Zinea  IV. urtea // 104. zenbakia

El penalti más largo del mundo


Fernando galtzaile hutsa da. Morroi grisa, handigurarik bakoa, auzo bateko supermerkadu batean behar egiten dauena. Horrezaz ganera, hirugarren erregionaleko futbol talde bateko ordezko atezaina da. Denporaldi osoan ez dau minutu bakar bat be jokatu. Baina ligako azken domekan epaileak penaltia adierazo eta atezain titularra lesionau da. Fernandok lehenengo biderrez jokatu behar izango dau. Penaltia jaurtiteko dagozala, zale talde bat zelaira sartu eta partidua atzeratu beharko da. Lehiaketa batzordeak penaltia handik astebetera botateko agindua emongo dau, zelaian jokalari berberak dagozala, baina zale barik. “El penalti más largo del mundo” filmak aste horretako istorioa kontauko dau. Epe horretan, Fernandori auzoko heroiaren zeregina betetea egokituko jako.

Azken urteotan Espainiako komediaren industriaren zati garrantzitsu batek produktu zehatz bati oratu deutso; honen barruan, klase bajuko personaiak eta auzo baztertuak dira nagusi, bai eta supermerkaduak, topagune bihurtutako taberna saskilak nahiz txibi prijiduak be.

“El penalti más largo del mundo” be mueta honetako ezaugarriak daukazan pelikulea da, batzuek errealismo lohia izentautako generoaren barruan sartzen dana. Egia esan, personaiak sinisgarriak eta, lantzean-lantzean, barregarriak izanagaitik be, dan-dana lar agirikoa da, sano errez aurreikusi daiteke.

Emonaldian sartu aurretik, daborduko ikusi dogun pelikula bat ikusteko zorian gagozala emoten dau; zoritxarrez uste hori zine aretoan sartu eta minutu gitxira baieztuko da.

Joseba Terreros

-Zuzendaria: Roberto Santiago.
-Herrialdea: Espainia.
-Iraupena: 100 minutu.
-Antzezleak: Fernando Tejero (Fernando), Marta Larralde (Cecilia), María Botto (Ana), Carlos Kaniowsky (Santos), Benito Sagredo (Román), Fernando Cayo (Bilbao), Javier Gutiérrez (Rafa), Cristina Alcázar (Julia), Luis Callejo (Khaled), Enrique Villén (Adrián).
-Gidoia: Roberto Santiago; Osvaldo Sorianoren ipuin batean oinarrituta.
-Argazkia: Juan Antonio Castaño.
-Muntaia: Fernando Pardo.