Barriketan  IV. urtea // 104. zenbakia

Aitor Zuberogoitia: 'edozein hizkuntzak erabilera esparru esklusiboak behar ditu garapenerako'

Orain pare bat urte aurkeztutako ‘Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean’ doktorego-tesiaren zeozelako laburpena da Aitor Zuberogoitiak argitaratu barri dauen ‘Bidegorriak hizkuntzentzat (Euskarazko komunikazio-esparrua trinkotzeari buruzko burutazioak)’ liburua. Urteetan komunikabideetan kazetari beharrean ibili ostean, gaur egun kazetaritzako ikasleak trebatzen dabil EHUn.

1.- Tesian 30 bat urteko tartea aztertu zenduan. Zein izan da eboluzinoa?

Prentsa elebidunean, euskerearen presentziaren ganeko eboluzino kuantitatiboa oso argi dago, izan be, atzeraka joan da nabarmen. Datu batzuk aitatuko deutsudaz: 1978an Egin sortu zanean, euskerea zan orrien % 1ean nagusi eta handik 20 urtera, % 5ean zan nagusi; kasu hori salbuespena izan da ze ganerakoan, jokerea euskerearen presentzia urritzearena izan da. Kasu nabarmenena 86an sortutako Ekaitza izan da; urte horretan, orrien % 18an euskerea zan nagusi baina handik 15 urtera % 10era joan zan portzentajea. Bardin aitatu neikez Gara, Le Journal eta Enbata. Kasu baten be ez dau gora egin euskerearen presentziak eta gehienetan behera egiten dau ganera.

Beste ondorio batzuk be atara geinkez, berbarako, gehienetan euskerea ‘euskal’ gaiei buruz berba egiteko baino ez dala erabilten eta ez, ostera, burtsa, ekonomia zein nazinoarteko barrietarako.

Edozelan be, oro har, orain 25 urteko kazeta elebidunetako euskerazko testuak gaur egunekoakaz konparauta, gaur egun hobeto idazten dala esango neuke, batez be, euskera hutsez funtzionetan daben komunikabideetan eskola bat, dinamika edo ohitura bat sortu dalako euskeraz idatzi eta irakurteko. Hau ez da ikerketan oinarritutako datua eta nire uste apala baino ez da.

2.- ‘Elebitasun harmonikoa alde biko txanpona airera jaurti eta ertzekera jaustea da’, zita horregaz hasten da liburua. Elebitasuna utopia dala pentsetan dozu?

Funtsezko bereizketa bat egin behar da: elebitasun indibiduala eta elebitasun soziala. Eleaniztasun indibiduala onuragarria da duda barik, zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobeto danontzako eta gu lako hizkuntza komunidade txikientzat arrazoi handiagoagaz. Liburuaren azken zatian, euskerea giltzarri dan gizartean persona eleanitzen aldeko jarrerea erakusten dot nabarmen; beste kontu bat da, barriz, hizkuntza bi egotea maila sozialean ze normalean bat bestearen gainetik jarten da. Elebitasun sozial orekaturik ez da ezagutzen literatura soziolinguistikoan behintzat, ezta Suitzan be.

Edozein hizkuntzak erabilera esparru esklusiboak behar ditu garapenerako eta, esangura horretan, horixe defendiduten dot: euskerea nagusi izango dan gizartea baina hiztun eleanitzakaz.

3.- Aitatutako tesiaren ondorioetako bat, euskerearentzat prentsa elebiduna aho biko ezpatea dala izan daiteke...

Aho biko ezpatea dinot gitxieneko batzuk bermatu egiten jakozalako euskereari eta, beraz, gitxieneko presentzia segurua dalako; pasetan dana da presentzia hori beti maila horretan geratzen dala, gehienez jota % 15 inguruan. Horrek esan gura dau hortik ez dauela inoiz gora egingo eta, jakina, % 85 erderearentzat gordeta dagoala. Horrezaz ganera, lehen esan deutsudan lez, betiko gaiak jorratzeko baino ez da erabilten euskerea eta aurrerabidea nekosoa da.

