Terri Schiavoren azken egunak
Bush-ek hilurran dagoan andrazkoak koman jarraitzeko legea onetsi dau
Zilean ipinitako zundea
Terri-ren bizitzea jaungoikoaren esku egon izan balitz, orain dala 15 urte hilda egongo zan, persona honen zintzur-hesteak ezin dauelako iruntsi ez urik ez jatekorik. Bizirik jarraitzeko daukan bide bakarra ziletik artezean sartutako zunda baten bitartez jatekoa emotea da.
Garun hondatua
Terri-ri garunean egindako eskanerrek argi eta garbi egiaztau dabe andrazko honek garunean daukan gaitasuna ia-ia hutsaren hurrengoa dala. Garuna ia-ia desagertu da eta haren ordez orban baltz bat baino ez da ikusten, garuna egon beharko litzateken eremuan likidoa dagoala adierazoten dauena.
Gurasoek, ostera, sinistuta dagoz Terrik entzuten deutsena eta komuniketako ahaleginak egiten dauzana. Auzitegietan hamaika lekuko kualifikatuk esan dabe familiak aitatzen dauzan keinu horreek erreflexu mobimentuak besterik ez dirala eta ez kanpoko estimuluei emondako erantzunak.
Gauzak holan dirala, bizirik iraunarazoten daben makinetara lotu barik dago orain astebete Schiavo. Egoera horretan, egun batzuk barru hilko dala uste dabe medikuek.
Begiluzea
Terri Schiavo-ren kasuak eutanasiaren ganeko eztabaida gogorra sortu eragin dau mundu osoan. Legez bideraturiko azkenengo liskarrak gehiago moropildu leike daborduko elikadura zundatik hiru biderrez deskonektau daben andrazkoaren tragedia.
Parlamentuko kideek oporrak eten eta Washington-era abiadan itzuli ziran legearen ganeko botoa emoteko; Bush presidentea goizean goiz jagi zan legea izenpetzeko eta Terri Schiavo-ren gurasoak Tampako auzitegietara arrapaladan joan ziran, berori apliketea eskatuz.
Munduak harriduraz ikusten dauz Estadu Batuek Terri Schiavo-ri hilten ez ixteko emondako pausuak; osatzeko aukera guztiak agortuta, senarra burrukan dabil heriotza duina euki daian. Horixe izan zan emazteak, bihotza gelditu eta egoera begetatiboan lotu baino lehenago adierazotako guraria. Halantxe egiaztau dabe, behinik behin, medikuak eta lekukoak alkarrizketau dabezan hogeitaka epaileek.
Nahasmendua nagusi
Kasu honek sortu eragin dauzan ondorioak ikaragarriak izan dira. Vatikanoak, “L'Osservatore Romano”-n argitaraturiko artikulu baten bitartez elikadura zundea kentzeko erabagia gogor kritikau eta neurri hori ezeztatzeko ahaleginei lagundu deutse. Guztiagaz be, kontuan hartu beharra dago honako hau ez dana eutanasiaren barruan sartzen diran kasuetariko bat; izan be, asmo bakarra ahalegin terapeutikoak mugatzea da eta jardun hori oso normala izaten da mundu osoko ospitaletako larrialdi ataletan.
Terri-ren kasua auzitegirik auzitegi ibili da zazpi urtean, Floridako estaduak eskaintzen dauzan bide guztiak agortu arte; gauzak holan dirala, elikadura zundea kentzeko erabagia sendoa zala emoten ebanean, gobernu federalak lege bat ezarri dau gurasoei kasua epaile federal bati aurkezteko aukerea emonaz. AEBetako alderdi nagusi biren arteko akordioa jadesteko, alderdi konserbadoreak onartu dau legeak Terri Schiavo-ren kasua baino ez aitatzea. Testuak, esate baterako, legezko aurrekari modura erabilia izateko bideak be zarratzen dauz.
Azkenean, alde bien, hau da, koma begetatiboan dagoan emakumearen gurasoen abokatuei (bizirik iraunarazotearen alde dagoz) eta senarraren abokatuei (eutanasia apliketako eskatzen dabe) entzun ostean, Whittemore epaile federalak eta Apelazino Epaitegiak atzera bota dabe Terry Schiavo makinetara lotzeko gurasoen larrialdiko eskaerea.
Familiarteko liskar hau politizau dauena ondokoa izan da: emaztearen gurasoei aholkuak emoten deutseezan hainbat talde konserbadorek kasuan esku hartu izana, Terri-k biziten jarraitu daian. Talde ultrakonserbadore honeek ikurtzat hartu dabe kasu hau. Euren eretxiz, klase politikoak eta gizarteak burrukan egin behar dabe andrazko honen bizitzea “jaungoikoaren esku” lotu daiten.