Barriketan  IV. urtea // 102. zenbakia

Santi Ugalde (Joxepo): 'intimidadeak prezioa dauka eta oso karu dago'

Santi Ugaldek aurkezpen larregi be ez dau behar, izan be, azken urtebetean sekulako arrakasteagaz antenan dagoan ‘Vaya Semanita’ umorezko saioko aktoreetako bat da. San Jose egunean Bakion atrapau genduan, izan be, Bakioko txakolinaren uzta barriaren aurkezpen ekitaldian bera izan zan aitabitxia eta berea izan zan txakolin barria lehenengoz probetako ohorea. Txakolinaren eta ‘Vaya Semanita’ saioaren ganean berba egiteko prest azaldu jakun eta hona hemen Bakion bertan egin geuntson galdeketea:

1. Bakioko txakolinaren uzta barriko aurkezpenerako aitabitxi izentau zaitue. Ohore handia zu lako bakiotar batentzat...

Duda barik. Orain arte ume baten aitabitxia baino ez naz izan eta hori orain 30 bat urte izan zan. Orain txakolinaren aitabitxi izentau nabe, gauza materiala da hau baina ilusino handia egin deust, emozionau egin naz karpapean horrenbeste jente ikusita eta ohorezko aurresku eta guzti. Izerditan parau naz emozinoagaz eta azalean holako dardara bat igarri dot.

2. Ezagun-ezaguna zara baina jenteak, akaso, ez daki bakiotarra zarana...

Bai. Gurasoak bertokoak daukadaz eta nire familia txakolinerua da, ez produktore handia baina bai, ostera, kupel txikitxoagaz, batez be, etxeko kontsumorako txakolina egiten ebana. Txorizo egosiagaz txakolina hartzearena antxina ezagutu neban ohiturea da. Txakolinaren produkzino komertziala ez dot oraintsura arte ezagutu baina txakolinak bere garrantzia euki dau nire bizitzan txikitatik.

3.- Doniene-Gorrondona, Abio, Zabala danok buruan daukaguzan izenak dira baina proktore txikiak be badagoz Bakion..

Jakina. Aitatu dozuzan horreek puntaren puntan dagozan produktoreak dira baina, jakina, txikiak be ugari dagoz. Esan deutsudan lez, lotura estua euki dot nik txakolinagaz eta mahatsa biltzen be ibilitakoa naz umetan, zortzi bat urtegaz, orain makinatxu bat urte. Auzolanean, edadekoakaz ibilten nintzan eta egun osoa beharrean egon ostean ez daukadaz ez ahaztuteko mahatsondoen azpian egindako barriketaldiak, afariak...; ahaztuezineko gomutak dira.

4.- Txakolinaren kontua bazterrean itxita, zure jatorri preofesionalen bila joango gara. Badakigu antzerkiaren munduan emon zenduzala lehen pausuak Bekereke taldeagaz...

Bai. Magisteritzako antzerki tailerretan hasi nintzan antzerkiari gustoa hartzen. Ikasketaz irakaslea naz, beraz, eta hortxe hasi nintzan antzerkiaren mundua ezagutzen; zaletasuna hortxe sortu jatan. Hortik aurrera, orain 20 bat urte erdi amauter, erdi profesionala zan Bekereke taldean hasi eta Arabara joan nintzan biziten. Benetako eskolea izan zan Bekereke niretzako. Kontuak kontu, serioago, geroago, Trapuzarra taldean ekin neutson ibilbideari. Hogei urtetik gora daroadaz talde honetan.

Telebistarena ezustekoan etorri jatan kontua izan da, egia esateko; orain pare bat urte, Oscar Terolen konbidapena jaso neban 0 programa bat egiteko eta sorpresa handia izan zan niretzako programea aurrera ataratea eta ni bertan egotea. Ordutik hona zorabiatzeko moduko zurrunbiloan sartuta gagoz.

5.- Zelakoa izan zan antzerkiaren mundutik telebistarako salto hori?

