Eretxia  IV. urtea // 103. zenbakia

Korrikaren ondoren egin beharreko hausnarketea


IƱaki Atxutegi

Astebete pasau da, jentearen sekulako erantzunagaz, Korrikaren 14 amaitu zanetik. AEKk urte birik behin antolatzen dauen euskerearen aldeko ibilaldiak sekulako arrakastea izaten dau euskaltzaleon artean eta baita euskerearen mundua urrunetik ikusten dabenen artean be.

Sarritan, baina, euskerearen mundua errebindikazinogaz lotzen dabe. Eta egia da euskerearen munduan badagoala zer erreibindikau. Horra, Nafarroako egoerea. Gogoratu daiguzan orain gitxiko UPN alderdiko buruzagien adierazpenak. Horreen arabera, ez da egongo euskerearen aldeko politikarik indarkeria desagertzen ez dan bitartean. Argi dago atxakiak baino ez dirala euskerearen alde ez egiteko.

Hizkuntzearen normalizazinoak badauka lege errekonozimendugaz zerikusirik, duda barik. Iparraldean euskerea bigarren mailako hizkuntzea da, frantsesaren menpean. Nafarroan ingurualdeka banatu eban lurraldea bertako Gobernuak eta horren arabera, egoerea desbardina izaten da. Autonomia Erkidegoan be, derrigorrezkoa da erderearen erabilerea eta euskararen ezagutza eta erabilerea eskubidea baino ez da. Beraz, badago oraindino zer erreibindikau, eta ez euskerearen kontra dagozanen aurrean bakarrik, teorian euskerearen alde dagozan askok be ez dabelako behar beste egiten geure hizkuntzea ganoraz sustatzeko.

Nire eretxiz, ondo dago euskerea eta jaia lotzea. Bai Korrikak zein ikastolen aldeko jaiek emoten dabe denporapasarako aukerarik. Ez dago txarto hori, baina ez dakit nik ez ete daben jaialdiok helburu nagusia ahaztuko. Pentsetan ete dogu zenbat erdera entzuten dogun geure inguruan euskerearen aldeko jaiotan? Jaubetzen ete gara ekitaldi horreetan entzuten doguzan euskara trakets askok argi eta garbi erakusten dabela erabiltzaile horreen erabilera faltea eguneroko bizitzan? Ez ete dabe askok euskerea erabiliko egun berezi horreetan ganerako egunetan erderaz egiteko?

Ez da nire asmoa euskeraren aldeko lana gitxiestea. Baina konturatu gaitezan zeozer ez dabilela ondo euskerearen erabilerea hain eskasa danean, horrenbeste euskaldunek euren artean erderaz egiten dabenean, euskerea jaiotarako ikur izaten danean komuniketako tresna izan beharrean. Datozen urteetan, euskerearen erronka nagusia erabilerearena da, nire eretxiz. Eta hor, duda barik, badaukagu zer pentsau eta zer hausnartu.