Leioako Udalaren Pop Rock Lehiaketan maketak eta CDak aurkezteko epea apirilaren 29a arte egongo da zabalik
Bizkaie!
Aterpe Gazte Bulegoak "Leioako Udala" Pop Rock Lehiaketearen bosgarren deialdia egin dau. Bi modalidade izango dira, Pop Rock eta Metal, eta maketak eta CDak bialtzeko epea apirilaren 29a arte egongo da zabalik.
Aurreko edizinoetan sarituak izan ez diran talde guztiek parte hartu leikie. Esandako moduan, modalidade bi izango dira: Pop Rock (rock and roll, power pop, garage, psikodelia, rock, ska, reggae, punk rock, stoner rock, post rock, noise, pop, rhythm and blues, tecno pop, hip hop, rap eta beste konbinazino batzuk) eta Metal (rock gogorra, heavy metal, trash, speed metal, death, doom, metal gotikoa, industrial, AOR, hardcore, rap metatlikoa eta bestelakoak).
Aurkeztuko dan CD edo maketan bost abesti sartu behar dira gitxienez, eta apirilaren 29a baino lehenago bialdu beharko dira Leioako Aterpe Gazte Bulegora (Jose Ramon Aketxe, 11 - 1., 48940, Leioa).
Maketa edo CDagaz batera, taldearen izena eta kide bakotxaren datuak aurkeztu behar dira (izenak eta abizenak, telefonoa, posta-elektronikoa eta helbidea). Lehenengo fasean, epaimahaiak modalidade bakotxeko hiru talde onenak aukeratuko ditu. Talde horreek finaletara pasauko dira eta maiatzean eta bagilean, antolakuntzak ezarriko dituan lekuetan egingo dira.
Modalidade bakotxeko irabazleak 1.800 euro jasoko ditu, eta irabazle bien artean banda onena aukeratuko da; talde horrek bere abestien CD bat grabetea eta editetea lortuko dau. Talde irabazlearen CDaren 500 kopia egingo dira; 100 antolakuntzarentzat izango dira eta musikearen profesionalen artean banatuko ditu; ganerako 400 kopiak taldearentzat izango dira.
Euskara Zerbitzuka sari berezia be emongo dau, euskerazko kantu onenari, hain zuzen eta irabazleak 600 euro jasoko ditu. Talde irabazle bien artean Aterpe Gazte Bulegoa sari berezia be banatuko da; irabazleak talde handi bategaz joko dau bagilaren 18an, Leioako jaietan.
Epaimahaia musikearen eta prentsa eta irratiaren profesionalek, eta Leioako Udalak izentautako teknikariek osotuko dabe eta epaimahai horrek saririk ez emotea erabagi ahal izango dau, egoki ikusten badau.