Kulturea  I. urtea // 12. zenbakia - 2002ko urriaren 15a - Hamaboskaria

Euskal musikagintzako dinosauroak eta dinosauro izateko bidean dagozanak


Geure-geureak diran dinosauroak

Euskal Herrian be badagoz dinosauro batzuk (Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Fermin Muguruza...), diskoak polito saltzen dituenak ganera.

Benito Lertxundi:

Benito Lertxundik 60 urte ditu eta 37 urte inguru daroaz kantuan; tarte horretan, disko partidea grabau dau. Luzaroan isilik egon ostean, oraintsu kaleratu dau 'Nere Ekialdean' diskoa Orioko musikariak.

1. Sortzaile legez, hirurogei urteak eta urteotako esperientzia zer dira gehiago kargea ala lagungarri?

Begira, munduan gauza bi dagoz: beharra eta zigorra, eta ni neu beharragaz oso gustura nabil; beharra oso aberasgarria da niretzat, eta bizitzako beste kontu batzuekaz batera, bizitzen laguntzen deustana. 'Gustuko bidean aldatzik ez' dakar esaera zaharrak eta nire kasuan holantxe da bete-betean. Beharra eta esperientzia ez dira kargea inondik inora.

2. Disko barriaren hiru zertzelada.

98an 'Auhen Sinfonikoa' kaleratu arren, 96an 'Hitaz Oroit' diskoa grabau nebanetik orain arte kantu barriak sortu barik egon naz eta, beraz, aspaldiko egitasmoa da 'Nere Ekialdean'. Hamaika kantu barri dira eta ia-ia erdiak, 5 kantu, Fernando Pessoaren olerki musikatuak, ze mirespen handia daukotsat. Oso disko landua da, aberatsa moldaketa eta sentimentuetan. Disko honetako kantuak ekialdeko haizeagaz bat datoz, suabeak dira erritmo zein pausan, itxaropenaren olatuak gozotzen dituen kaio zuriak dira. Sentimentu liriko eta estetikoez ganezka datorren diskoa da. Sekretu bat kontauko deutsut: disko honetan badago kanturen bat hari nagusiagaz zerikusi larregi ez dauena, konturatu barik iges egin deustana. Zein ete da?

3. Euskal musikagintzako dinosaurotzat ikusten dozu zeure burua?

Aspaldikoak gara, eta hori ez dago ukatzerik, baina dinosauro ete nazan itaundu deustazu eta, alde batetik, ezetz esango neuke, oraindino hemen gagozalako; bestetik, baietz erantzun behar neuke, dinosauro berbeak musika arloan dauen esangurea kontuan hartuta.

Aurkezpen kontzertua: Bilboko Euskalduna Jauregian zemendiaren 30ean.

Fermin Muguruza:

Fermin Muguruza gazteagoa da; 39 urte ditu, baina saltsa askotan ibilitakoa (Kortatu, Negu Gorriak, Fermin Muguruza eta Dut, eta azken urteotan bakarka; danetara, taldeagaz eta bakarka 20 disko atara ditu, azkena egunotan: 'In-komunikazioa' Jamaikako erritmoakaz, soul, rap, drum'n'bass, dub eta bestelako soinuez jantzita.

Aurkezpen kontzertua: Anoetako Belodromoan zemendiaren 30ean.

Mikel Urdangarin

Beste alde batetik, dinosauro izateko bidean, gustura dabil 30 urteko Mikel Urdangarin. Egunotan kaleratu dau zornotzarrak bere 5. diskoa: 'Heldu artean'. Disko autobiografikoa. Esperientziak emoten dauen nasaitasunagaz, hasikerako etapako intimismora eta intuizinora bueltau jaku, baina folk akustikoaren bidea galdu barik. Eguneroko gauza txikiak, pasadizoak handi bihurtzen ditu kantuetan Mikelek eta 'Maiatza' Kirmen Uriberen hitzakaz egindako kantua kenduta, ganerako guztiak Mikelek sortutakoak dira, horreetako bat katalanez ganera. Oraingoan, goitik behera erabarritutako taldeagaz dator.

