Aztekek Bilbo inbadidu ebenekoa
Albistea handia izan da: egunkari guztietan agertu da, orrialde osoak bete dira erakusketa honen gainean, portadetara be heldu da notizia, izan be, ez da gitxiagorako: inken eta maien kultureagaz batera, Ameriketan egon dan kulturarik handiena, aztekena, Bilboraino etorri da, besapean ekarrita mundu harrigarri haretako altxorrik handiena eta distirarik ederrenak. Martiaren 18an hasi eta irailaren 18ra arte, sei hilabete osoz, ikusgai egongo da, eta erakusketea ez galtzeko motiboak asko dira, gainera: 600 pieza baino gehiago dagoz erakusgai; tartean, Mexikotik kanpora lehenengoz ikusi daitekezan aztarrena arkeologikoak topauko ditugu. Bilbon baino lehenago New Yorkeko Guggenheim Museoan erakutsi da, arrakasta handia lortuta. Halanda be, New Yorken ikusi ez ziran 150 pieza gehiago aurkeztuko dira hemen: pieza horreek, batez be, 1521 ingurukoak dira, hau da, Cortésen tropek azteken kultura hondamendira bialdu eben garaikoak.
“Azteken inperioa” erakusketak testuinguru kronologiko eta kulturala eskaintzen dau, Bilboko pinakotekako bigarren eta hirugarren solairuetako hamaika aretotan eta hamar gaitan bananduta. Modu horretan, azteken kulturearen gorakadea, gailurra eta gainbeherea erakusten daben piezak egongo dira ikusgai, danak be XIII eta XVI. mende artekoak. Azteken zibilizazinoaren sorreratik eta espainiarren konkistara heldu arte, erakusketak azteken gizartean sartzeko aukerea emoten deusku, bai eta beste kultura batzukaz eukan hartu-emona ikusteko be: esate baterako, erakusketako atal bat taraskoen inperioan dago zentrauta, azteken etsai nagusiak ziralako eta sano arte aberatsa eukielako.
Honeexek dira beste bederatzi atalak: ‘Inguru naturala’, ‘Gizartea eta eguneroko bizitza’, ‘Azteken garaiko herri eta gizarteak’, ‘Arbasoak’, ‘Unibersoaren gaineko ikuspegi sagradua’, ‘Erlijinoa: jainkoak eta mitoak’, ‘Tenplu nagusia’, ‘Azteken menpeko kulturak’ eta Gainbehera’.
Erakusketako komisarioa Felipe Solís izan da, Mexiko Uriko Antropologia Museo Nazionaleko zuzendaria. Erakusketaren aurkezpenean esan ebanez, ‘ibilbide hau azteken zibilizazinoaren gaineko erakustaldirik handiena da, eta, gainera, bere buruaz harro dagoan herri baten ikuspuntu eguneratua eta harmonikoa eskaintzen dau’. Hain ikuspegi zabala emoten dau erakusketeak, ‘hau ikusten ez dauenak 50 erakundetatik ibili beharko dau, hemen bildu dan guztia ikusi ahal izateko’, esan eban komisarioak.
‘Azteken inperioa’ erakusketan azteken eguneroko bizitzako lekuak, ohiturak, bizimoduak, lanabesak, bitxiak, panteoiak, ekonomia eta abar dago ikusgai, eta ondo baino hobeto dago jasota taraskoakaz euki zituen liskarrak eta batzuek zein besteek egin zituen konkistak. Hain zuzen be, taraskoak izan ziran azteken inperioa geratu ahal izan eben bakarra.
Inguruan eukien naturea be fideltasunez jaso eben aztekek, lantzen zituen piezetan: naturalismo handiko lanak dira, eta zeresan handia euki eben hierarkiak ezartzeko momentuan eta erlijinoan. Tartean dagoz azteken kulturea hain modu bereizgarrian irudikatu eben kriskitin-sugeak, jaguarrak eta arranoak, besteak beste. Izan be, natureagaz hain bat eginda bizi zan kultura bat ezin da ulertu, kultura horretako inguru naturala be aztertzen ez bada. Baina animaliak albo batera itxita, Guggenheim Museoan topauko ditugu harrizko eskultura handiak, hilarriak, buztinezko figurak eta urrezko bitxiak.
Azteken uriburua Tenochtitlán izan zan, 1325ean sortutakoa gaur egun Mexiko DF dagoan leku berean. Handik hasita, lurralde osotik zabaldu eben aztekek euren nagusitasun militar eta politikoa, gaurko Mexikoko mendebaldea kontroletan eben taraskoen mugetaraino.
Azteken kulturea unibersoaren gaineko ikuspegi sagraduan egoan oinarrituta, eta noble eta abadeak ziran kultura haren gailurra. Natureagaz guztiz bat eginda bizi ziran, eta astrologiaren gaineko ezagutza itzelak zituen. Gainera, kobrea, harribitxiak, zinka, zilarra eta urrea maisutasunez lantzen ekien. Maisuak ziran horretan, bai; baina horreek dira Bilboko erakusketan lekurik txikiena betetan daben piezak, izan be, espainiarrak aztekengana heldu ziranean, kultura suntsitzeaz aparte, urrezko pieza guztiak eroan zituen, Espainiako koroarentzat.
Julen Gabiria
Denporan atzerantz eginda, 500 urteko saltoa emon eta ozeanoaren bestaldean, esate baterako gaur Mexiko dan lurraldean agertuko bagina, azteken kultureagaz egingo geunke topo, Hernán Cortések topau eban moduan. Topau eta suntsitu, bide batez esateko. Hain zuzen be, horrexegaitik, Espainiako kolonialistek kultura ha eta kultura haren sortzaileak suntsitu zituelako, gaur museora joan beharra dogu inoiz izan dan kulturarik aberatsenetako baten arrastoak miresteko. Beste behin be, gaur aitagai daukagun erakusketa honetan ondo argi geratzen da interes ekonomiko eta politikoak alkartzen diranean, kulturak (giza adierazpenik ahuskorrenak) pikutara joateko arriskuan geratzen dirala beti, munduko kulturarik sendoenak izan arren. Eta hori da kultura bati pasau ahal jakon gauzarik okerrena: museo batera heltzea, Bilboko Guggenheim Museoa izan arren eta erakusten diran obrak titanio ederrez inguratuta egon arren.