Euskerea: hizkuntza eskakizun baliobakoa!
Momentu honetan, euskerarik ez dakien irakasle funtzionarioentzat eurentzat be gatxa izaten da lanpostu egokiak topetea: euskerazko irakaskuntzea nagusituz doa, urtez urte, gure hezkuntza sistema publikoan. Askok esan badabe be, euskerearen eskakizuna ez da, esan eta idatzi dan lez, ideologiatik edo eta aurreretxitik sortzen, benetako lan egoeratik baino: zenbat ikastetxe pribatuk kontratetan dabe, egun, euskeraz ez dakien irakaslerik?
Gitxi balitz, gitxieneko baldintza hori beteteko itzelezko baliabideak euki dabez eskura: liberazinoa, euskera klaseak, diru-laguntzak euskaltegi eta barnetegietan...hainbeste urte irakaskuntzan ibili ondoren, persona horreek ez dabe lortu euskerea ikasterik; ez dabe lortu hainbeste urtean HE1. Hogeita hamalau irakasle egon dira bi urtetan liberauta euskerea ikasteko baino ez. Beste 65 liberazinoko bigarren urtean dagoz, HE1 atarateko; hirugarren urte bat izango dabe HE2 atera ahal izateko. Ganerakoek be liberazinoak izango dabez.
Hizkuntz eskakizuna 2001. urtean bete behar zan, eta atzeratu egin zan 2004. urtera arte: epea egon da egoeraz jaubetzeko. Anaiak Berrian esaten eban lez, persona horreek kaleratzeko arrazoia merkatua da. Ganera, ez daigun ahaztu irakasle horreek euskerea urteren baten ikasi ezkero, atzera maila bereko beharra berreskuratzeko eskubidea izango leukiela.
Ama, nik be funtzionario izan gura dot!
Xabier Paia
Bilboko Bertendona kaleko institutu batean, estabilidade lan-egoerea galdu eban irakasle talde batek itxialdian jarraitzen dau. Itxialdi dinodanean, ez nabil kontzeptu batzuekaz izan leikien izakera itxiaz; hori baino, euren eskubideen aldeko itxialdia egin gura dabe, neuk umetan hasarre komunean sartu eta barrutik krisketa atzera inoiz zabalduko ez nebala pentsatuz egiten neban lez. Baina neurea amorrualdia zan eta honeena...
Denpora luzean ordezkapenetan ibilitako 1.500 irakasle interinorentzat lortu zan hobekuntza laborala STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuek Administrazinoagaz egindako akordioan. Denpora luzez ibilitako irakasleak eta denpora luzez bilatutako ituna zan. Ganera, ha akordioa beteteko baldintza bakarra imini zan mahai ganean: hizkuntza eskakizuna HE1, gitxienez 2004. urterako betetea.
Hasteko, baldintza eta erabagi bakar hori kritikau daigun. Neuk beti esan dot mundu honetako karrerarik luzeenak medikuntzea eta irakasle ikasketak izan beharko litzatekezala, horreen lanbide bien eskutan dagoalako geure gizartearen oraina eta geroa. Irakasle batek hazten dabizen umeen arlo danak landu beharko leukez: matematikea, hizkuntzea, psikologia, pedagogia eta logia, nomia eta tasun pila bat. Horretarako, lau urte beharko leukez gitxienez eta gero ganorazko praktika batzuk. Errealidadean, ostera, urte eta erdi eskolan eta gitxi gorabehera kurtso bat praktiketan pasetan dabe. Ez dakit nik urte eta erdiko teoria apliketea gatxa izango ete dan.
Edozelan be, irakasleak bi urtera ikasgelan daukaguz. Hiru urtera kontratu eta guzti. Gure seme-alaben hezkuntzearen arduradun... eta zelan ez deutsegu eskatuko gitxienez umeei “kaixo” eta “agur” euskeraz esan ahal izatea? Izan be, kritikearen bigarren pausoagaz jarraitzeko, gitxiegi da hori. Emoten dau gaur egun mitoa baino ez dala, baina sasoi baten iraskasle izatea asko jakitearen sinonimoa zan: unibersidadean bertan, doktore izan gura dauenak urte gehiago pasau behar dauz ikasten eta katedradunari ulea urdindu behar jako ezinbestean. Gaur egun, ostera, 8 urteko umeen irakasle izateko ibilbidea 48koen AEK-ko euskera irakasle izateko bidea baino laburragoa da. Hori ez dago ondo. Akaso, kreditu batzuk gehiago jarrita programan, zeinek jakin egunen baten irakasleei HE2 be eskatuko ete jaken. Akaso, horreei domina emon beharko jake diplomeagaz batera. HE3koei txalo zaparrada itzelaz ganera, esango deutset neure ustez komeni jakena baino ez dabela egin. Eta HE4? Bazan behin Pinotxo izeneko egurrezko panpina bat... ipuinak.