala esan geinke, baina beti hartu behar da kontuan etxetik milaka kilometrora gagozala.

4.- Zelako aurrekontua dauka bidaia honek? Erakunde batzuen laguntzinoa eta babesa daukazue...

Eguneko 30 euro daukaguz bakotxarentzat eta hegazkin-txartelak dira biajeko gauzarik karuena. Danetara, ia 5000 euro gastauko doguz bakotxak lau hiletan zehar. Halan da be, kontuan hartu behar da lujo barik goazela, hotelik normalenetara, bertako jatetxeetara... Gure helburua hango bizimodua ezagutzea da, ez goaz oporretan. Egin dogun bidaia karuenetarikoa da, Japon munduko herrialde karuenetarikoa be badalako. Ondo pentsautako aurrekontua daroagu eta berau beteteko ahalegin berezia egiten dogu.

Enpresa batzuen laguntzinoa be badaukagu, Fermax eta Irizar berbarako. Lehenengoa Valentziakoa da eta Shangain daukazan fabrikak erakutsiko deuskuez. Irizarregaz be kontaktuan gagoz, han daukazan fabrikak ikusi ahal izateko negozietan. Beste alde batetik, gobernuz kanpoko erakunde ugarik be lagunduko deusku, Anesvad, Mugarik Bako Medikuak eta Nazinoarteko Amnistia berbarako.

5.- Bidaiak egiteko gehienon planteamentuetatik aparte zabize. Zein da zuen filosofia?

Z: Egunotan nabil euskaldunek bidaiak egiteko daukiezan ohituren ganeko artikulu bat idazten. Bidaia-agentziako neska batek esan eustan gero eta gazte gehiagok gurago dauela euren kontura ibiltea. Hegazkin-txartela erosten dabe, gehienetan urrunera, ahal dan moduan ibilten dira eta bueltan datoz. Gero eta gehiago dira eta gero eta gazteagoak. Horregaitik, guk daukagun filosofia oraindino jente gitxik dauka, baina gero eta gehiagok.

Globalizazinoa dala-eta, jenteak urruneko lekuetan dauka interesa, lehenago ia ezinezkoa zalako hain urrun joatea. Gaur egun, barriz, errazagoa da bidaia hori egitea. Halan da be, desbardintasun nabarmen bat dago: gu lanera goaz, lanera baino ez. Egun libreak hartzen badoguz, derrigortuta hartzen doguz, hegazkinik ez dagoalako ala euria dalako berbarako. Nik zortzi kiloko maletea daroan lepoan eta Demelsak tripodea, bideo-kamerea... Horregaitik, ezin dogu turismorik egin. Ezin dogu ekipoa hondartzan itxi eta uretara joan bainua hartzera. Gu lanera goaz, eta asko gustetan jakunez, disfrutau egiten dogu. Askotan esaten dan legez: gustuko lanetan aldatzik ez.

Hori bai, egia esan behar dogu: bueltan gatozanean gehiago disfrutetan dogu. Argazkiak eta bideoak familiari erakusten deutsaguzanean, zoratuta gagozala esaten deuskue. Hango egoera asko negargarriak dira eta bertan zagozanean, askotan, txarto pasetan dozu. Horretan Demelsak nik baino pazientzia gehiago dauka. Hamabi orduz labezomorroz betetako autobus baten, itzelezko beroagaz, ia bata bestearen ganean, alboan txarri bategaz eta aurreko gizona leihotik txistua botaten... Oso gogorra da, baina bueltan natorrenean, pozik kontetan dot egoerea. Esan dodan legez, Demelsak nik baino pazientzia gehiago dauka eta bitxia da, berak nik baino bidaia gitxiago egin dauzalako.

D: Guretzat bidaia errutina bihurtzen da, eguneroko kontua. Hoteletik urten eta beste bat topau, inguruan persona ezezagunak euki... lana bera be ohitura bihurtzen da. Horregaitik, hiru hile pasetan diranean, etxera bueltan etorri gura dogu, guk egin geure bazkaria, geure ohean pasau gaua, ekipoa ahaztu... Azken baten, kamerak ondo jagon behar dira eta horrek be, azkenean, kantsau egiten dau.

Hona heltzen zaranean konturatzen zara zelako gauza politak ikusi dozuzan, bertan egon zaranean hori pentsau ez arren. Gure ikuspuntua orokorra da eta, politena jasoteaz gan, gauza interesgarriak be jasoten doguz, horren politak izan ez arren. Hori bai, egun txarra badaukazu ez dozu ingurua baloretan. Etxera heltzen zaranean, barriz, bai.

Z: Lan kontuagaitik egiten diran bidaiak oso desbardinak dira eta etxera heltzean konturatzen zara gauza oso politak bizi izan dozuzala. Han, hasieran polita da goizaldeko hiruretan altzetea egunsentiaren argazkiak atarateko eztakit nongo mendi tontorrean. Baina goizaldeko ordu txikietan altzetan zaran hamargarren egunerako kantsau egiten zara, egun osoa lanean emon behar dozulako.

Halan da be, bidaia hau desbardina izango da, hainbeste erakunde kolaboratzaile daukaguzalako atzean. Ikusteko dago oraindino zelan urtengo daben kontu guztiek.

6.- Zigor, bidaiak egiteko zer gurago: bakarrik ala bateren bategaz?

Z: Bateren bategaz. Hiru lagun joatea baino, hoba da bikotea edo laukotea. Bakarrik joatea... oso desbardina da. Ate batzuk edegiten deutsuz, bai, baina baita zarratu be. Bakarrik bazoaz, jente gehiago ezagutzen dozu; baina momentu txarrak, zeu bakarrik zagozanean, gogorragoak dira.

7.- Kazetariak zarie biok eta ‘freelance’ moduan lan egitea erabagi dozue. Askatasun gehiago emoten dau horrek, baina azkenean, komunikabideen galbahetik pasetan zarie...

Z: Gure kasuan ez dago galbaherik. Guk jorratzen doguzan gaietan erabateko askatasuna dago; gaia zenbat eta urrunagokoa izan, orduan eta bide editorial gitxiago.

D: Gaiak urrunekoak izan arren, bertoko kontuakaz lotzen saiatzen gara. Horreagaitik bisitau gura goguz inguru hareetan behar egiten daben enpresak eta sortu barria dan Shangaiko Euskal Etxera joaten be ahaleginduko gara.

8.- Horren bidaia luzea egiteko maleta handia eroan beharko dozue.

D: Gure traste guztiez gan, botikina (antibiotikoak, tripetarako botikak, iodoa...), barruko erropa baltza, praka pare bat...; behar dogun guztia han erosten dogu, merkeagoa dalako eta, gero, oroigarri legez ekarteko hona. Askotan esaten da maleta gitxi eta diru asko eroan behar dala eta, neurri baten behintzat, egia da. Nik, lehenengo bidaian, motxila itzela egin neban. Zigorren etxera heldu nintzanean, ia gauza danak atara eustazan, ‘hau ez, hau ez, hau ez...’ esanaz. Erabat hutsik itxi eban baina gero konturatu nintzan arrazoia eukala.

Z: Gu ez goaz maleteagaz, motxileagaz baino. Joakeran, ekipoak berak motxileak baino pisu gehiago izaten dau. Jantzita daroadan prakea eta beste bat, kamiseta eta alkondara bana eta barruko erropea baino ez da behar. Hori bai, bueltan ia 40 kilogaz etorten gara!

Saioa Torre Gereketa