Gazte hizkerearen ganeko jardunaldiak Azpeitian
Arazo horren ganean berba egiteko, Euskal Herriko Ipar eta Hegoaldeko gazteak eta adituak alkartuko dira Azpeitian "Gazte hizkerea eta euskereari buruz" berba egiteko. Jardunaldiak 2005eko apirilaren 6an eta 7an izango dira.
Euskerea gehien erabilten dan herrietan be, gazteek lagunartean erabiltzen daben hizkerea erderatik hartzeko joerea daukie, nahiz eta euskereak hizkera hori euki badaukan. Urtxintxa Aisialdi Eskoleak eta Ttakun Alkarteak Azpeitiko Euskera Patronatuaren laguntasunagaz antolatu dabezan jardunaldi honeetan egungo euskerazko gazte hizkerearen egoerea aztertu gura dabe. Horretarako, deitutako adituez ganera, gazteek berba egiteko aukerea izango dabe eta euren eretxia entzun ahal izateko aukera izango da Azpeitian apirilaren 6an eta 7an.
Gazte hizkera ez formala erderaz
Azken urteetan, euskerearen normalizazinoan lanean ari diranek, eta batez be, gazteakaz lan egiten dabenek, kezka nagusi bat aitatzen dabe: gazte euskaldunek lagun artean batez be erderaz berba egiten dabe.
Euskerea asko eta askotan erabiltzen dan herrietan be, Azpeitian bertan berbarako, gazteek erregistro ez formala erderatik hartzeko joerea daukie, nahiz eta euskereak erregistro hori izan eta eurak esakera barriak sortzeko gai izan. Gazte horreek, euskaldunak izan arren, askotan, ligetako, adarra joteko edo haserratzeko orduan, sentimendu horreek euskeraz komuniketako gatx izaten dabe.
Atal bitan bananduko dabez jardunaldiak: gazteak eta helduak. Helduen kasuan, ponentziak eta mahai inguruak egingo dira batez be. Gazteen kasuan, talde dinamiken bidez euren eretxia jasoko da. Ahalik eta aberasgarriena izan daiten, ingurune askotako gazteak bilduko dira: kaletarrak eta baserritarrak, euskaldunak eta erdaldunak... Euskal Herriko lurralde guztietako gazteak.
Xabier Paia
Akordetan naz ikastolan euskera taldea sortzeko arrazoi nagusietako bat euskeraz berba egiteko egokitasun eza izan zala; orduan lau katu baino ez ginan izan gura genduna gura gendun lez esateko berba egokirik ez gendula topetan ikusi gendunak. Neska baten adibidea nabarmena izan zan ganera, artean nahiko esaldi arrunta zalako: “Zelan esan geinke ‘me rayas’ euskeraz? Marratzen nauzu?”
Galdera horrek berak erantzun asko emoten dauz erdalguneko euskal gazteriaren inguruan (izan be, oasiko eta basamortuko loreak ez dira bateragarriak): hasteko, egungo gazteriak erderaz pentsetan dau, esaldi horren ulermen arruntean. Ondoko lagunak itzelezko belarri-jana (honen jatorria be...) egiten ari bajaku, egungo gazte eta gaztetxoeri ez jaku “zoaz antzarrak ferratzera” (ez dot uste hika hasiko ginanik) edo “joan pikutara” egoki irudituko. Aukera onak izan leitekez (jatorrak), baita zuzenak be, baina sekula be ez dira egokiak izango. Izan be, karga pragmatikoa eta esaldiaren esangura semantikoa ez datoz bat. Ondorioz, erderazko ulermen sistemak ezin dau lotura artezik euki euskereagaz, eta berba egin baino lehen pentsetan (ei) dogunez, gure pentsamenduari ondo lotuko jakon berbakerea bilatzen dogu. Horretan, ganera, erdalgune zein euskalguneko gazteak antzekoak gara. Gero eta gehiago dira kanpoko erreferentziak bi inguruetan: erdalgunean aspaldiko kontua da euskera zaharbarritzeko beharrizana, baina euskalgunean gero eta gazte gehiagok jotzen dau erderara. Arazo, beraz, hor dago.