Barriketan  I. urtea // 12. zenbakia - 2002ko urriaren 15a - Hamaboskaria

Maribi Unamuno (Mendebalde): 'Unescoren eretxiaren kontra, euskerea biziko dala pentsetan dot'

Mendebalde Euskal Kultur Elkartea Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean sortu zan 1996ko udagoienean, lau urteko beharraren ostean, beti be, mendebaldeko berbakerea aztertu, egokitu eta indartuz, euskerea bera indartzeko asmoagaz. Kontuak kontu, Mendebaldek sei urte bete ditu.

Mendebalde Kultur Alkartearen asmoa, bizkaierearen autu-mautuak, erabilerea, bizkaiera batua, normalizazinoaren beharra, azpieuskalkien balioa eta bestelako gai batzuk jorratzea da eta, horretarako, prest agertu da gaur egun Mendebalde Kultur Alkarteko buru dan Maribi Unamuno. Beharlekuan, Sarrikoko fakultadean harrapau dogu eta, hona hemen gure itaunei emondako erantzunak:

1. Mendebalde Alkartea sortu zanetik urte batzuk pasau dira. Hasikeran markautako helburuak bete dira?

Helburuak geldiro-geldiro beteten doaz; mendizale batentzat gailurrera heltzea da helburua, gero bueltarako indarrak gordetea komenidu bada be; geure kasuan, helburuak epe luzerakoak dira, eta egun batetik bestera betetea benetan gatxa da, ezinezkoa ez esateagaitik. Ganera, pentsaizu, helburuak beteta bageunkoz, beharra amaituta egongo litzateke, baina ilusinoa baino ez da hori. Bidea ondo markauta dago eta pausu batzuk emon doguz, berbarako, euskalkien aldeko jardunean geugaz bat jente askok egin dau, eta pozarren gagoz. Mendebalde Kultur Alkartea bera sendotzea helburua zan hasikeran eta neurri handi baten lortu dogula esango neuke; hileroko batzarrak hutsik barik egiten doguz, eta gure arteko komunikazinoa be gero eta hobea da.

2. Mendebalderen jardueran, zeintzuk dira egiteko nagusienak?

Egiteko nagusia euskerea bera indartzea da euskalkietatik abiatuta, kasu honetan mendebaldeko berbakerea, bizkaierea oinarrian hartuta; horretarako, urtero jardunaldiak preparetan doguz, eta jardunaldiotan parte hartzen dabenen ekarpenakaz liburu bat argitaratzen dogu. Ikastaroak be antolatu izan doguz eta irakaskuntzeagaz doguzan hartu-emon sendoak aitatuko neukez.

3. Zenbat lagun zabilze gaur egun Mendebalden?

Gau egun 17 kide gagoz Mendebalden. Jakina, danon parte hartzea ez da maila berekoa. Beharra lantaldetan banatzen dogu normalean eta batzarretara 10-12 lagun joaten gara hilero. Gehienak irakaskuntza mundukoak gara, publiko zein pribatukoak, eta unibersidade mailakoak be bai, baina administrazinokoak eta profesional independenteak be bagagoz; danetarik beraz.

4. Aurrera begira, ze proiektu edo ideia darabizue buruan?

Aurten, aldizkari akademikoa atara behar dogu Interneten; oraingoz ez dogu atarako papelean. Aldizkarian gehiena euskeraz egongo da, baina ikertzaileek edo hizkuntzalariek beste hizkuntza bat aukeratu ezkero, berbarako ingelesa edo frantsesa, holan argitaratuko geunke artikulua, nahiz eta gero laburpentxuak be eskaini. Urtean birritan argitaratzea da asmoa, maiatzean eta zemendian hain zuzen be. Aldizkariaren kontu honegaz ilusino handiagaz gabilz.

5. Zelakoak dira Mendebalde eta Euskaltzaindiaren arteko hartu-emonak?

Polito konpontzen gara Euskaltzaindiagaz; pentsaizu Euskaltzaindiako jentea be badabil gure artean. Dana dala, lankidetza ofizialik ez dagoala esan behar deutsut; alde horretatik, lankidetzarako pausurik ez dogu emon.

