Kaza birtuala, benetako heriotzea
Ez da bideojoko bat
Bien bitartean, ezohiko negozio honen sortzaileak, John Lockwood-ek, hainbeste aurkari eukita harrituta dagoala adierazo dau; era berean, aitatu gura izan dau kritikoek ez dabela ulertzen zelan erabilten dan sistemea. Gauzak holan izanda, Lockwood-ek zehaztu eban beraren etxeko besaulkian jesarritako kazeruak sasi batzuetan atzean ostenduta dagoan baten antzeko perspektiba eta ikuspegia daukala, hau da, ikuspegi mugatua; beraz, ezin da ziurtatu piztiarik hilko dauan ala ez.
Animalia hiltea lortzen dabenek eskatu daikie piztiaren zati bat taxidermistarenera eta, horren ostean, euren etxeetara eroateko, behin aparteko sari bat pagau eta gero.
Web gune honetan izena emoteko hamabost dolar pagau behar dira hilean. Kazeruek 20 minutuko saioetan hartu daikie parte sei dolarren truke eta, gomutagarri modura, DVD bat egiteko aukerea daukie beste hamar gehiago pagauta. PETA taldeko (ingelesez, animaliak modu etikoan jagotearen aldeko personak) Stephanie Bowles biologoaren esanetan, “buruko ezgaitasunen bat daukan edota odol egarri dan persona batek besterik ezin dau interesik euki ekimen honetan. Ez da bideojoko bat, helburua bizirik dagoan animalia bat hiltea da eta”.
Begiluzea
Webgune batek Kaliforniako arrantxo batean antilopeak eta basurdeak atrapetako aukerea emoten dau ordenadorearen sagua erabiliz.
Zerbitzu honen bitartez, piztiak harrapau daitekez errifle baten eta Texas-eko arrantxo bateko kameren bitartez; tresna biak etxetik erabili daitekez Internet-en eta zerbitzuak eztabaida sutsua sortu eragin dau animalien defendatzaileen eta legegileen artean.
Indiako Antilopeak, Afrika Iparraldeko ardiak eta basurdeak lasai antzean ibilten dira Estadu Batuetako San Antonio uritik hurren dagoan arrantxo honetan, baina ez dakie sarera konektatutako kamera eta errifle batek euren mobimentu guztiak zelatetan dauzanik. Kameraz bestaldean, San Francisco, Paris edo Bilboko zaratotsetik igesi, kaza zerbitzu honetan izena emonda dagoan internautea prest dago, sagua behin eta barriz ikutuz, fusila erabilten hasteko, ordenadoreko pantailan piztiaren bat agertzen bada. Negozio bitxi honek, ganera, izena dauka: urruneko kazea, ordenadore bidez.
Ontziratutako ehiza hau animalien defendatzaileen amesik txarrena bihurtzekotan dabil. Humane Society alkarteko buruorde exekutiboak, Michael Markarian-ek, adierazo dau ekimen hau “zitala eta doilorra dala, hiltzarrea, hatan be”. Markarian-i oso esanguratsua begitandu jako bere taldea Estadu Batuetan armen erabilkerearen defendatzaileak batzen dauzan Erriflearen Nazino Alkarte boteretsuagaz bat etorri izana. Alkarte honen bereizgarria ez da, jakina, animaliakanako begirune handia; dana dala, “tele-kazearen” kontra agertu da. Alkarteko bozeroailearen esanetan, milaka kilometrora dagoan piztia baten kontra tiro egitea ezin hartu daiteke bidezko ehizatzat.
Beste alde batetik, Humane Society alkarteak kanpaina bati ekin deutso honetan jardutea galarazoten dauen lege federal bat argitaratzeko. “Bildur gara beste estadu batzuetara zabalduko eten dan” zehaztu dau Markarian-ek. “Aurrekari hau izugarria da eta ez dauka zerikusirik kazearen kirolagaz” aitatu dau Debra Bowen-ek, Kaliforniako senadoreak eta jardun hau galarazo gura dabenetariko batek.