Jan-edanak  IV. urtea // 103. zenbakia

Botritisa (II)


Mahatsean infekzinoak eragiten dauena azukera eta azidoetan sortzen dituan eraldaketak dira; normalean, glizerol eta azido glukonikoa metatzen dira. Edozelan be, mahatsean nagusi diran azidoen kontzentrazinoa, maliko eta tartarikoarena, nabarmen bajatu daiteke eta baita osogai nitrogenatuen kontzentrazinoa be. Mahatsaren azalean dagozan polifenolak honddoak dauen lakasa izeneko enzima batek oxidetan ditu.

Ardaoaren elaborazinoan botritis gaixotasunak hartzidura alkoholikoa geldotu leike edo hartzidurearen prozesua eragotzi. Lakasak ardaoaren koloreari eragiten deutso sortzen dauen oxidazinoaren ondorioz; hori dala eta, enologoak anhidrido sulfuroso gehiago erabili behar izaten dau ardaoaren kalidadean eraginez.

Muztio garbiketan be arazoak sortarazo leikez, betaglukano izeneko substantzia agertu daitekelako eta, era horretara, ezin dalako muztioa ondo garbitu.

Ikusitakoak ikusita, asko dira honddo honek eragin leikezan kalteak. Honddoak kaltetutako mahastietako mahatsagaz egindako ardaoaren ezaugarri nagusia kolorea izango litzateke, oxidatuarena hartzen dauelako; ganera, urdindu usainagaz, behin probauta, ahaztuezineko bihurtzen dan gusto desatsegina hartzen dau.

Imanol Sarasola,
enologoa

Aurreko artikuluan gaixotasun honen ezaugarri orokorrak aitatu genduzan eta bigarren honetan, barriz, infekzinoaren prozesua azalduko dogu; horrezaz ganera, mahatsean eta ardaoan dauen eragina eta aurre egiteko dagozan tratamentuak be aitatuko doguz.

Infekzino garaian alde bi bereiztu daitekez:

1. Umatu aurretik, honddoak trabak izaten ditu mahats alean sartzeko azala gogorragoa dalako. Ganera, garai horretan mahastiak fitoalexina deitutako osogai antifungikoak sortzen ditu, mizelioa zabaltzea ebitetako.

2. Heltzen edo umatzen dagoan bitartean, eta azukre konzentrazinoa 150 gm. litroko baino altuagoa danean, fitoalexinen sintesia bajatu egiten da nabarmen. Landareak sendotasuna galtzen dau eta galera hori aprobetxauta, honddoa sartzen da mahats aleetan alde ahulenetatik. Mahats aleen barrualdean, azalaren eta maminaren artean gelditzen da eta, ondoren, kanpora urtetan dau alearen azaletik mizelioakaz batera. Gauzak holan dirala, aleak hauts grisagaz agertzen dira; apurka-apurka alez ale zabaltzen da gaixotasuna mizelioak sortutako esporen bidez.

Botritisari aurre egiteko prebentzio neurri batzuk hartzea komeni da:

 Mahastien aireztatzea eta argiztatzea erraztu.
 Inausketa egin ondoren, hondar guztiak erre.
 Intsektu eta honddoak zabaltzea ebitau.
 Inausketa orekatua egin.
 Ongarri nitrogenatuakaz kontuz ibili, ez erabili gehiegi.
 Mahats mordo zarratuak dabezan landara motak ebitau.
 Mahastien inguruko hostoak kendu.

Halan da be, neurriok beti ez dira nahikoa izaten eta sarritan lagungarri kimikoetara jo behar izaten da, hau da, fungizida organiko eta inorganikoetara. Asko dira merkatuan topau zeinkiezan osogai kimikoak baina gehienek eukiten dabe ondorengo osogairen bat: Benomilo, Prozimidona, Iprodiona edo Diklofuamida, besteak beste.