Sarean  IV. urtea // 104. zenbakia

Tekladua, sagua eta beste batzuk


Gotzon Plaza,
informatikoa

Ordenadorea erabilteko derrigorrezkoa egiten jaku saguaren laguntzinoa. Hau erabilita edozein programatan agertzen diran goiko parteko menuak zabaldu eta bertan zer edo ha aukeratzeko bidea erakutsiko dogu. Edozelan be, trebeenak dinoe sagua erabili beharrean tekladuaren beraren konbinazinoak erabiliz askozaz be arinago lortuko geinkela gura doguna. Berbarako, kopietako orduan Ctrl+C konbinazinoa askozaz be arinagoa da eta kopiautakoa barriro pegau gura izan ezkero hor dago Ctrl+V konbinazinoa. Holakoak, dozenaka daukaguz baina buruz ikastea komeni da ahalik eta azkarren jokatzeko. Programetako menuetako aukerak zabalduz, ezkerreko aldean agertzen dira eureri jagoken tekla konbinazinoak.

Kontuak kontu, hor doguz ordendoreari aginduak emoteko modu bi, sagua eta tekladua. Baina zer pasauko litzateke ez bata ez bestea erabilteko gai ez bagina? Horixe bera itaundu eutson Euskal Herriko Alboko Esklerosi Amiotrofikoa Alkarteak Pedro Palomo ikertzaileari: gorputzearen kontrola galduta eta sarritan berba egiteko gaitasuna total edo nahiko murriztuta daukien personek ze aukera daukie teknologiagaz hartu-emonetan jarteko?

Gure ikertzailea ondoko ondoriora heldu zan: esklerosia edo bizkar-hazurrean zauri larriak eukiezan personak, nahiz eta euren gorputza ezin mobidu, begiakaz behar egiteko kapaz ziran. Hortik abiatuta, ordenadoreak beste era batera ‘gobernetako’ sistema barria preparetan hasi zan. Emoitzea be plazan dago daborduko: Kantabriako ASPACE erakundeak (Buruko Paralisia daben Personen Zaintzarako Alkarteak) sistema hau bultzatu dau eta, beraz, errazagoa izango da edozeinek ordenadorea begiaren mobimentuakaz erabiltea.

Iriscom deitu deutsie garatutako sistema barriari eta berau erabilteko nahitaezkoa izango da norberaren burua eta begiak kontroletan jakitea. Ordenadoreagaz batera, argi infragorriko iturri bi eukiko doguz. Izpi bi horreek gure begian ordenadorearen gezia markauko deuskue eta honegaz batera kamara txiki bat be badago begiko irisaren mobimentuak jasoteko. Erabiltzaileak, pantailako edozein puntu begiratu ezkero, saguaren gezia hantxe bertan jarriko dau eta begiak astiro zarratzearen eragina saguaren botoia sakatzea lakoa izango da. Bigarren aukera bat be badago: gezia segundu batzuk geldi itxi ezkero puntu batean, saguaren “klika” egitea lakoa izango da.

Oraingoz, Europan zehar 50 lagunek erabilten dabe sistema hau eta beronegaz euren bizimoduaren kalidadea asko hobetu dalakoan dagoz. Aitatutako sistemadun ordenadoreagaz, berba egiteko arazo larriak daukiezanek be, ahots sintetizadorea erabili leikie (Sthephen Hawking doktoreak eta ikertzaile ospetsuak holako sintetizadore bat erabilten dau) eta ezindu batzuentzat ikaragarrizko pausua izan daiteke.

Ezinduentzat (batez be itsu edo ikusteko arazo handiak dabezanentzako) beste aukera batzuk agertu dira merkatuan, berbarako, Opera 8.0 bersinoa. IBM enpresak hornidutako ahots teknologiari esker, nabegatzaile hau web orriak irakurteko kapaz da eta beronen erabiltzaileak ahotsari esker nabegetako modua izango dau. Horretarako, trebaketa prozesua beharrezkoa izango da, izan be, 50 komando berezi ikasi beharko dabez. Muga bakarra, sistemea oraingoz ingelesez baino ez dagoala da.