Perearentzako Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren txartela
Behin lan puntuagarriak amaituta hau izan zan epai mahaikideek bertsolariei emon eutsen puntuazinoa: lehenengo postuan, Oihane Perea 306 puntugaz, bigarren, Zigor Enbeita (300 p.), hirugarren, Manex Agirre (299 p.), laugarren, Rikardo Gonzalez de Durana (293.5 p.), bosgarren, Izar Mendiguren (275.5 p.), eta seigarren lekuan, Orlando Arreitunandia (266.5 p).
Modu honetan, kanporaketa haretan erabagi zan zein bertsolari egongo dan datorren hilaren 9an Gasteizko Kontserbatorioan jokatuko dan Final handian: Amurrioko saioko Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre eta Juan Mari Juaristi eta Legutioko saioko Oihane Perea, Zigor Enbeita eta Manex Agirre.
Maiteder Sasieta Murua
Legutioko Kultur Etxeak Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken kanporaketa jaso eban San Jose egunean. Aretoan jende dezente alkartu zanean taularatu ziran sei bertsolariak: Manex Agirre, Orlando Arreitunandia, Zigor Enbeita, Oihane Perea, Rikardo Gonzalez de Durana eta Izar Mendiguren. Esan beharra dago Manex Agirre eta Oihane Perea zuzenean sartu dirala final aurreetan joan zan urtean finalista izan ziralako. Guztiek lan bera egin behar izan eben Irati Lotina gai emoilearen esanetan: hiruna bertso zortziko nagusi, zortziko txiki eta hamarreko txikian eta kartzelako lanean puntuari erantzuna eta gai bati bina bertso doinu eta neurri librean.
Oro har fin aritu ziran sei bertsolariak, baina bi-hiru nagusitu ziran guztien gainetik. Perea urteroko indarragaz sartu da txapelketan; Enbeita, joan zan urtean finalerako txartelik lortu ez eban arren, maila polita ari da erakusten txapelketa osoan zehar eta Agirrek be egoki bete eban bere lekua.
Ofiziotan zortzikoetan ibili ziran bertsolariak ondoen, hamarreko txikian ez eben eta gaiakaz asmetan jakin. Kartzelako lanean entzun ziran arratsaldeko bertsorik onenak. Hamar urtegaz itsu geratu eta ebakuntza baten bidez ikusmena errekuperau leiken personearen lekuan jarri ebazan bertsolariak Lotinak. Gaiak holan eskatuta oso bertso sakon eta xamurrak entzun ziran.