Der untergang
Berlin, 1945eko apirilean. Alemania hondoratu aginean dago. Uriburuko kaleetan burruka odoltsuak ikusi daitekez. Hitler (Bruno Ganz) eta konfiantzako kide eta lagunak Führer-aren bunkerrean babestu dira. Kanpoan egoerea larriagotu da. Berlinek ezin deutso ezelan be eutsi errusiarren erasoari, baina Hitler-ek ez dau errealidadea onartu gura. Gerrearen pisurik ankerrena defendatzaileen eta edade guztietako herritarren ganera jausten dabilen bitartean, Hitler-ek bere bizitzearen azkenengo uneak preparetea, beste ardurarik ez dauka.
Bigarren Mundu Gerrearen ganeko filmografia sano ugaria izanagaitik be, beste inon ez da jorratu Hitler-en azken momentuen ganeko istorioa hain modu oparo eta zehatzean. Produkzino artistiko bikainean, antzezpen onetan eta gidoi burutsuan oinarrituta, Olivier Hirschbiegel-ek erregimen izugarri honen gordinkeria osoa erakutsi gura izan deusku, gerrearen eta indarkeriaren burubakokeria eta absurdua agirian ipiniz eta buruzagi zoroen itsukeria salatuz.
Filmean ez dago izugarrikeria, dardara eta ikaratik urtetako une bakar bat be, ez dago irribarre zuri eta txiki bat egiteko tarterik. Dan-dana giza miseriarik arriskutsu eta bildurgarrienaren erakusgarria besterik ez da. Ahor dago film honen benetako arrakastea, benetako mamina. Eta horretan, duda izpi barik, pelikula on honek bete-betean asmau dau.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Olivier Hirschbiegel.
- Herrialdea: Alemania.
- Iraupena: 150 minutu.
- Antzezleak: Bruno Ganz (Adolf Hitler), Alexandra Maria Lara (Traudl Junge), Corinna Harfouch (Magda Goebbels), Ulrich Matthes (Joseph Goebbels), Juliane Köhler (Eva Braun), Heino Ferch (Albert Speer), Christian Berkel (Schenck), Matthias Habich (Werner Haase), Thomas Kretschmann (Hermann Fegelein), Ulrich Noethen (Heinrich Himmler).
- Gidoia: Bernd Eichinger; Joachim Fest-en liburuan eta Traudl Junge nahiz Melissa Müller-en liburuan oinarrituta.
- Argazkia: Rainer Klausmann.
- Muntaia: Hans Funck.