Honeek ez dira hauteskunde normalak izango
Iñaki Atxutegi
Komunikabideetan eta kaleetan igarri egiten da. Hauteskunde kanpainan gagoz. Alderdiak boto eske eta lehendakarigaiak nor baino nor kale eta telebistetan euren doeak agertzen eta ganerakoen alde ilunak azpimarratzen. ‘Horra politikearen espektakulua!’ esango leuke batek baino gehiagok.
Garrantzirik bako hauteskunderik ez dagoala esaten da beti, egia da, baina bene-benetan esan leiteke hurrengo hauteskunde autonomikoak ez dirala ezelan be normalak izango.
Hasteko, eduki politikoakaitik. Orain pare bat hilabete Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politikoak ezezko biribila jaso eban Madrileko Kongresuan. Legitimidade bi dagoz aurrez aurre. Alde batetik, euskaldunon borondatea. Bestetik, Estaduaren boterea. Horrexegaitik dago mahai ganean azken urteotako galdera nagusia: Non erabagiten da euskaldunoi jagokuna, Euskadin ala Madrilen? Emoitzen arabera, barriro planteauko da eztabaidea.
Hau nahiko ez bazan giro politikoa suspertzeko, politikoagaz baino giza eskubideakaz zerikusiria daukan eztabaidea biztu da euskal politikagintzan. Ezker abertzaleak ez dau ordezkaritzarik eukiko hurrengo Legebiltzarrean. Beraz, galdera honeen aurrean eretxi sendoa daukan indar politiko bat erabagigunetik, Legebiltzarretik, hain zuzen, atara egiten dabe kontrako eretxia daukienek, Estaduko indar politikoek. Egoera horrek adierazoten dau espainiar demokraziak eztabaida politikoa eragozteko borondate argia daukala.
Estaduko komunikabideetan agertu diran eretxien arabera, euskal hauteslegoak gero eta atxikimendu gitxiago agertzen dau abertzaletasunagaz. Hori frogatzeko, abertzaleek Legebiltzarrean gero eta jesarleku gitxiago daukiezala esaten dabe. Orain arte ezker abertzalearen alde agertu diran askok ez deutse botorik emongo legalizautako alderdi eta koalizinoei. Beraz, euskal gizartearen zati bati ez jako bermatuko demokrazian oinarrizkoa dan ordezkapen politikorako eskubidea. Gauzak holan dirala, parlamentuan gehiengoa konstituzinozalea bada, 'akabo euskal arazo politikoa!!' esango dabe ahobeteka politikari eta eretxiemoile askok. Iruzur hutsa, ze holako Legebiltzar batek ez leuke islatuko euskal gizartearen benetako eretxia eta errealidadea.
Beste alde batetik, arduratzeko modukoa da, zelako arrazoiak eta zelako bideak erabili diran helburu hori lortzeko. "Zerrenda zuriak" horreen zuriak ez dirala frogatzeko edo persona batzuk "kutsatuta" egozala frogatzeko erabili diran arrazoiek pentsarazoten deuskue zelako estaduan bizi garan. Sindikatu legal baten partaide izatea, manifestazino jakin batean parte hartzea, agiri bat sinatzea edo kazetaria izatea, norberaren telefono zenbakia ETAkide baten agendan agertzea nahikoa da, Espainiako epaitegi nagusien ustez, persona baten eskubide politikoak urratzeko.
Eta neure buruari itauntzen deutsat: zenbat dira, eurek jakin barik, "kutsatuta" dagozanak? Eta zer kutsatzen dabe kutsatutakoek? Aukera Guztiak ekimenaren alde sinatzera asko joan ziran beste alderdietako partaideak izan arren. Horreek be euren alderdien zerrendak kutsatuko ete dabez hurrengo hauteskundeetara aurkezten badira? Zergaitik ez dabez prozesu berean beste alderdi batzuk nahastau? Ez ete da legea danontzat bardina?
Orain denporatxua esan neban Euskadiren eta Espainiaren arteko hartu-emon moduak barriro planteetako sasoia heldu dala. Ikusitakoak ikusita, argi dago Estaduak eskura dituan baliabide guztiak erabili egingo dituana eztabaidea garbia izan ez daiten.
Lerro honeek idazten diran unean beste "zerrenda zuri" bat izan daitekenaren barri zabaldu da: EHAK, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistea. Estaduko botereek lagako ete deutsie Euskadin dagozan sensibilidade eta pentsamolde guztiei ordezkapen politikoa eukiten? Erantzuna hurrengo egunetan.