1. 'Heldu Artean', hasikerako denporetara bueltau eta aurrera begira egindako diskoa. Zelan buztartzen dira lehenaldia eta etorkizuna?

Egia da Espilue diskoagaz lortutakoa ikusita, bide horri jarraitzea izan eitekeala logikoena, baina barrura begira egindako diskoa da hau, intimoa, autobiografikoa esan daiteke. Familia, lagunartea, bidean geratu diranak, ahaztutako lagunak eta Euskal Herriak bizi dauen egoerea izan dira disko honen inspirazino iturri. Laino baltza dago gurean orain, baina noz edo noz argia ikusiko dogulakoan nago. 'Heldu artean' izenburuak berak dakarrenez, sasoi hobeak heldu artean zain egon barik, momentua bizitea da botikarik onena, bizimodu zoroari zeozelako zentzuna emoteko.

2. Disko asko saltzen eta kontzertu asko emoten zabilz. Musikeak emoten deutsu jaten. Musikari legez, konsagrazinoa lortu dozula pentsetan dozu?

Duda barik, badakit pribilegiatua nazana. Gitxi gorabehera, 94. urtean ekin neutsan kantuari, lehenago bertsolari moduan be kantuan ibili arren. Hogeita hamar urtegaz bost disko ditut kalean eta hau bidearen hasikerea baino ez dala esango neuke. Disko barri honetako kantu bakotxa leiho bat da, galdera bat, azken baten egiteko dagoan personea nazalako eta espero dot holakoa izatea denpora luzez.

Aurkezpen kontzertua: Bilbon, Arriaga Antzokian zemendiaren 10ean.

Bonny

Antxina entzuten genduan Hertzainak taldeko liderarren, hau da, Gariren ahotsean 'Euskal Herrian rock and rollak ez du dirurik emanen', baina ordutik hona makinatxu bat jente dabil musikea sortzen eta banaka batzuk polito bizi dira musikatik.

Gauza jakina da gizarteko ganerako sektoreetan legez, musika munduan be boladak izaten dirana: arrakasteari eustea ez da erraza izaten eta sasoi jakin baten puntaren puntan dabilen taldea, urte batzuk geroago burua altzau ezinik ibiltea gauza arrunta da. Beste batzuek, ostera, noraezean eta erreguka ibili orduko agur esaten deutsie musikeari, zaletuen harridurarako. Gizartean nagusitzen dan musika estiloari jagokonez be gorabehera handiak izaten dira urte gitxiko tartean. Orain urte batzuetako punk eta pop mobimentuak gaur egun ez dabilz hain indartsu eta gazteek heavya, psikodelia eta rock edo power rock indartsua eta dance edo musika elektronikoa baino ez dabe gura.

Kontuak kontu, itxuraz behintzat sasoian sasoiko bolada eta moda horreen eraginik igarten ez daben musikariak be badagoz egon, ze beti egon dira eta aurrerantzean be egongo diralakoan gagoz. Gehienbat kantautoreak izaten dira, kitarreagaz taula ganean agertzen diranak, gaur egun, kantautoreek eurek be musikari laguntzaile askoren laguntzinoa izaten daben arren.

Horreen guztien artean, suberte handiagoagaz edo txikiagoagaz, taldea baztertu eta bakarkako ibilbideari ekiten deutsienak be badagoz; munduan zehar era horretako kasu asko ezagutzen doguz eta Euskal Herrian, ostera, ez horrenbeste.

Baten baten entzun izan dogu, musikea gazteen kontua baino ez dala, baina baieztapen hori oinarri sendorik bakoa da, izan be, ia-ia jubiletako dagozan batzuk polito dabilzalako musikari gazteei konpetentzia gogorra egiten (munduan zehar ezagunak dira: Jackson Browne, Mark Knofler, Mick Jaegger, Billy Idol, Bruce Springsteen edota Van Morrison).