Horrezaz ganera, batzuk pentsetan dabe, zorionez gero eta gitxiagok, egunkarietan betiko euskerazko zutabea edo dosia badaukiela eta horregaz konformetan dira. Luis Vicente Aracil soziolinguista kataluniarrak esaten dau, barriz, gitxienekoen azpitik dagozan kopuruakaz konformetea folklorizazinorako autopista zuzena eregitea dala. Euskereak azpikategoria izateari itxi eta uniberso izatea lortu beharko leuke.

4.- Hizkuntza edo bariedade bietatik bat besteari gainjartzen jakonean, egoera diglosikoa dogu. Hizkuntza gitxitua normalduko bada, jatorriz harenak ziran esparruak inbadidu dituan hizkuntzak atzeraka egin beharko dauela dinozu liburuan. Holan esanda, gogor emoten dau, ezta?

Bai, baina holan da. Kontua ez da gaztelania ukatzea edo erasotea, erderea be hemengoa da eta hizkuntza estimadua baina batek lekua irabazten badau besteak galdu dauelako izango da; inorenaren kontra egin barik, norberarena eregitea da kontua eta, ahal dala, jakinmina eragitea. Txepetxek be adierazo izan dau hizkuntzearen erabilera eremua zabala bai baina beti dala mugatua eta lurralde bereko hizkuntza bi edo gehiagoren kasuan, ezinezkoa dala intensidade bera aktibetea danentzako; esangura horretan, hizkuntza jakin baten egoerea normala ez danean, zeozelako orekea lortu nahi bada, nahitaezkoa dala hizkuntza horrek erabilera eskubideak errekuperetea eta, jakina, horretarako, beste hizkuntzak erabilera eremuak urritzea.

Berba gogorrak dira baina logikoa be bada, ze inoiz Txurdinagan euskereak aurrera egiten badau, erdereak atzera egingo dauelako izango da; hori bai, argi itxi gurako neuke gizartearen borondatearen kontra ezin dala egin ezer; prozesua ahalik eta modu naturalenean eta tensino barik bideratzea komeni da.

5.- Euskera hutsezko komunikazino-esparru autozentratua eregi behar dala nabarmentzen dozu liburuan. Zeintzuk izango litzatekez horren ezaugarriak?

Kataluniako kasua aitatuko deutsut. 1998an erabateko gehiengoagaz onartu eban parlamentuak zine aretoetan erabilera-kuotak ipintea. Kontua da ze munduko sei produktora nagusiek uko egin eutsela erabagiari; enpresa horreen urteko fakturazinoa Kataluniako barne produktu gordina baino askosaz handiagoa dala eta etekin ekonomikoei baino begiratzen ez deutsela kontuan hartuta, gobernuak baldintza gogorrak jarri ebazan, besteak beste, katalunierari berebiziko garrantzia emonaz. Horri esker, bertako komunikabiden sarea nabarmen indartu zan eta gaur egun ia oso-osoan katalunieraz funtzionetan dabe.

Gurera etorrita, Kataluniako bidetik jo beharko geunkela pentsetan dot. Euskaldunon ondare kulturalean oinarrituta, nortasun propioagaz eta inguruaren preminei erantzungo deutsen komunikazino zirkuitoa eregi behar dala baino ez neban esan gura euskera hutsezko komunikazino-esparru autozentratuaren beharra aitatzen nebanean.

6.- Euskal Herrian erderazko prensa eta komunikabideak dagoz zabalkundearen eta audientziaren buruan. Zelan buztartu euskerearen eta erderearen errealidade biak?

Bakotxak nahi dauena egin leike, inorena zapuztu barik. Erderazko komunikabideek eta prentsa elebidunak euren logika propioa daukie, hori ez dago ukatzerik, baina euskeraz funtzionau gura daben komunikabidek ezin dira jausi logika horretan ze bestela hareek ahaleginduko dira eurena jagoten eta euren merkaduari erantzuten; beraz, euskerazko komunikabideak saiatu behar dira euren logika propioari erantzuten. Behe-Nafarroako Amikuzeko kasua bitxia da, benetan; euskeraz % 10 baino gitxiago egiten dala ikusita, hango abertzaleak aldizkari bat ataraten dabe, euskeraz % 10 baino gitxiago dakarrena, gizartearen errealidadeari erantzunez. Irulegi Irratiak, barriz, beste logika bat erabiliz, Amikuzen euskerea ahul dagoala ikusita, estudioa hantxe zabaltzea erabagi eban, baldintza objetiboak hobetzeko euskerazko komunikabideak indartzea nahitaezkoa dala pentsaurik.