Upealakoa. Nik beti esaten dot haize zabalean parrilan egon nazala jatekoa egiten baina konturatu nazanerako mikrouhinean sartu nazala edo sartu nabela. Mikrouhineko lehen urtebetea gatxa izan da niretzako; egokitzapen prozesua beharrezkoa da, jakina, telebistan aktorea programearen esklabu izaten da, aktorea produktuaren edo programearen zerbitzura dago. Antzerkian, barriz, aktoreak askatasun handiagoa dauka, sormenerako leku gehiago dago. Orain, dana dala, urte ta erdiko egokitzapen prozesuaren ostean, benetan disfrutetan nago programeagaz.

6.- 'Vaya Semanita' saioaren arrakastea ezusteko itzela izan da danontzako. Zergaitik?

Ez da erraza. Jenteak esaten dauenaren kontra, nik uste dot euskaldunok beti izan dogula geure buruaz barre egiteko kapazidadea edo erraztasuna; antxinatik datorren kontua da, bertsolari zahar eta klasikoak aitatuko neukez, hurreko egoerei txispa berezia ataraten maisu handiak, txarlotadak, argitalpen batzuk. Kontua da ze, euskaldunon umorea eta txisteetarako jokera hori orain arte ez dirala nabarmen agertu telebistan eta baegoala horren beharra. Politika arloko (kale burrukea, lehendakaria, erregea...) zein sexuaren (homosexualidadea...) ganeko tabu batzuk jorratzen ditu programeak eta danon buru eta gogoetan egon diran gai horreek telebista bidez kaleratzea izan da arrakastearen klabeetako bat nire ustez, ze orain arte era horretako txisteak jaietan, irratietan zein beste bitarteko batzuetan agertu izan dira baina inoiz ez telebistan. Zeozelako ausardia be egon da baina bitartekoa, kasu honetan telebistea izan da giltza. Gizartean premina handia egoan aitatutako gai horreek zabaltzeko eta normaltasunez jorratzeko. Ganera, momentu egokia izan da era horretako kontuak lantzeko, askatasun eta ausardia handia daukagu, zentsurarik ez dago, Espainiako banderearen harian eta, pare bat edo hiru txiste ez doguz emon baina gehiago izan da autozentsureagaitik inork esandakoagaitik baino. Gai guztiak muga barik jorratzea danon subkontzientean dago, eskertiarretan zein eskumakoetan eta hor be arrakastearen klabea dagoala esango neuke.

7.- Aktoreen aukeraketeak be zeresana eukiko eban arrakasta horretan?

Aktore danak gatoz mundu edo diziplina desbardinetatik eta Espainiako lurralde edo probintzia desbardinetatik eta aniztasun horrek aberastasuna ekarri dau, duda barik. Horrezaz ganera, aktoreok egokitzapenerako egin doguzan aparteko ahaleginak be aitatuko neukez. Hasierako programetatik azkenegoetara alde handia dagoala esango neuke, batez be, apurka-apurka geure arteko hartu-emonak eta ezagutza mailea be hobetzen joan dalako eta hori igarri egiten dalako azken produktuan.

Beste alde batetik, hasiera-hasieratik freskurea izan da saioan protagonista eta horri eutsita jarraitzen dogu beharrean , zorionez jentearen harrera ederragaz.

8.- Oscar Terolen aginduetara behar egitea zelakoa da?

Bueno, Terol beste lankide bat baino ez da. Oscar Terolen gainetik zuzendari bat dago eta horren gainetik produktora bat. Oscar Teroli nire eskerrik beroenak emon behar deutsedaz ze berari esker nago 'Vaya Semanita' saioan. Oso ondo konpontzen naz beragaz.

9.- Labur baino ez bada be, kontaiguzu zelakoa dan programa baten grabazinoa.