6. Bizkaierea eskoletan sartzea nahitaezkoa dala pentsetan dozu?

Derrigorra ete dan, bueno, lar esatea izango da beharbada. Duda barik, oso komenigarria eta beharrezkoa da bizkaierea irakaskuntzan sartzea, bizkaiereak lekua izan behar leuke Bizkaiko irakaskuntzan. Kontua da bizkaierearen ezarpen maileari jagokonez ez dagoala adostasunik: batzuen eretxiz, haur hezkuntzan sartu behar litzateke, beste batzuen esanetan, 6 urtera arte, eta batzuek, ostera, irakaskuntza prozesu osoan bizkaiereak lekua izan behar leukela dinoe. Arlo honetan, ondo adostu eta zehaztu beharreko puntuak dagoz. Argi izan behar doguna da bizkaiereak eta euskalkiek, oro har, ez dabela batua baztertzen, ezta gitxiagorik be. Hizkuntzearen erregistro guztiendako dago lekua.

7. Guraso batzuen ardurea izaten da etxean seme-alabei bizkaieraz eginaz eta eskolan, barriz, euskera batua bultzatuz, sekulako anabasea sortzen jakela gizajoei eta, azken baten, hoba dala etxean be batuaz egitea. Egoera horren aurrean, zein da jokabide egokia?

Nik pentsetan dot umeek ondo bereiztuten dabela gurasoakaz edo aitite eta amumagaz zelan egin, eskolako maisu-maistrakaz zelan egin eta kioskoko dendariagaz zelan egin. Umeek ondo bereiztuten ditue erregistroak, batez be, nagusiek ondo bereiztuten dituenean, ze umeek nagusiek egiten dabena imitetan dabe. Kontua da ze eskolako euskera eredua oso indartsua eta prestigio handikoa dala eta, horregaitik, umeek sarritan euskera txartzat hartzen dabe etxean entzuten dabena. 'AndereƱoak esan dau hori ez dala holan esaten': gurasoek sarri entzun behar izaten daben erretolikea. Lehenago, gehiago pasetan ziran holakoak, eta gaur egun bizkaierea bera indarra hartzen doan neurrian, umeak eurak be erregistro desbardin horreek onartzen edo eurenganatzen doazela uste dot. Txiki eta handien arteko tirabira horreek tono alai eta olgeta modukoan hartu behar geunkez, lar tematu barik.

8. Irakaskuntzan D ereduaren indarra ukaezinezkoa da, baina kalean eta eskola barruan be umeek lotsa barik egiten dabe erderaz. Zein da bidea erabilerea bultzatzeko?

Uff!, konponbidea bagenki! Hizkuntza bi kontaktuan dagozanean, hiztun gehien daukana da hizkuntzarik sendoena; ikuspegi abstraktua kontuan hartuta, hizkuntzen artean ez dago desbardintasunik, baina hizkuntza bi dagozan herrian, 1.000 lagunek bat erabilten badabe eta bestea 30ek, argi dago zein izango dan gehien erabiliko dana. Euskerearen eta gaztelaniaren kasuan, kasu askotan normala da gaztelania gehiago erabiltea, hiztunak askozaz gehiago diralako. Euskal Herrian euskaldunak gara elebidun bakarrak, eta hori berez oso ona da, baina arriskua da gitxien erabilten dan hizkuntzea oraindino gitxiago erabiltea. Errudun sentimentuak baztertu eta norberak berea erabiltea da bidea eta erabilerea bultzatzeko indarra; prestigioa emon behar jako hizkuntzeari, azken baten hiztunak hizkuntza hori erabilteko beharra sentidu daian. Jakina, teoria baino ez da hau, eta errealidadea bestelakoa izaten da.

9. Azpieuskalkiak be badagoz egon, eta aldaerak be bai azpieuskalkien barruan. Bakotxak bereari eutsi behar deutso?

Bai, jakina. Hori bai, inguruabarrak eta egoerak hartu behar dira kontuan. Azpieuskalkiak, aldaerak aitatu dozuz eta, egia esan, herri bereko auzo batetik bestera eta auzoko etxe batetik besterako berbakerak be bereiztuten dira. Euskerearen aberastasunaren seinale garbia da hori. Dana dala, kasu bakotxean jakin egin behar da zein erregistro erabili behar dogun eta, horretarako, alfabetau, ikasi, idatzi, landu egin behar da hizkuntzea, kasuan-kasuan egokiena erabili daigun. Alde horretatik, euskerearen kasua ez da bakarra; edozein hizkuntzatan dagoz erregistro desbardinak, egoera guztietan eroso eta era egokian erabilteko. Muturreko jarrerak baztertzea da zentzunezkoena; beti etxekoa edo beti normalizautakoa egitea be ez da zuzena, egoerea eta aurrean dogun berbalagunaren gaitasuna zelakoa dan begiratu behar da eta.

