‘Lurrikerea baino ez da’ esan eustan Sakomik lotan egoala
- Lurrikararik sentidu zenduan oinen azpian?
Baten baino gehiagotan. Baten, kalean zeozer erostekotan egon ginan. Dana dar-darka jarri zan eta pentseu neban zorabioren baten eragina edo izango zala. Baina ez nintzan txarto sentiduten, estomagua ondo neukan. Barkuan egongo banintz moduan sentidu nintzan. Sakomik esan eustan lurrikarea zala eta gorantz begiratzeko zeozer burura ez jausteko. Dana mobiduten zan: farolak, kartelak...; halan da be, jentea nahiko nasai ikusi neban. Japonian normala zan. Bigarren lurrikarea etxean izan zan orduak eta orduak japoniera ikasten emon eta gero; hasikeran pentsau neban zorabiatuta nengoala barriro be! Karra-karra entzuten zan etxean. Eta amaitu eta berehala: anbulantzien eta polizien sirenak, zaratak, alarmak. Hirugarren bat be atrapau neban edo, zehatzago esateko, atrapau ninduan. Eta laugarrena gauez izan zan. Izartu egin nintzan. Ohea ia hogei zentimetro mobidu zan lekuz. Zaratak entzun nebazan, eta pentsau neban baten bat etxera sartu jakula. Eta holako batean Sakomik, lotan egoala, esan eustan: ‘Lurrikerea baino ez da’. ‘Eskerrak!’, pentsau neban, ‘lurrikerea baino ez!’
Iratxe Ormatza
Sebastian Brown Apraiz laudiotarra hiru hilebetez Japonian bizi izan da. Maitasunak eroan dau Euskal Herritik Japoniara. Arrazoi ederra da mundua zeharkatzeko. Maitasunaz ganera, hango bizimodua izan dogu berbabide.
- Hiru hilabete egin dozuz Japonian maitasunaren garrari, bihotzari jarraituta...
Londresera joan nintzan lobearen komuninora, astegoiena pasetan. Tangozalea naz eta milonga batera joan nintzan. Bertan ezagutu neban Sakomi. Barriro Ingalaterran alkartu ginan, eta gero Argentinan, Buenos Airesen, tangoaren uriburuan.
- Eta Japonian zelan ibili zinan? Non bizi zinan?
Tokion bizi nintzan, Shinjuku auzoan, erdialdean. Guk itzelezko subertea euki genduan, ze hogeita bederatzi metro koadroko apartamentu batean bizi ginan. Hango apartamentuak normalean hogei metro koadrokoak izaten dira. Gero beste batera joan ginan ( 18,5 m2). Etxeetan komunak bereziak dira, dana plastikoz eginda dago. Komunean, konketea, dutxea eta bainuontzia dana da bat. Dutxarik ez dago bainuontzian, kanpoan dago. Bainuontzia ez da bainua hartzeko bakarrik, eta garbiontziko iturriagaz beteten da. Bainuontzia hemengoa baino sakonagoa da. Japoniarrak dutxan kukubilko jarten dira eta normalean familia osoak erabilten dau bainuontzi bakarreko ura, dutxau eta gero sartzen zara eta. Eta ordena zorrotza izaten da: lehenengo konbidaua, aita, seme-alabak, eta ama, azkenengoa.
- Oso desbardina da Japonia?
Lehengo astean begitandu jatan AEBetako uri batean egon neitekeala: oso modernoa, etxe handiak...; ez da hain diferentea. Baina gero jentea ezagutzen dozunean konturatzen zara zelako gorabeherak dagozan. Beste galaxia batekoak emoten dabe. Neuk ez dot ulertzen asko japonieraz eta hasieran arraro egin jatan, zelako zaratak egiten dabezan berba egiten dabenean. Geuk be egiten doguz, baina ez danok batera. Zeozer esan, eta inguruan dagozan guztiak batera: Eeeeeeee! Larregi begitandu jatan, baina gero jaubetu nintzan normala zala, era sistematikoan egiten dabela.
- Eta jatekoa eta?
Ederto. Modu askotan hemen baino hobeto: garbia, osasungarria, presentazino itzela. Eta zerbitzua be hangoa lakoa ez dago inon be. Arrain gordinez gan, gibelea be gordinik jan neban, oso mehe ebagita: itzel, total goxo, sesamo-orio gota bat eta gatz apur bategaz. Oiloskoa be gordinik jaten dabe. Zaldikia be jan neban gordinik, baina ez jatan gustau horrenbeste, dultzea zan.
- Eta zerbitzua aparta dala esan dozu.
Bai, dendatan, tabernatan. Sartu denda edo tabernara, eta danak batera esaten deutsue: ‘Irasha mase’ (Ondo etorri), eta, aldi berean, makurtu egiten dira. Eta hori esaten deutsue kantetan lez. Urtekeran, bardin: ‘Doumo arigato gozaimashita’, kantetan. Jatetxe batetik urtekeran, hori esango deutsue ez bakarrik kamareroek, sukaldariek be agurtu egiten zaitue, nahiz eta eurakaz traturik euki ez. Makurtzen dirana jakin badakizu, baina hara joan arte ez zara konturatzen zelako garrantzia daukan. Esaterako, metroan gizon bat, trajez jantzita, beste batek urten behar badau, makurtu egiten dira biak. Makurtzeko era desbardinak dagoz ezagunen eta ezezagunen artean, edadearen arabera etab.
- Zu zeu zelan moldatzen zinan?
Eurek ez dabe itxaroten kanpotar batek holakorik egitea. Begirune handia badago persona biren artean, katuen moduan mobiduten dira: gitxi-gitxika, geldiro-geldiro, berbarako, bigarrena altzetan bada lehena altzau barik, barriro be apurka-apurka makurtu egiten da. Dana astiro-astiro. Amaitu dabenean, barriro be hasten dira makurtzen, akaso, metro biko aldea dagoan arte.