Martitzenetik barikura egiten da programearen grabazinoa. Egun batzuetan kanpoan grabetan dogu, beste egun batzuetan, gela txikietan kromak grabetan doguz eta 'Los Sanchez' eta 'Kaudrillea' lako sketch-ak Goenkaleren setean grabetan doguz. Jakina, gidoilarien suetetan lantzen dira testuak, hain garrantzitsuak diran gidoiak, danetara sei lagun dabiz horretan. Aktoreok testuak ikasteko denpora larregi ez dogu izaten baina gustora ekiten deutsegu grabazino saioei. Azkenik, saioaren zuzendariaren beharra be ez neuke ahaztu nahi, Javier Bikuña da bera eta lan ederra egiten dau 30 laguneko taldea gidatzen, momentu txarrretan zein onetan.

10.- Aktoreen lana izaten da papel edo rol desbardinetan sartzea. 'Vaya Semanita' saioan egiten dozuzan papelen artean bat aukeratzekotan...

Danatan nabil gustora baina, akaso, Los Sanchez eta Kuadrilleagaz sentitzen naz hobeto; Pepe Sanchez eta Joxeporen papeletan seguruago nabil eta, era berean, seguridade horri esker, gehiago disfrutetan dot. Kontuan hartu, urtebete inguru sortu zirala personaje horreek eta, jakina, denporaren eta lanketearen porasuz gauzak beti hobetzen dira. Ganerako personajeakaz, batzuetan inprobisau beharrean egoten gara eta holakoetan beti dago arriskuetarako aukerea.


11.- Zuk zeuk zelan daroazu arrakastearen eta persona ezaguna izatearen karga hori?

Urte txarra pasau neban. Hogei urte daroadaz antzerkian lanean baina holako akosorik ez dot oraintsura arte sufridu eta emoten ez badau be, nahikoa persona lotsatia naz. Denporeak eta jentearen harrera eta maitasunak asko lagundu nabe. Baina, jakina, gogorra da gauez ezin urtetea edo leku zehatz batzuetara joatea; intimidadeak prezioa dauka eta oso karu dago. Hori bai, jakitun naz personaje publikoa izanda, horri be erantzun behar jakola eta neurri baten ulertzekoa da jenteak zu ezagutu edo agurtu gura izatea.

12.- Kontraesana emoten dau jentaurrean behar egiten daben aktoreak lotsatiak izatea baina zabal dabilen kontua da hori, ez zara bakarra...

Bai. Umorearen munduan, asko dira beharretik kanpo serioak eta lotsatiak diranak eta beharbada, antzerkiak eta komikotasunak personak transformetako daukien gaitasuna dago horren atzean. Umorea terapeutikoa da gu lako lotsationtzat.

13.- 'Vaya Semanita' saioaz ganera, ze proiektu dozu orain?

Vaya Semanitan pare bat asteko atsedenaldia daukat orain eta Trapuzarragaz hasiko naz ikuskizun barria preparetan: 'TetraRip, el ultimo envase'. Jenteak 'Vaya Semanitan egiten dodazan papeletan ikusten naben lez eta bestelako papel batzuetan sartzea oso gatxa danez, lan horretan, aktore lez parte hartuko ez dodan arren, idazteari ekingo deutsat eta zuzendari lanak be egingo dodaz. Lehenengo esperientzia izango da horretan baina gogotsu nago.

14.- Antzerkia sakrifiketeak merezidu izan dau?

Gogorra da, baina gauzak holan etorri dira; antzerkian aktoreok sare barik behar egiten dogu, beharra dagoanean egin behar izaten da eta telebistarena aukera ederra izan da. Ez dago holako aukerak baztertzen ibilterik. Telebistan gustora nabil eta antzerkiaren munduan zuzendaritza beharra be gustetan jat, zer gehiago behar dot, ba...

15:- Azken urtebete eta erdian sano lanpetuta zabiz. Oporretan nora?

Ez naz bidaia handiak egitekoa. Bagiletik urrira, herririk herri ibilten gara antzerki taldeagaz eta denpora barik ibilten naz eta denskantsurako Bakio zein Donostia aukeratuko neukez, leku bietan haize zabalean, irakurteko, emazteagaz eta seme-alabakaz egoteko eta trankil egoteko lekuak daukadaz eta hor emoten dodaz orduak gustora.

Koldo Isusi Zuazo