10. Azpieuskalkien eta aldaeren balioa ukatu barik, bizkaiera batua beharrezkoa da; baina, nori jagoko bizkaierea bat egitea eta normalizetea?

Euskaltzaindiaren beharra dala pentsetan dot. Gu araugile eta arauemoile be ez gara, baina guk geuk be badaukagu zeregina, Mendebalde Alkarteak dinot, eta bai danok be; bizkaierearen lantze bide horretan ekarpen handiak egin geinkez. Guk beti esan izan dogu bizkaiera landua beharrezkoa dala idatzirako, komunikabideetarako eta eskoletarako. Bizkaierearen normalizazino bidean, jente askoren beharragaz bagoaz pausuak emoten. Egia da, gaur egun ez dauela inork alkarlanik planteau, baina batzuen eta besteen beharragaz aurrera goaz, nahiz eta tartean tirabirak eta desadostasunak egon. Bakotxak bere bidea hartzen dau eta, beraz, alkarlana gehiago praktikau behar litzatekela pentsetan dot.

11. Komunikabideon zeregina garrantzitsua ete da normalizazino prozesu horretan?

Oso garrantzitsua. Gero eta baliabide gehiago doguz, eta gaur egun, komunikabideetan bizkaieraz irakurteko edo bizkaieraz entzuteko aukerak badagoz egon, zeuoi esker baita Interneten be. Bizkaierearen presentzia gero eta handiagoa da, eta hori neurri handi baten komunikabideei esker lortu da. Komunikabideen zurrunbilo horretan sartzen ez bagara, galduta gagoz.

12. Ganerako arloetan legez, proiektuak aurrera atarateko indarrak metatzea eta alkarlana izaten dira botikarik onena. Zelan dagoz gauzak bizkaierearen munduan?

Lehen be zeozer esan dogu gai honen harian. Alkarlanik ez dagoanik ezin esan. Alkarlan espontaneoa izango litzateke. Dana dala, lehen esan deutsudan legez, alkarlana modu erregulatuan ez dago, normalizazino bidean ez dago erakunderik arau zehatzak emoten dituanik. Hori bai, saltsa honetan, gitxi gara, beti betikoak eta, jakina, bizkaierearen munduan behar egiten dogunon artean badoguz hartu-emonak, Bizkaia Irratiagaz, Euskaldunon Egunkariagaz, zeuokaz, Bizkaie! Aldizkariagaz... Euren kontura dabilzanak be badagoz, batzuk batzuekaz baina gehienak gehienakaz.

13. Bizkaieradunon konplexuak, zorionez, geldiro-geldiro baino ez bada be, badoaz desagertzen. Halan da be, badagoz oraindino euren euskerea baldarra dala pentsetan dabenak. Zer esan horreei?

Horreei esango neuskie sinistuteko halako baten euren euskerea ez dala inondik inora baldarra. Euskera ona eta txarra bereizterik ez dago; edozein lekutakoa izanda be, etxeko euskerea sano da aberatsa, baina argi dago erabilera gitxiagoetarako balio dauela, gehienbat etxean edo lagunartean erabilteko. Duda barik, hizkuntza gaitasuna zabaldu eta beste erabilera batzuetarako preparetea da nire gomendioa, jakin arren edadeko personen kasuan oso gatxa dana ikasketa prozesu hori. Dana dala, beti herriko euskerea egin eta gaztelaniaz eskolatu ziran edadeko horreei argi eta garbi esan behar jake euren euskerea aberatsa eta ona dala, eta sasi-eskolatu askok baino euskera hobea darabilela. Beste alde batetik, komunikabideak herrietako berbakera horreetara gehiago hurreratu behar litzatekezala uste dot, programa edo tarte zehatzak eskainiz.


