Zinea  IV. urtea // 103. zenbakia

Habana blues


“Solas” film bikain eta harrigarriaren ostean, Benito Zambrano La Habanara joan zan, ikuspuntu gazi-gozo, baikor eta zabal bati jarraituz, musikaz, gizarte gaiez, irribarrez eta garraztasunez mela-mela jatorkun film zoragarri hau egiten. Gauzak holan dirala, musikea ardatz eta atxakiatzat hartuta, isla koloretsu honetako gizarte, politika eta kultur testuinguruaren hainbat gai jorratuko dira.

Zuzendariak errealismo eta maitasunez irudikatu eta erakutsi gura izan deusku Kubako gizartea, egoera sozio-ekonomikoak musikari gazte batzuei eta inguruko senide nahiz lagunei guztiz baldintzatzen deutsen bizimodu arruntaren bitartez. Herritarrak larri dabilz eta gazteak nahiko zapuztuta, baina guzti-guztiek aurrera egiteko behar adina indar eta borondate daukie.

Gai sozio-ekonomikoaren garrantzia agirikoa dan arren, ez da filmean beren beregi jorratu diran ataletariko bat; trabes agiri da, bizipozaren atzean ostenduta, baina aldi berean bizimoduaren zirrikitu guztietan. Edozelan be, pelikula honen benetako gaia kubatarrek, kontraesanak kontraesan, errealidade gordinari arpegi emoteko erakusten daben adorea eta sendotasuna dira.

Hori guztiori, egunerokotasunari iges egiteko umorez, poztasunez, tristeziez eta bat-batekotasun miresgarriaz atonduta dago; ganera, antzezpenak, gidoiak, musikeak eta girotze beharrak ezin hobeto laguntzen deutsee filmak heldu eragin gura deuskuzan tentsino dramatikoari eta emozinoei. Egia esan, Benito Zambranok frogatu deusku “Solas”-ena ez zala kasualidadea izan eta atzera be egin dau film on-ona.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Benito Zambrano.
- Herrialdeak: Espainia, Frantzia eta Kuba.
- Iraupena: 115 minutu.
- Antzezleak: Alberto Joel García Osorio (Ruy), Roberto Sanmartín (Tito), Yailene Sierra (Caridad), Tomás Cao Uriza (Alex), Zenia Marabal (Luz María), Marta Calvó (Marta), Roger Pera (Lorenzo), Julie Ladagnous (Valerie).
- Gidoia: Benito Zambrano eta Ernesto Chao; Benito Zambranoren argumentu batean oinarritua.
- Argazkia: Jean Claude Larrieu.
- Muntaia: Fernando Pardo.