Liburu Eguneko nobedadeen aurrerapena
Txalaparta argitaletxeak itzulpen bi kaleratu ditu, biak be interesgarri eta gomendagarriak, autoreak ezagunak eta bikainak diralako eta itzultzaileak be ez diralako atzean geratzen: alde batetik, Dennis S. Milesen “Laguna” nobelea dago, Andolin Eguzkitzak itzuli ebana eta amodioaren gaineko gogoeta dakarzkuna. Andolin zanari modu bitxian agertu jakon liburu hau itzultzeko aukerea: Dennis S. Miles Kuban jaio zan, baina Estadu Batuetan bizi da aspalditik. Bertan ezagutu eban Andolin Eguzkitzak, 1986an. Milesek ingelesez idatzitzako “The Companion” nobelea itxi eutsan Eguzkitzari, ha irakurri eta bere eretxia emon eutson. Andolinen anaia Iñakik esan ebanez, “Andolini asko gustau jakon maitasunaren gaineko Milesen nobela ha, maitemindu egin zan obra haregaz, eta atzera Euskal Herrira etortean, ha euskaratzea eta hemengo argitaletxeren batek kaleratzea baino ez eukan buruan”.
Aitatu dogun beste itzulpena be kategoria handikoa da: “Julio Cortazar. Antologia apetatsua” izenburupean eta Jon Alonsoren itzulpenagaz eta aukeraketagaz. Alonsok berak autortzen dau ze erispide erabili dauen antologia hau osotzeko: “antologia hau apetatsua da, izan be, antologia-egilearen kapritxoa baino ez da berau atontzeko erispidea”. Halanda ze, bestelako handinahi barik, Alonsok Cortazarren ipuinak hartu ditu aintzat, argentinarrak beste hainbat genero landu zituan arren: poesia gitxi, antzerki-lan bat, lau nobela, ipuin mordoa eta sailkapen gatxeko testu moltso handia, saiakera, poesia eta narrazinoaren arteko eremu berezikoa, beti be Cortazarren mundu ikuskerearen erakusgarri fidela.
Argitaratuta dagoz, era berean, Elkarreko liburu batzuk: tartean, Joxe Aranzabalen “Medikuak esan dit minbizia dudala” arrakastatsu eta hunkigarria, Bizkaie!-ren 101. zenbakian zabalago aztertu genduana alkarrizketa baten bidez. Daborduko liburu-dendetan dagoan beste bat Asel Luzarragaren bigarren nobelea da, “Karonte”, Igartza Saria irabazitakoa eta laster egileagaz egindako alkarrizketa luzeago baten ekarriko deutsueguna lerrootara. Ez testigantzea eta ez nobelea, Elkarrek oin arte argitaratu dauen hirugarren liburua saiakerea da: “Bidegorriak hizkuntzentzat (Euskarazko komunikazio-esparrua trinkotzeari buruzko burutazioak)”, Aitor Zuberogoitiarena. Hain zuzen be, liburuaren oinarrian Zuberogoitiaren doktore-tesia dago, eta, labur esateko, aurkeztu deuskun lanak euskereak prentsa abertzale elebidun garaikidean daukan presentzia ikertzen dau.
Horreek liburu-dendetan topau geinkezanak. Argitaratzeko prest dagozanen artean, barriz, sano gauza interesgarriak dagoz. Egin daigun laburpena.
Elkar argitaletxeak dauka eskaintzarik zabalena: Iñaki Irasizabal iurretarrak “Mendarora txokolatetan” thrillerra idatzi dau, eta barriro jatorku literaturearen plazara, azken lau urteotan beti zeozer argitaratuta. Oin arte idatzi dauen azken lana igazko “Burua txoriz beterik” nobela laburra izan zan. Xabier Mendiguren Elizegik be, nekaezin, “Bihotz gosetien kluba” nobela labur eta ipuinen bilduma zabala argitaratuko dau, eta autobiografia eta saiakera arloetan hainbat liburu idatzi ostean, barriro bueltau da fikzinora, gorabehera sentimentalen inguruko lan honegaz. Maiatzaren amaieran, barriz, Julen Garikanopeñak “Apologia” eskainiko deusku, hiru istorioz osotutako triptikoa, Markos Zapiainen hitzaurreagaz. Gainera, poesian, Martin Etxeberria zarauztar gazteak “Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin” liburua argitaratuko dau, eta, hizkuntza “poetikoari” iges eginda, egunerokotasunaren itxureagaz, sentimentuak izango dira Etxeberriaren gaia, bere bigarren liburua dan honetan. Elkar argitaletxeagaz amaitzeko, Edorta Jimenezek “Robert Capa” biografia erakargarria kaleratuko dau, foto-kazetaritzearen aita izan zanaren gainean. Gazteentzako be badago libururik, tartean Fernando Morillok eta Joan Mari Irigoienek argitaratuko dituezanak.
Txalapartak, barriz, Abelin Linazisororeren “Aitortza” plazaratuko dau, literaturan lau urteko isilaldia egin ostean, 2001eko “Iraganean galdua” haretatik. Xanti Zapirainen “Bizi behar dugu” liburua eta, batez be, Patxi Zabaletaren “Eneko Haritzaren hilobia” irakurle askok eta askok itxarongo dabe, zazpi urte joan dira-eta jarraitzaile fidelak daukazan idazle eta politikariak “Errolanen harria” argitaratu ebanetik. Azkenik, oihartzunik barik pasauko ez dan beste liburuetako bat, inongo duda barik, Aitor Aranaren “Gay hiztegia” izango da.
Amaitzeko, liburu interesgarri bi, Susaren eskutik: alde batetik, Itxaro Bordaren “Zeruetako erresuma” nobelea, eta bestetik Urtzi Urrutikoetxearen “Auzoak” ipuinak. Bilbon kokatutako ipuinokaz, Santutxuko idazleak narraziora egin dau salto, poesiatik apur baten urtenda. Duda barik, gomendio erakargarria eta kontuan hartzekoa Susatik jatorkuna.
Julen Gabiria
Apirilagaz batera, urtero lez, Liburuaren Eguna be helduko da gugana, hain zuzen be hilaren 23an. Eta urtero lez, Bizkaie!-k errepasoa egingo deutse egun horretarako beren-beregi (edo ia) argitaratuko diran liburu barriei.
Izan be, Durangoko Azokearen ostean geldialditxoa hartzen dabe argitaletxeek, eta udabarriaren bueltan hasten dira nobedadeak labatik ataraten, martian goiztiarrenak eta apiriletik aurrera beste guztiak.
Hori holan dala, argitaletxe guztien atean jo dogu, udabarrirako zer preparau daben itauntzeko, eta danen erantzuna jaso ez badogu be, Txalaparta, Elkar eta Susaren nobedadeen barri emoteko moduan gagoz. Halanda ze, Liburuaren Eguneko standetara joateko asmoagaz bazagoze, hementxe dozue topauko dozuenaren aurrerapena.
Liburu horreetako batzuk argitaratuta dagoz daborduko, eta horreen errepasoagaz hasiko gara.