'Bilbao Ars Sacrum', erlijinoak eta musikeak bat egiten dabenean
Gotzon Uribe
Aste Santuan, urtero legez 'Bilbao Ars Sacrum' jaialdia izan dogu Bilbon. Aurten, adierazpide erlijioso eta estetikoek jatorri desbardineko kulturakaz bat egin dabe. Aukera ezin hobea, beraz, Mexiko, Turkia eta Tibeteko soinu eta kulturak ezagutzeko.
Batzuentzat opor egunak amaitu ez badira be, martiaren 12tik 27ra bitartean egin zan jaialdia Bilboko hainbat gunetan. Aurtengo lema 'Zeruari begira' izan da.
Gauzak holan dirala, Enkarnazinoaren eleizan aukera ederra izan da sufi korrontearen errito espirituala ezagutzeko; badaezpada, sufi-a, Islametik eratorritako korronte erlijiosoa dogu eta beronen bitartez gizakiaren armonia kosmosagaz azaltzen ei da.
Beste alde batetik, Papantlako gizon hegalariak be Arriaga plazan izan doguz. Mexicoko Veracruz urikoak dira, eta Tococana herriko erritual paganoen erakustaldia eskaini dabe 30 metroko altuera dauen poste baten; bertan dantza egiten dabe 'jainkoen' aurrean eta berauen poztasunerako.
Horrezaz ganera, Tibet-eko Namgyal baseleizako monjeek, Ensantxeko merkatuan Mandala izenekoa eregi eben. Zer ete dan hori? Zirkulu bat, hain zuzen be, figura eta objetu desbardinakaz sortua eta harea eta kolore desberdinak erabiliz; horrek, erlijino budistan unibersoaren forma sinbolikoa adierazoten dau.
Alde musikalari dagokionean, musika erlijioso kristinaua 'Stabat Mater Dolora' musika sakroan islatu zan. Kontuak kontu, musika flamenkoa sufiagaz nahastauta entzuteko aukerea egon da eta meza flamenkoan parte hartzeko aukerea be bai; Bilbao Ars Sacrum jaialdian parte hartu ebenen artean, Enrique Morente nabarmenduko neuke.