Beste alde batetik, Lapurdin Radio Adour (euskereak folklorerako eta mezarako baino ez dau balio) eta Gure Irratiaren (euskera hutsezko irratia) logikak be sano desbardinak ziran. Duda barik, euskerea eta euskal komunikabideak indartze aldera, bigarren eredu edo logika horren alde egin behar da.


6.- Interneten dagozan euskal komunikabideak gero eta gehiago dira. Sareari zerenbesteko garrantzia emoten deutsazu?

Luistxo Fernandez zuzen dabilela pentsetan dot, izan be, Sarea tresna ederra da edozein gai eta merke jorratzeko. Publikazinoak atarateko eta munduan sakabatuta dagoan euskal komunidadea trinkotzeko be sano garrantzitsua da. Papelezko aldizkari espezializatuak oso karuak dirala kontuan hartuta, Interneten erraz eta merke egin daitekez eta zergaitik ez euskeraz? Jakina, Sarean tangada txiki bat baino ez gara, batez be, inglesez dan itsasoan baina aukerak eta arriskuak batera datoz bizitzearen egoera danetan lez eta arriskurik hartu ezean...

7.- Sarri entzun dogu azken boladan, indarrak batzearen preminearena. Sinergia bilketa horretan zeintzuk izango litzatekez jarraibideak?

Oinarrizko printzipioa komunikabide bakotxaren autonomia eta nortasuna errespetetea da. Alkarlana ez da inondik inora alkarjana izango eta, beraz, bestearen onarpen eta errespetuan oinarrituta, proiektu komunak errazago bideratuko dira. Berbarako, orain kontua geldi dagoan arren, Arrosa proiektuaren inguruan, irratiak hasi ziran mobiduten, tokiko aldizkari asko bildu ziran Topagunearen inguruan eta EKTk be, Hitza lako esperientziakaz alkarlana garatu dau tokiko eragile batzuekaz; horrezaz ganera, tokiko telebistak, tartean Bizkaiko Urdaibai Telebista Tokiko izeneko egituran federau dira...

Kontuak kontu, aurreko esperientza horreen balioa eta eragina ukatu barik, apur bat haruntzago joan behar garala esango neuke eta alkarlan horretan gehiago sakondu behar dala.

8.- Tesia eta liburua atontzen ibili zinaneko ze anekdota edo ze pasadizu nabarmenduko zeunke?

Aparteko konturik ez. Hasieran, Le Journal existiduten ez zanez, tesian ezin neban sartu, jakina, baina idazten nenbilela sortu zan eta, beraz, hau be ikertu dot. Era berean, akordetan naz Egunkaria oraindino bizirik egoala eta tesia irakurri baino apur bat lehenago zarratu ebela. Hitza-k be orduntxe sortu eta gorabehera batzuk izan ziran Topaguneagaz; ikerlana, beraz, sasoi edo bolada korapilatsu eta mobimentu handikoan eginda dago.

9. Saltsa askotan sartuta zabiz eta oraintsu EHUn eskolak emoten hasi zara. Ze proiektu darabilzu buruan?

Bai. Unibersidadean jarduera partzialean nabil eskolak emoten eta libre geratzen jatan denporan, anaiagaz batera nabil beharrean; Bilboko Udalean proiektu bat aurkeztu genduan bere sasoian: 'Bilboko Euskera. XX. mendeko historia' eta horretan buru-belarri gabiz. Ikusten genduan asko saldu dala Bilboren irudi liberala (Unamuno, El Sitio...) eta hori ukatu barik zeozelan erakutsi gura dogu Bilbon euskerea be presente egon dala historian zehar, XX. mendea ez dala salbuespena izan eta gerreagaitik euskerearen berpizkundea eten arren, gerra osteko birloratzea zelan gauzatu zan ikertu gura dogu eta ezustekorik ezean, uretebete barru aurkezteko moduan egongo garala uste dot.

Koldo Isusi Zuazo