Bidaide  IV. urtea // 104. zenbakia

Aurrekontuak agintzen dau


Aholkuak

Asia, Afrika eta Hego Amerikako biajeen aurrekontuko zati handiena hegazkin-txartela izaten da. Ipar Amerikakoetan eta Europakoetan, ostera, ez horrenbeste, baina ostalaritzako prezioak askozaz be altuagoak dira. Preziorik onenak topetako, bidaia-agentzia ugaritara joatea da onena, gero prezioak konparetako. Nik uste dot Bilboko Tagus Viajes (Rodriguez Arias kalea), Halcon Viajes eta Lufthansa City Centre agentziek zerbitzu ona eta prezio onean eskaintzen dabela. Europa barruko ibilbideetan, Interneten aukera parebakoak topau geinkez, baina kontinentearteko biajeetan, barriz, ez. Hegazkin-txartela denporaz erosten badogu asko aurreztu geinke, ia 300 euro inguru, beti be ibilbidearen arabera.

Egonaldiari jagokonean, norberak gura dauen erosotasun-maileak eragin zuzena dauka aurrekontuan. Izardun hotelak, orokorrean, nahiko karuak izaten dira eta, ganera, askotan agentzia bidez egin behar da erreserbea. Hau batez be maila handiko hoteletan pasetan da. Hostalen kasuan, onena batzuetara joatea izaten da prezioa negozietako (Asian eta Afrikan tratua derrigorra da). Askotan, bi lagunentzako logelea 10 euroren truke topau geinke. Hori bai, inork be ez dagiala suite batean lo egingo dauenik pentsau. Europan eta Ipar Amerikan, hoba da erreserbea Bilbotik egitea, aurretik hartuta, hostalen eta hotelen prezioen desbardintasuna oso txikia da eta. Askotan, ganera, hotelak merkeagoak izaten dira.

Barruko ibilbideetan, beste alde batetik, autobusen eta trenen prezioak konparetea ona izaten da. Batzuetan, desbardintasun nabarmena egoten da prezio aldetik eta erosotasuna antzekoa izaten da. Garapen bidean dagozan herrialdeetan konpainia ugari egoten dira ibilbide bera egiteko. Ibilgailuen egoerea zelakoa dan ikusi ostean, tarifak konparau eta aurreztea posible dala konturatuko gara.

Trukoak

Herrialde batzuetara joatea karua da eta persona bakotxeko egunean 60 euro gastau behar izaten da derrigorrez. Hortik ezin leike bajatu. Herrialde honeetara joateko (Japonia, Ingalaterra, Australia, Estadu Batuak...) eta diru apur bat aurrezteko, ezinbestekoa da aurretik gauzak ondo zehaztea eta, egia esateko, zorte apur bat eukitea. Truko txikitxu batzuk badagoz, pagetako erabiliko doguzan moduak dibisakaz konbinetea berbarako. Euroa inozkorik egoera onenean dago (ia 1,34 dolarretan) eta hoba da esku-dirutan eroatea, dolarrakaz eta kreditu-txartelakaz batera. Diruaren gorabeheren aurrean zeozelako babesa emongo deusku eta, horrek, eragin zuzena eukiko dau gure aurrekontuan. Adibide garbi bat: 2001ean Asiako hego-ekialdera joan nintzan eta dolarra 202 pezetan egoan (1,21 euro). Bertako dibisak oso altu egozan eta Tailandiako hotel baten, berbarako, gau bakotxeko 6,3 euro pagau behar ziran. Ostera, pasa dan urtean, dolarra 0,90 euroan, hotel berean 4 euro baino ez ziran pagau behar. Aspaldion, aldea askozaz be nabarmenagoa da (dolar 1 = 0,75 euro) eta, horregaitik, urte honen amaieran bidaiaren bat egiteko asmoa daukienek dolarrak erosi beharko leukiez, aurrekontuaren zati bateri jagokozanak behintzat (dana ez). Holan, dolarrak gora egiten badau, eurei ez deutse kalterik egingo eta, gehiago esatearren, dirua irabaziko leukie. Bere horretan segiduten badau edo behera egiten badau, beti daukagu euroak eroateko aukerea, ondo etorriak izaten dira eta. Holan, hilabeteko biajea egiten badogu Asian eta azken aldiko gorabeherak kontuan hartuta, personako 450 euroraino aurreztu geinke truko honegaz. Bidaia prepareteari denpora apurtxu bat eskaintzea da kontua.

Kreditu-txartelak aproposak dira hotelak edo hegazkin-txartelak pagetako, baina ez dirua atarateko. Izan be, ataraten dogunaren % 4 komisinoetan pagau beharko dogu. Euroa sendo dagoan sasoian, kreditu-txartelagaz asko aurreztu geinke, azken aldian berbarako.

Biajean gagozanean, edozein dibisaren balioa zein dan jakiteko, www.oanda.com Interneteko webgunera jo geinke, bertako FXCurrency Converter atalera hain zuzen be. Bertan, edozein dibisaren aldaketen barri eukiko dogu. Jarraipen txikitxua egin ezkero, euro batzuk aurrezteko aukerea eukiko dogu eta, zergaitik ez, honeei esker egun batzuk gehiago egon ahal izango gara kanpoan. Beti be aurretik egindako plangintzeari esker.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Gura dauenak ahal dau. Gaur egun, globalizazinoak eta gure bizi-maileak munduko edozein lekura joateko aukerea eskaintzen deuskue. Orain, ez dago atxakiarik. Ia danoi gustetan jaku biajeak egitea, baina nazinoarteko ibilbidea preparetako, prezioa oso kontuan hartu behar da. Askotan galdetu izan deuste ia zelan dan posible horren urrun dagozan herrialdeetara hain diru gitxigaz joatea. Horregaitik erabagi dot artikulu hau idaztea, batez be itaunei erantzuna emoteko eta bidaiariei truko batzuk erakusteko.

Lehenengo eta behin, derrigor ezagutu behar dogu joango garan lekua. Ez badogu ezagutzen, behar ez diran gauzak egingo doguz askotan, ezjakintasuna dala-eta. Horregaitik, Lonely Planet gidak oso erabilgarriak dira. Kulturearen eta gizartearen ganeko informazinoak ez deusku horrenbeste lagunduko, baina datu praktikoak oso aproposak dira, batez be aurrekontua egiteko. Bene-benetan dinotsuet aurrekontua ezinbestekoa dala. Biajean gitxi gorabehera zenbat gastauko dogun jakiteko balioko deusku aurrekontuak. Oso erraza da: hegazkin-txartela + logelen prezioa + otorduen prezioa + barruko ibilbideak + guztiaren % 30, ustebako kontuetarako eta bestelako gastuetarako. Datu horreek guztiak gidatan daukagun informazinoagaz bete ahal doguz eta gitxi gorabeherako prezio horrek diru kontua hobeto antolatzen lagunduko deusku.