Espainiako demokrazia, Estadu Batuetakoaren parean
Ez dakit nik Espainiako sozialistentzat zer esanahi daukan eskubide berbeak. Nire ustez, gero eta gatxagoa da parte-hartze politikorako eskubidea bermatzea Euskadin. Zenbat dira dagoeneko politikan parte hartzeko eskubiderik ez daukienak. Begi bistan dago gure herri honetan indarkeriagaz ‘zerikusia’ daukan giza multzoa gero eta handiagoa dala. Milaka lagunen ibilbide politikoa ikertuko da. Horreek danek euren eskubideak mugatuta eukiko ete dabez aurrerantzean? Eta ganerako alderdi politikoetako militanteek, ezker abertzale ofiziala kenduta, sinatu badabe, alderdi horreek be ilegalizau egingo ete dabez? Hau zoramen hutsa da, Zuzenbide estadu bategaz zerikusirik ez daukana. Aldi berean, ez deutso inork PSOEri eskatzen GALen kondena egitea edota PPri Frankorena.
Arinkeri handiagaz kritiketan dabe Espainiako progresistek Estadu Batuetako politikea, euren eretxiz oinarrizko eskubideak urratzen dabezalako terrorismoaren kontrako burrukearen atxakiagaz. Arrazoia daukie, zalantza barik. Zoritxarrez, ez dabe behar bezelako adorerik erakusten Estadu Batuetarako erabilten daben ‘eskubidemetro’ bardina Espainian apliketako. Horrexegaitik, Atlantikoaren bestaldekoak kritikau egiten dabez hamengo aldekoak txalotzen dabezan bitartean. Gauzak holan dirala, ezin da esan Espainiako demokraziaren kalidadea ona danik.
Iñaki Atxutegi
Ez dau emoten Aukera Guztiak ekimenaren ibilbidea lar luzea izango danik. Kostata bada be, legeak eskatutako sinadura kopurua bete eben arren, Espainiako Fiskal Nagusia ahalegin guztiak egiten dabil ETAgaz lotzeko eta, ondorioz, ilegalizetako.
Kontu serioak dira honeek, giza eskubideakaz zerikusia daukienak. Hasikeran, Conde Pumpido jaunak bere susmoak agertu ebazan. Fiskalburuaren ustez, Aukera Guztiak ezker abertzalearen marka barria da eta ETA salatzea eskatu behar jako. Aukera Guztiak ekimenaren bozeroaileek esan dabe giza eskubideen urraketa guztien kontra dagozala. Edozelan be, ez da nahikoa Fiskal Nagusiarentzat, izan be, ETA salatzea nahitaezko baldintza da.
Ez dira hor gelditu Estaduko botereak, sinatu daben 19.000 lagunak ikertu egingo dabezala jakinarazo dabe, galarazotako alderdiakaz loturarik ete daukien argitzeko.
Hau guztiau ikusita ez dakit nik jaubetu garan noraino heldu dan Espainiako demokrazia. Upealako erreakzino olatua sortarazo eban Xabier Arzalluzek orain urte batzuk Espainiako demokrazia oso kalidade eskasekoa zala adierazo ebanean. Zapateroren "talantea" hutsala da jazoera honeen aurrean. Haren agintaldiaren urtebetegarrenean, ordurarteko boterea "deretxosoa" zala adierazo eban, eta berea, ostera, "deretxuzkoa".