Iodoaren garrantzia
Iodoaren iturriak
Esandako moduan, iodoa elikagaietan dago, batez be, arrainetan eta itsaskietan. Ganerako jateko taldeetan edukina asko aldatzen da lurraren arabera: lurra iodoan aberatsa bada, barazkietan eta frutetan egongo da iodoa. Bestalde, badagoz jateko butzuk boziojenoak diranak, hau da, ez dabenak ixten iodoa xurgatzen; holakoetan, bozioa ager daiteke, batez be, aza, azalore, arbia, arbiki eta gurean jaten ez doguzan ñame, juka eta mandioka lako tuberkulu kantidade handiak jan ezkero.
Gaur egun, gure gizartean IDDrik ez dago elikadurearen garapenari eta jatekoen dibersifikazinoari esker eta zorionez, gatz iododunari esker. Itsas gatzak ez dauka iodorik nahiz eta itsasoan iodoa sobran egon. Produkzino prozesuan iodoa galtzen da gatza sikatzeko labeetan. Gatz iododuna era artifizilean lortzen da. Sodio kloruroari sodio ioduroa botaten jako neurri aproposean, gatz iododuna sortuz. Gatz iododunak ez dauka gatzaren gustorik, ez da atzemoten iodoa hartzen gagozanik baina gure elikaduran egongo da eta IDD horreek ebitauko doguz. Iodoren iturri seguruena da.
Gurean, Eusko Jaurlaritzearen gomendioa da ikastetxeetako jantokietan umedun dagozan emakumeek eta ume txikiek gatz iododuna erabiltea. Euskadin iodoaren faltea ez da oso nabarmena baina Unicefeko Euskal Batzordeak eta Osasun Sailburuak zezeilean hitzarmen bat sinatu eben gatz iododunaren kontsumoa promozionetako, batez be, umedun dagozan emakumeen artean. Erraz-erraz, denda eta supermerkatu guztietan topau daiteken produktua da.
Gatz iododuna munduan
Munduan miloeka ume dagoz IDD horreen bildurrez eta arrazoi bakarra pobrezia da. Gatza iodatzeko teknologia behar da, kalidadezko kontrola eta gatzaren banaketa serioa. Produktoreek, halan da be, ez dabe dirua sartu nahi, galtzeko arriskua ikusten dabelako. Kontuak kontu, nazinoarteko erakunde batzuk (OME, UNICEF eta IDD Kontroletako Nazinoarteko Kontseilua) programa bat eratu dabe gatz iododuna munduan zabaltzeko.
Programearen ardatzak:
- Produktore eta garraio empresentzat diru-laguntzinoak eta teknologia bideratzea konpromiso argien truke.
- Publizidade kanpainak.
- Herrialdeetako legeriak lantzea, gatzaren iodapena legez eta nahitaez egiteko.
- Programea aurrera eroaten daben lantalde edo garapenerako gobernuz kanpoko erakundei analisia, aholkularitzea, gainbegiratzea eta ebaluazinoa eskaintzea.
1990an ekin jakon programeari eta momentu horretan familien % 20k baino ez eban jasoten gatz iododuna garapen bideko herrialdeetan. 2000an % 70eraino heldu zan. Aurrerapen ederra baina oraindino familien % 30 arriskuan dagoz eta 41 miloe ume jaioten dira urtero ezelako babes barik.
Amaia Laforga Peña,
Dietetikan eta gizaki elikaduran diplomaduna
Gorputzak elementu kimiko batzuk behar ditu, mineralak hain zuzen be. Kantidade handirik ez dogu behar baina nahitaezkoak dira eta euren falteak gaixotasunak sortarazo leikez. Mineralak jatekoetan dagoz eta, beraz, danetarik jan ezkero, ez da arazorik izaten.
Mineralen artean, makromineralak eta mikromineralak doguz. Makromineralak kaltzio, fosforo, sufre, kloro, magnesio, potasio eta sodioa dira. Egunero, 100 miligramo baino gehiago hartzea komeni da. Bestetik, mikromineralak dagoz: zink, kobalto, kromo, fluor, burdina, manganeso, molibdeno, selenio eta iodoa. Honeetatik, 100 miligramo baino gitxiago behar doguz egunero.
Iodoaren harian, gorputzeko iodo gehiena tiroidesean dago. Egunero, 100-150 mikrogramo hartzea komeni da. Edoskitzaroan eta haurdun dagozan emakumeek zein nerabeek gehiago behar dabe, 175-200 mikrogramu egunero.
Iodoa jatekoetatik lehenengo hestean xurgatzen da, odolera pasau eta handik tiroides guruinak hartzen dau. Guruin honek tetraiodotironina hormona, tiroxina lez ezaguna eta triiodotironina hormona osotzen ditu. Hori da iodoren funtzio ezagun bakarra, iodo faltea dagoanean, hormona horreek ezin dabe euren funtzioa bete gorputzean eta, beraz, iodoagaz osotzen diran hormonak interesetan jakuz. Gizakia hazteko eta fisiologiki gorputza garatzeko, beharrezkoa da tiroxina eta honek iodoa behar dau. Nerbio-sistema zentrala (NSZ) hazteko, metabolismoa kontroletako eta gorputzaren bero produkzinoan zeresana daukie iodoak eta tiroxinak.
Iodo faltea
Iodoaren falteagaz bozioa sortu daiteke. Tiroides guruina estarrian dogu eta boziodunak lepoa lodia daukala emoten dau. Askotan oso nabarmena da. Horrezaz ganera, efektu metabolikoak be badagoz: nekea, logurea... metabolismoa astiroago dabil eta gorputzak ezin dau aurrera jo.
Sarritan, elikadureagaitik danean, herri edo eskualdetako bizilagun geihenek izaten dabe iodo faltea eta, batez be, euren ura eta lurrak iodoan pobreak diralako izaten da; bozio endemikoa deitzen jako horri. Helduetan agertzen bada bozioa, iodoa hartzen baino ez da osatzen; tiroxina bere funtzinoa egiten hasten da sintoma guztiak desagertarazoz eta metabolismoak bere erritmo normala berreskuratzen dau.
Emakume haurdunetan iodoaren faltea abortoagaz eta sortzetiko malformazinoakaz lotzen da. Ume txikietan, barriz, kretinismoa deitzen jako iodo falteari. Iodorik barik NSZ eta burmuina ez dira ondo garatzen eta adimen eta hazkuntza atzerapena agertzen dira. Faltea txikia danean, adimen-kozientea 10-20 puntu bajatu daiteke. Askotan ez da ezer berezirik igarten baina eskolan ez dabe garapen bardina lortzen. Iodoaren faltea larria bada ondorio gogorrak agertzen dira: berezko abortua, atzerapen sakona, gor-mutuak, elbarrituak...; ganera, haurdunaldian eta lehenengo haurtzaroan jasoten diran ondorioak itzuliezinekoak dira.
Horri guztiorri IDD (Iodine Deficiency Disorders) deitzen deutso Osasunaren Mundu Erakundeak. Garrantzia handia emoten deutso ze gaur egungo kalkuluen arabera, munduan 26 miloe ume jaioten dira urtero adimen atzerapenagaz. Herrialde askotan osasun publikoaren arazo larriena da, desnutrizinoaren arpegi txarrena eta ezezagunena.