Musikea  IV. urtea // 104. zenbakia

Cream eta Eric Clapton zuzenean barriro


Bizkaie!

Eric Clapton gitarrista ospetsua eta Cream talde mitikoa barriro alkarregaz ikusteko aukerea egongo da laster. Talde ezagunak lau emonaldi eskainiko ditu Londresen datorren hilean. Sarrera guztiak agortu dira daborduko eta, orain, sarrera baten truke saltokietan 187 euro pagau ebezanek ia 3.000 euro eskatzen dabez merkatu beltzean.

Kontuak kontu, 60 urte bete dituala eta, Londresen lau kontzertu eskainiko ditu Eric Claptonek Cream taldeagaz. Atara kontuak, orain 36 urte banandu zan talde ospetsua, eta barriro taula gainean izango da maiatzaren 2tik 6ra bitartean Londreseko Royal Albert Hall aretoan.

1968ko zemendian jo eben areto horretan azkeneko aldiz alkarregaz Eric Claptonek, Jack Bruce baxu-jotzaileak (61) eta Ginger Baker bateria-jotzaileak (65).

Gazterik hasi zan Clapton gitarrea joten eta lehenengo gitarrea 13 urtegaz euki eban; amomak Spanis Hoya gitarra akustikoa erregalau eutson eta berehala bluesaren magiak erakarrita ibilibide oparoa izango zanari ekin eutson.

Gitarristearen kanturik ezagunenetarikoa George Harrisonen emaztean inspirauta osotutako 'Layla and Other Assorted Love Songs' diskoko 'Layla' izenekoa da, Derek and the Dominos taldeagaz kantetan ebana, hain zuzen be. Clapton arrakastearen puntan ibili zan 60. hamarkadan Yardbirds taldean eta aurrerago nazinoartearen mirespena jaso eban Cream taldeagaz. Bakarlari lez be ospe handikoa izan zan 70 eta 80. hamarkadetan. Dana dala, Eric Claptonek arazo handiak izan ebazan alkoholagaz eta beste droga batzukaz gaztaroan. Arazo horreek gaindituta, Claptonek adierazo dau oraintsu ez ebala pentsetan 60 urtera helduko zanik be.

Horrezaz gainera, gitarra-jotzaile ezagunak autortu egin dau 'arazoak hasiera-hasieratik izan ziran taldean, besteak beste, taldekideak kontroletea ia ezinezkoa zalako eta hori berehala atzemon neban lehenengo ensaioetan', esan dau.

Edozelan be, banandu ondoren, Clapton, Bruce eta Baker 1993an barriro alkartu ziran Cream taldea Los Angelesen, Rock and Roll-aren aretoan sartu ondoren. Orduan, White Room, Crossroads eta Sunshine of our Love kantuak abestu ebezan.

Orain, barriz, Cream eta Clapton alkarregaz taula gainean maiatzean agertuko dira barriro eta kontzertu historikoa izango dalakoan gagoz.