Bidaide  I. urtea // 12. zenbakia - 2002ko urriaren 15a - Hamaboskaria

Istanbul (I)

Europa, Asia ala bietatik zeozer?


Gauza jakina da Turkia Europako Batasunera batzeko ahaleginetan dabilena. Halan da be, Turkiaren eta Europako Batasunaren arteko tirabira eta konponezinak nahiko sakonak dira...

Argi dago Turkia Europako Batasunera batzeko aldagai ekonomiko, sozialak eta kultura arlokoak kontuan hartu behar dirana. Dana dala, Europako kide izateko benetako gogoa edo amorrua adierazoten dabe herritarrek. Ibilgailuetako matrikuletan TK siglak daroez azpian kolore urdina dabela, hemengo kotxeen antzera; hori bai, izartxuak falta jakez. Europar izateko gogo horren erakusgarri, zenbait inskripzino agiri dira, berbarako Turkiako Asia aldeko Bursa uria europar uria dala aldarrikatuz; kasu honetan, kartelotan izartxuak be agertzen dira. Horrezaz ganera, aitatu behar da euroa leku guztietan onartzen dabela eta, ez hori bakarrik, ordaintzeko erabilitako txanpona edozein herrialdetakoa izanda, bueltak eurotan emoten deutsuez. Turismoari eta inmigrazinoari esker, Turkia hurrago dago europarrentzat. Alemanian, berbarako, Turkiako inmigrante asko dago eta, horren ondorioz, herrialde bien artean personen joan-etorri handia dago. Bestalde, ezin ahaztu Turkia egundoko ahaleginetan dabilela egokitzapen ekonomikoa lortzeko; Turkiaren kokapen politiko-geografikoa be oso garrantzitsua da eta, egunotan, pil-pilean dagoan gaia da Iraken kontrako erasoaren ganeko kontuak zabal-zabal dabilzanean. Indar handiko herrialdea da, bere ohitura eta historiari uko egin barik, modernidadearen eta Europara batzearen alde egin dauena. Jakina, integrazinoa ez da erraza izango, besteak beste, 15 kidez osotutako Europaren kultureagaz eta ibilbideagaz eta ekialdeko Europagaz be zerikusi larregirik ez dauelako.

Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: German Etxebarria eta Jesus Aldama.


German Etxebarria, ekonomistea da ogibidez, baina historiagaz eta literatureagaz zehatz maiteminduta dago. Zati bitan aurkeztuko deutsuegun alkarrizketa honetan, alde bat Europan eta bestea Asian daukan uri bakarraren, Turkiako uri garrantzitsuenaren eta ezagunenaren ganeko zertzelada historiko eta kulturalak emongo deuskuz. Turkia beti izan da Europaren eta Ekialdearen, kristinautasunaren eta islamismoaren arteko lotura egiten izan dauena eta, duda barik, Istanbul da lotura garrantzitsu horren ezaugarri. German Etxebarriak goitik behera ezagutzen dau Istanbul, eta azken urteotan uriak bizi izan dituan aldaketak eta gorabeherak be hur-hurretik ezagutu ditu.

Istanbul kontinente bitan (Europa eta Asia) banandutako munduko uri bakarra da. Non igarten da gehien hori?

Istanbul uriak bere historiaren magia guztia ondo baino hobeto gorde dau, baina aro barriko uria be bada. Esan dozun legez, bakarra da kontinente bitan bananduta dagoana, eta hori erabagiorra izan da uriaren historian: greziarrek Bizantzio zaharra eregi eta aukera polita ikusi eben gaur egun 'urrezko adar' deritxon horretan portu handia eregiteko; gaur egun, ostera, uri modernoa da Istanbul. Oraingo aldia hobeto ezagutzeko oso garrantzitsua da atzera egitea. Istanbul ez zan Bizantzio bakarrik izan; Konstantinopla be izan zan, turkiarren 1453ko konkistearen aurretik, hau da, gaur egungo Istanbul uri turkiarra sortu baino lehen. Konkistearen eta kulturen metatze horreen eraginez, uriko alde kristinauan kristinautasunaren tenplu oso garrantzitsuak dagoz, berbarako Santa Sofia Katedrala edota irudi askoko mosaiko erraldoiak. Beste alde batetik, mundu musulmanaren eragina be handia da: meskiten uria esaten deutsie askok eta datu legez baino ez bada be, Istanbulen 2.000 meskita baino gehiago dagoz, horreetako batzuk mundu islamiarreko meskitarik berebizikoenak. Istanbulen kristinautasunaren, islamismoaren, erromatarren, gurutzaden eta turkiarren ezaugarriak topau geinkez eta, jakina, baita XIX eta XX. gizaldietako ezaugarriak be; ezaugarri horreek guztiak oso garrantzitsuak dira Ekialdearen eta Europaren arteko orekea lortzeko.

Euskal Herritik nahiko hur dagoan arren, Turkiaren ganeko eretxi edo jokabide okerrak asko dira: kasurako, turkiarrak arabiarrak eta integrista musulmanak dirala esatea astakeria galanta da; izan be, turkiarrak eta arabiarrak beti egon dira lehian. Turkiaren ganean sakontzeko Atatürk nor izan zan aitatzea komeniduko da...

Bai. Gaur egun Turkia zer dan jakiteko beharrezkoa da oinarrizko datu historiko batzuk jakitea eta, ezelako duda barik, Atatürk da horreetako bat; izan be, bera izan zan Turkia modernidadearen eta moderazinoaren bidean jarri ebana. Munduko lehen gerran Turkiak arabiar munduaren ganeko boterea galdu ondoren, Mustafa Kemal Atatürk izeneko laguna agertu zan, eta 10 urteko epean goitik behera aldatu eban herrialdearen norabidea: konstituzinoa aldatu eta estadu laikoa sortu eban, emakumeari eskubide zibilak aintzatetsi eutsozan, arabiar grafiak baztertu eta turkierak grafia latinoak hartu zituan eta Turkia independentziara bidean jarri eban. Turkia mendebaldera hurreratzearen adierazgarri, beste datu bat: Turkia NATO Erakundeko kidea da Espainia baino lehenagotik.