Euskaldunok munduan  I. urtea // 11. zenbakia - 2002ko urriaren 1a - Hamaboskaria

Euskaldunak kolonizatzaile eta konkistatzaile

Euskaldunen ibilerak Mexikon


Gai honen harian, Lascurain ikertzaile mexikarrak ondokoa baieztatzen dau: 'Hernan Cortes eta beronen senideen inguruko talde extremadurar-andaluziarra kenduta, Mexikoren bizitza kolonialeko hasikerako urteetan espedizino kolektiboan heldutako talderik jentetsuena eta eraginkorrena euskaldunek osotutakoa zan, bape duda barik.'

Koldo Isusi Zuazo


Beharraren, diruaren eta bizimodu hobearen bila, bolada baten askok eta askok agur esan eutsien euren jaioterriari eta, gaur egun, milaka dira Euskal Herriko mugetatik kanpo bizi diran euskaldunak. Mende askotan, emigrazinoa gizonezkoen kontua zan: Ameriketara alde egiten eban emakume bakotxeko berrogei gizonezko joaten ziran. XIX. mendean jokera hori aldatu egin zan, eta hortik aurrera emakumeek be itsasoa zeharkatzeko erabagia hartu eben.

Edozelan be, emigrazino bolada hori baino askozaz lehenago, euskaldunak baebizan munduan zehar, kasu askotan, kolonizatzaile eta konkistatzaile ganera. Kristobal Kolonen bidaietan euskaldunek zeresan handia izan ebena gauza ezaguna da eta, aditu batzuen esanetan, kapitain bizkaitar batek emondako barriei esker heldu zan Kolon Ameriketara, ze, antza danez, bizkaitar horrek esan ei eutson Kristobal Koloni itsasoaren beste aldean lurra egoala. Horrezaz ganera, Kristobal Kolonen hiru karabela ospetsu horreetariko baten, Santa Maria izenekoan hain zuzen, euskaldun bat zan kapitain nagusia 'Juan Vizcaino' legez ezaguna eta, jakina, tripulazinoko kideak be asko eta asko euskaldunak ziran. Kolonen beste karabela batek, 'Niña' izenekoak, euskal marinel asko eroan zituan Ameriketara.

•Historian zehar, euskal bidaiariak eta konkistatzaileak askozaz gehiago izan ziran

Mexikoko pasadizoak:

Nuño de Guzmanen espedizinoan Kristobal eta Juan de Oñate euskaldunak joan ziran Mexikora. Oñatearrak Guadalajara uria eregi edo fundau eta Kristobal gobernatzaile izentau eben; geroago, indiarrak altzau ziranean, hanka egin behar izan eban euskaldunez osotutako gudaroste bategaz. Beste gipuzkoar batek, Juan de Tolosak hain zuzen be, zidarra topau eban ezpedizino baten eta Zacatecas fundau eban Diego de Ibarra, Kristobal de Oñate eta Baltasar Temiñogaz batera. Eskualde hori Ameriketako zidar-meategirik emonkorrenetarikoa izan zan hurrengo gizaldietan.

Juan de Oñate, Kristobalen semea, Juan de Tolosaren alaba bategaz ezkondu zan eta Amerikaren konkistan zeresan handia euki eban. 1598an Mexiko Barriko lurraldea kolonizau eban. Espedizino horretan, kolonoak eta abereak joan ziran eta, era horretara, gaurko AEBetako lurretan lehenengo ardiak sartu ebazan; geroago, makinatxu bat artzain joan zan bertara Euskal Herritik, ardiak jagoten. 1601. urtean, Kansasen hegoaldera heldu zan, baina Quivirako erreinu mitikoa topau ez ebanez, Mexiko Barrira bueltau zan. Hiru urte beranduago, 1604an Arizona, Kolorado eta Kaliforniako golkoraino joan zan ondasunen bila. Dana dala, esku hutsik etorri zan eta gobernatzaile karguari uko egin eutson, dimisinoa aurkeztuz.

Mexikon jarraituz, Frantzisko de Ibarrak, Diego de Ibarra konkistatzailearen lobeak, Espainia Barriko (Mexikoko) iparraldea esplorau eban 1554 eta 1564 bitartean. Han topau zituan lurrei Bizkaia Barria izena ipini eutsen eta lur horreetan eregitako uriburuari Durango izena emon eutson.

Mexikoko euskal koloniak (Euskal Herritik joandakoak edo Ameriketan bertan jaiotakoak) alkarri laguntzeko eta erlijinoari eusteko senidetasun erlijiosoa sortzea erabagi eban, Andra Mariaren Kofradia izenagaz. Euskal Kofradia hau Mexikoko frantziskotarren komentuan ezarri eben, eta 1688an Senidetasunak bere lehenengo kaperea zabaldu eban euskaldunentzat 'euren emazte, seme-alaba eta ondorengoentzat'. Ameriketan eregi edo fundau zan lehenengo euskal erakundea dogu hau.

Horrezaz ganera, Mexiko uriko euskaldunek umezurztegi handi bat eregitea proposatu eben XVIII. gizaldian, San Inazioko Ikastetxea izenagaz, nahiz eta herriak 'Colegio de las Vizcainas' lez ezagutu. Helburua argia eta zehatza zan, hau da, ondasunik bako euskal jatorriko alaba, emakume eta alargunei babesleku bat eskaintzea, kale gorrian bizi ez eitezan. Ikastetxea oraintsura arte egon da martxan, ia-ia hiru mendetan zehar.

Beste alde batetik, Zumarragako Migel Lopez de Legazpi aitonen semea 1503an jaio zan familia aberats batean. 1545ean Mexikora joan zan udaleko idazkari nagusi kargua betetera. 1563an, barriz, Luis de Velasco erregeordeak, Fray Andres de Urdanetaren eskakizunari erantzunez, Filipina uharteak konkistetako agindua emon eutson. Esan eta egin. Hori bai, Legazpi, bere nortasunari eta pentsakereari eutsiz, Filipina uharteak odol isurketa barik konkistetan ahalegindu zan. 1571n Manila uria eregi eban eta urtebeteko epean, uharte honeen eta Mexikoren arteko merkataritzea oso emonkorra izatea lortu eban.