Euskerea eta II. Mundu Gerrea
Euskeraren erabilerea II Mundu Gerran
Pentsau geinke aliatuei emondako laguntzinoa tarteko, euskaldunek euren artean euskeraz be egingo ebena. Berbarako, Juan Arregi Olano euskaldunaren kasua aitatu geinke: atxilotu eta Mauthauseneko konzentrazino-esparruan euki eben alemaniarrek. Olano jn.ak gerrea amaitu ostean kontau eban konzentrazino-esparruetan hilketa eta torturakaz batera, benetako gosea be pasau ebela. Dana dala, behin Gurutze Gorriko kideak izan ziran bisitan konzentrazino-esparruan eta atxilotuta egozanentzako etxera idazteko posta txartelak ekarri ebezan. Alemanek onartu eben atxilotuek etxera idaztea baina beti be konzentrazino-eparruan bizi eben egoerearen ganekorik ezer aitatu barik.
Kontuak kontu, Juan Arregi aguantau ezinik ebilen goseagaz eta etxera idazterakoan ondokoa etorri jakon burura: izen eta abizen lez Juan Arregi Gozehaundia ipintea; jakina, alemanek ez eutsen susmo txarrik hartu eta posta txartelari bidea emon eutsen. Juanen amak berehala aitu eban semearen errekadua eta janaria bialdu eutson. Juanen esanetan, sistema bera erabili eban tabakoa be lortzeko.
Holako bitxikeriak alde batera itxita, gure kontuek gaur Europatik urrun eroango gaitue, Pazifiko aldera, hain zuzen.
Informazino sarearen antolaketea
Europan gerrea aurrera joian bitartean, Pazifikoko aldean behin Japoniak Pearl Harbour bonbardeau eta gero, gogor ebilzan burrukan japoniarrak eta estadubatuarrak.
Edozein gerratan inportantea izaten da ahalik eta informazino gehien eukitea eta arerioak informazino gitxien jasotea; Pazifikoko gerran be inportantea izan zan informazino bilketa lan hori. Amerikarrek arazo larriak euki ebezan japoniarrakaz ze berehala itzultzen ebezan amerikarren klabeak. Arazoari konponbidea emoteko aukeretako bat klabe gatxak asmetea zan baina klabe horreek lar korapilotsuak izan ezkero, estadubatuarrek eurek be denpora asko emoten eben deszifretan. Horretan ebilzala, euskaldunen semea zan Frank De Karranza kapitainak euskerea eta ameriketako indioen hizkuntzea erabiltea proponidu eutson Leberfeld jeneralari. Hasieran, arraroa eretxi baeutson be, beste aukera batzuren artean, Karrantzak proponidutakoa aintzat hartzea erabagi eban.
Holan ba, euskaldun taldea batu eben 1942ko maiatzean. Danetara, 60 batu ebazan Karranzak, gehienak Idaho eta Nevadakoak, bertan jaiotakoak baina Euskal Herritik joandakoen semeak, normalean erderaz txarto, inglesez gitxi eta euskeraz ondo ekienak.
Behin taldea batuta egoanean, amerikarrak oraindino ez egozan guztiz ziur esperientziagaz eta Karranzari froga batzuk egiteko agindu eutsien; lehenengo Karranzak bere taldeko kideak koartelean bertan euskeraz berbetan ipini ebazan, taldekoa ez zan baten batek eurek esandakoa ulertzen eban ala ez ikusteko. Behin froga hau gainditu eta gero, euskaldunek Perun egondako japoniarrak euskerea ez ebela menperatzen ikusi eben eta azkenean amerikar buruzagiak be gustora geratu ziran emoitzak ikusi ebezanean.
Gauzak holan dirala, egin beharreko froga guztiak gainditu ostean, taldea beharrean hasi zan. Japoniarrei lana gatxago ipinteko Pazifikoko Gerran informazinoa kudeatzeko ardurea eukan San Diegoko koartelak honako hau erabagi eban: astelehenetan, euskerea erabiltea komunikazinoetan; martitzenetan, oswegoa (indio batzuen hizkuntzea), eguaztenean, iroquesa (indioen berbakerea), eguenean, shaishaia; barikuan, barriro be euskerea; zapatuan 2x2ko klabea eta domekan barriro be oswegoa. Japoniarrentzat gero eta gatxagoa zan amerikarren mezuak deszifretea.
Euskerea hainbat hilabetetan erabili zan komunikazinoetarako baina momentu bereziren bat aukeratzekotan, 1942ko abuztuaren 7ko Gudalcanaleko aurrez aurrekoa dogu: Bertan, Estadu Batuek aurrerapausu itzela emon eben japoniarren aurrean garaile urtetako eta burrukaldi hau II Mundu Gerrako garrantzitsuenetakoen artean geratu da. Lagungarriak izan jakozan bataila honetan Nimitz almiranteari euskeraz jaso eta bialdutako argibideaK. Lan horretan, Nemesio Agirre kapitainak eta Fernandez Bakaikoa eta Juan tenienteak lagundu eutsen. Mezuak Kaliforniako koartelera bialtzen ziran, han inglesera itzuli eta azkenean itsasoan egozan Noyes Turner eta Mc Cain almiranteei bialtzen jakezan honeek hartu beharreko neurriak hartzeko.
Sistemeak benetan funzionamendu ona izan eban eta azkenean erabilteari itzi baeutsen be, gehiago izan zan amerikarrak bildur ziralako lehen pasau zan moduan, japoniarrek euskerea ulertzearen benetako arriskua egoalako baino.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Oraintsu amaitu jaku Korrika 14, arrakasta handiz ganera eta, horrezaz ganera, aurten ospatu dogu II Mundu Gerrearen amaierearen 60. urteurrena. Hurrengo artikuluan alkartezinak emoten dabezan ospakizun bi horreek batzen ahaleginduko gara.
Zer euki leikie II Mundu Gerreak eta Korrikak amankomunean? Ba euskerea. Horixe izango da hurrengo artikulu honen ardatz nagusia: euskerearen erabilerea II Mundu Gerran.
Euskaldunak II Mundu Gerran
Inoiz idatzi dogu orrialde honeetan euskaldunek bigarren Mundu Gerran izandako parte-hartzearen ganean. Ondoko atalak bereiztu genduzan: Pointe de Graven inguruan alemaniarren kontra ia gerrea amaitzear egoala burrukan ibilitako Gernika Batailoia; Ingelesakaz, frantziarrakaz zein estadubatuarrakaz euren kontura ibili ziran burrukan euskaldunak; horrezaz ganera, lan garrrantzitsua egin eben informazino zerbitzuetako kideek, aliatuentzako hainbat eta hainbat baliozko informazinoa emonaz alemaniarren, italiarren eta japoniarren kontra burrukatzeko.