14. Bizkaie !Aldizkarian planteautako 'zergaitik ez dogu euskerea gehiago erabilten?' itaunaren aurrean lau aukera emon doguz eta, hona hemen, irakurleek emondako erantzunak:

- Preminarik ez dagoalako: % 48,5
- Erderaz errezago gabilzelako: % 39,4
- Duda txikiena daukagunean erderaz hasten garalako: % 12,1
- Herri izaerarik ez daukagulako: % 2,9

Zein da Maribi Unamunoren balorazinoa?

Egia da euskeraz egiteko preminarik ez dagoana. Erderaz egiten daben hiztunen kopurua askozaz handiagoa da eta oso erraza da hizkuntza hori aukeratzea. Gaur egun, Bilbo aldean ibili ezkero, euskaldun batek egun osoa egin leike euskeraz berba bakarra egin barik. Egun osoa euskerea bakarrik erabilita pasetea benetan gatxa da eta ez Bilbon bakarrik. Horixe da errealidadea. Ganera, ikasketa guztiak erderaz egin doguzalako, gure inguruko giroa erdalduna dalako eta bestelako arrazoi batzuk tarteko, normala da erderaz errazago ibiltea.

Inkestako aukeren artean, herri izaerarik ez daukagula be agertzen da eta hauxe da klabea. Herri izaereagaz oinarri sendoa izango geunke. Politikeak be badauka bere garrantzia, jakina. Gabirel Ezkurdiak oraintsu esan eban artikulu baten erabilera indibidualak galarazo barik, hizkuntza batek estaduaren babesa dauenean, errazago egiten dauela aurrera.

15. Euskerea erabilteko preminea edo beharra sentidu behar dau erabiltzaileak eta, gaur egun, eroso bizi daiteke Euskal Herrian euskeraz egin barik. Zirikatzaileak behar doguz beti edozertarako?

Bai. Nik uste dot gizartean beti egon dirala eragileak, aitzindariak, intelektualak eta horreen ekarpenak ezin dira baztertu. Ganera, gizartean ona da batzuk zirikatzaile edo eragile beharra egitea bestela herritar gehienok ezer ez egiteko, nasai bizi izateko aukerea hartuko geunkelako. Hori bai, gizartean zeregin hori beteten dabenak politika mundutik aparte egotea nahitaezkoa dala pentsetan dot, nahiz eta agintean dagozanek kontuan hartu beharko leukiezan ekarpen horreek.

16. Gauzak derrigor egin behar izatea ez da inoren gustukoa izaten. Euskerearen irakaskuntzeari eta erabilereari jagokenez, zure eretxiz zein da bidea?

Zelan jokatu ez da erraza. Argi dago derrigortasunak ez dirala inoren gustukoak izaten, baina hizkuntzearen kasuan zorrotz jokatu behar da. Derrigortasuna bai, baina ezer galarazo barik, hori izan daiteke konponbidea. Hasikeran, kontrako erreakzinoak sortu daitekez, baina norberaren berbakerea egiten galarazoten ez bajako personeari, irainik eta gitxiespenik ez badago tartean, leitekena da geldiro-geldiro euskerea gustura ikastea. Edozelan be, soluzino magikoa emotea ez da erraza.

17. Zer behar da Mendebalde Kultur Alkarteko kide izateko?

Ez da aparteko baldintzarik bete behar. Gaur egun 17 kide gara, eta oraingoz ez dogu kideen aukeraketea egiteko prozedura zehatzik; urteko kuotarik eta holakorik be ez dogu. Interes berezirik izan ezkero, gugana hurreratzea da bidea, eta gero gerokoak.

18. Igarle edo azti beharra jarriko deutsugu orain; 500 urte barru zein izango da euskerearen egoerea?

Gaur egungo datu objektiboakaz ezin daiteke prebisino baikorrik egin. Dana dala, danon antzean, nik neuk be 500 urte barru euskerearen egoerea gaurkoa baino hobea izatea gurako neuke. Hori bai, egoera politikoagaz lotuta ikusten dot euskerea, lotuegi beharbada. Halan da be, Unescoren eretxiaren kontra, euskerea biziko dala pentsetan dot.

Koldo Isusi Zuazo