Eremu urriko hizkuntzak: horreek barik hobeto ete?
'Hizkuntza bakarra izatea askozaz be merkeagoa da'
Beste era batera esanda, ‘danok neure hizkuntzan egingo bagendu’: norbere interesen aldeko argudioa. Benetan gitxi dira mundu zabaleko elebakartasunaren alde ama-hizkuntzea sakrifiketako prest dagozanak. Gauzak holan dirala, danok ingelesa ikasi beharko geunke (edo agian txinera). Jakina, mundu osoan zehar ei dagozan sei mila inguru hizkuntzak bakar batera murriztea berez prozesu karua izan leiteke eta ez ‘askozaz be merkeagoa’. Babelgo mitoaren bertsino modernoa da, hizkuntza desbardinak berba egiteagaitik eraginkortasuna galtzen dogun ustea.
'Holako hizkuntzak bizibarritu eta ebitauezina ebitau gura izatea denporea, dirua eta ahalegina alperrik galtzea baino ez da’
Ideia honen arabera, ‘hizkuntza-osasuntsuena-garaile’ lako darwinismo soziolinguistikoaren aurrean gagoz, galtzaileentzat triste, baina ebitauezina. Egia izan leiteke hizkuntza jakin bat edo, hobeto esanda, hizkuntza horren hiztunak katastrofe natural batek suntsitu dauzela; baina, normalean, hizkuntzak sustatzeko edo, gehienetan, ahultzeko, gizakion erabagiak egon ei dira. Hainbat eta hainbat erabagi hartu izan dira, ganera: Biblia zein hizkuntzatara itzuli behar zan, hizkuntza horreetan liburuak inprimidu ahal izateko erregearen edo besteren baten baimena behar ete zan, eskolan zein hizkuntza erabili behar zan eta zertarako...
Jakina, alderantzizkoa be egia dogu: hizkuntza-heriotza bizkortu bageinke, hizkuntza bizibarritzea be bai, neurri batean behintzat. Gainera, berpiztutako edo bizibarritutako hizkuntza batzuen kasu arrakastatsuak daukaguz begien aurrean: Israelen hebreera, Quebecen frantsesa...
‘Holako hizkuntzek barru-barruan daroe bizirik irauteko desegokitasuna: horrexegatik dagoz hilten’
Era horretako aurreretxiak arin bota ei dabez bertan behera hizkuntzalaritzako testu-liburuek. Emon daigun adibide bakar bat, Lyons-ena (1977: 45): Kontua da ezin dala esan hizkuntza bat beste bat baino aberatsagoa danik: hizkuntza bakotxa bere hiztunen ardurak adierazoteko egokituta dago eta.
‘Euren hiztunek be ez dabez hizkuntza horreek balioesten’
Zenbait kasutan, eremu urriko hizkuntza baten hiztunek, nahita edo nahi barik, etsi egiten dabe: ez deutsee hizkuntza transmitiduten euren seme-alabei eta euren ingurunean nagusi dan hizkuntzea lehenesten dabe. Holako jarrerak orain belaunaldi bat edo bi oso zabalduta egozan euskaldunen artean eta, oraindino be, ingurune edo hiztun-talde batzuen artean topau daitekez. Edozelan be, bidebakoa da berbakera-aldaketearen biktimei egoztea holako indarrei amore emotearen errua. Holako jarrera negatiboak presino sozial eta ekonomiko izugarrien emoitzea dira normalean. Gehiago esatearren: batzuetan, bai Euskal Herrian eta bai Galesen pasau dan lez, indarkeria fisikoaren edo haren mehatxuaren emoitzea.
Boterea gugan dago!
Xabier Paia
Galdera hori bera egiten dau Nick Gardner Bridger Eusko Jaurlaritzearen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen Erabilera Planak Sustatzeko arduradunak ALTEk (Association of Language Testers in Europe, Europan hizkuntza-azterketak egiten dabezan erakundeen alkartea) joan dan zemendian Bilbon antolatutako bileran egindako aurkezpenean. Testu luze eta interesgarria da Gardnerrek egindakoa, baina lar luzea danez, bertako zati baten sintesia egiteari ondo eretxi deutsat, euskaldun dudadunen izatea oinarri barik ixteko asmoz. Horretarako, ondoko lau mitoen aurkako argudio sendoak emoten dauz.
Gaur egun badakigu zein hizkuntza dan indartsu, zein ahul, zein eremu urrikoa eta zein eremu zabalekoa. Eremu urriko hizkuntza horreen hiztunek euren hizkuntzea bizirik mantendu gura izaten dabe, hizkuntza horreen alde gogor egiten dabe lan eta horretarako laguntzinoa eskatzen dabe. Aurrerapauso hori emoteak ez dauela merezidu erakusteko eta jentea horren kontra konbenziduteko hainbat arrazoi erabilten dira: