Lekeitio eta frantsesen kontrako gerrea
Historia zelan kontetan dan
Argi eta garbi erakusten dabena zera da: 1815ean indarrean ziran handikien ikuspegia, erregea eta erlijinoa, horretarako eginda dagoalako.
Honek guztiak, ostera, ez dau esan gura bestelako interesik ez dagoanik. Alderantziz, balio handiko agiri bat da eta, duda barik, argitara emon beharko litzatekena ikerketa sakon bategaz batera, ondo baino hobeto erakusten deuskuz-eta sasoi bateko mentalidadeak eta historia kontetako moduak. Eta gaur eguneko historia egiteko modua baino okerragoa ez dalako, beste era batekoa baino.
Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.
Dozena bat urte inguru izango dira Lekeitioko udal artxiboan beharrean ekiteari itxi geuntsanetik, eta beharbada horregaitik apur bat ahaztuta neukan han topetea suertau jakun agiri bat. Lekeitioko kasuan, dokumentu hau berezia da, baina ez bakarra. Berezia dinot, ez dalako artxiboetan sarri topetan dan horreetako akta, txosten edo eskutitz bat. Ez, aitatu behar deutsuedan testu hau irauteko eta erakusteko egindako historia behartxua da, aitatzeko moduko jazoera batzuen barri emoteko idatzitako historia lan bat hain zuzen be. Bakarra ez dala esan dot, artxibo horretan beste antzeko bat be badagoalako, nahiz eta bardina izan ez.
Atariko gehiago barik, hasi gaitezan. Izenburu zehatzik ez dauka agiriak, baina aurkezpenean agiri diran berba batzuk oso esanguratsuak dira lanaren nondik norakoak erakusteko.
Gaurko berbakaz eta euskeraz esateko, Lekeitioko herrian frantsesen kontrako
gerran izan ziranak kontetako egindako testua izango litzateke gitxi gorabehera.
Era horretako gitxi batzuk baino ez doguz ezagutzen Euskal Herrian eta euskeraz bat bakarra, bera itzulpena eta Iparraldean idatzitakoa. Gu aztertzen gabilzana erderaz dago. Agiri horreek neurri baten kazetaritzearen historiaurrean kokatu geinkez, edo historia idazteko modu aurreakademikoan.
Edozein modutan be, barriak emoteko edo ezagutuarazoteko asmoak eragindakoa da, bere generoko beste guztien antzera. Eta ez bakarrik hori, ze irakurleen borondatea idazleen gurarietara eroateko eginda be badago, hau da, propagandatzat be hartu leiteke.
Testu honen egileak 5 lagun izan ziran, danak handikiak, herriko semerik boteretsuenak eta eleizaburuak. Idazteko agindua Udaletik etorri jaken, beharbada gerra denporan kontsejuak izan eban jokabidea zuritzeko. Gauzak holan dirala, gure testu honek aitatzen dituan kontuak 1808tik 1812ra bitarteko aldian Lekeition frantsesakaz izan ziran okasinoak aitatzen ditu. Beti be, zein oker eta maltzurrak ziran frantsesak esanaz eta zein zintzo, kristinau eta Fernando VII.a Espainiako erregearen aldekoak lekeitiarrak. Zenbat sufridu eben herritarrek kanpotik etorritako soldaduen menpean eta zenbat burruka egin eben hareen kontra.
Idatzia ez dago oroitzapenez eginda, dokumentazinoan oinarrituta baino, eta sinatzaileak bost badira be, seguruena Jose Ibañez de la Renteriak idatziko eban, izan be, handiki honek bazituan lehenago antzeko lanak eta garrantzitsuagoak argitaratuta eta. Dokumentauta dagoala dinogu, ez bakarrik idatzian bertan esaten dalako, testu hau artxiboan topau genduanean, honegaz batera sasoi berekoak ziran hainbat agiri azaldu ziralako historia honegaz lotuta. Hemen dator gorago aitatu dodan propagandearen kontua, ze sarritan ez datoz bat sasoiko agiriak eta gure testuak dinozan kontuak. Zer edo zer komenidu ez bazan, baztertzea zan bidea edo beste era batera azaltzea. Ganera, testuan egileek darabilezan adjektiboak alde bata edo bestea erakusteko beti dira on hutsak edo gaizto hutsak: ez dago erdibiderik, beti lekeitiarren alde eta frantsesen kontra.