Sarean  IV. urtea // 103. zenbakia

IBMk tresna barria asmau dau spam mezuak bialtzaileari botateko


Bizkaie!

IBM informatikako erraldoiak FairUCE zerbitzua asmau dau Interneten izurritea dan zabor mezuen zaparradeari aurre egiteko. Spam madarikatuakaz gogaituta gagozanontzako tresna ederra, beraz. FairUCE zerbitzuak datu-base bat dauka oinarrian eta hor spam bialtzaileen ordenadoreen ezaugarri eta identifikazinoak dagoz jasota. Era horretara, makina horreetatik heltzen diran mezuak identifikau eta IBMren zerbitzuak bialtzailearen helbidera botako ditu barriro.

Lehenago be, IBM etxeak spam edo zabor mezuak filtretako sistema batzuk kaleratu izan ditu baina oraingoa barritzailea da, izan be, orain arte norberaren ordenadorean desagertarazo behar ziran spamak, eta hemetik aurrera, bialtzaileak jasoko dau bere e-postan zaborra.

Stuart MacIrvine, IBMko seguridade arloko zuzendariaren esanetan, tresna barri honegaz phishing erasoak ebitetea errazagoa izango da. Phishing esaten jako, gaur egun zabal dabilen ofizial etxurako mezu elektroniko piloa bialtzeari; gehienetan, on line bankuetako bezeroei zuzendutako mezuak izaten dira kreditu txartel eta pasahitzak atrapetako. Konpainiaren ustez, seguridadean irabazteaz ganera, sistema barriak bezeroen beharra erraztuko dau, izan be, korreoa filtrau beharrik ez da egongo, sistemeak berak egingo dau beharra gugaitik eta spam mezuak bialtzaileari helarazoko deutsoz.

Oraintsu IBMk agindutako azterlan baten arabera, enpresearen teknologiak analizautako mezu elektroniko danen % 6 birusen bategaz kutsatuta egozan. 2002an, barriz, mezu elektronikoen % 0,5ek baino ez eukan birusen bat. Sekulako aldea nahiko tarte txikian. Azterlaneko datuakaz jarraituz, zabor mezuak mezu danen % 75 dira eta azken aldian gehien ugaldu diran zabor mezuak phishing muetakoak izan dira.