Buena vida - Delivery
Azken urteotan Argentinak zuzendari abilen iturri agortezina emoten dau. Zerrenda horretan Leonardo Di Cesare be sartu beharko dogu; izan be, film honi esker, Toulouseko eta Mar de Platako zinemaldietako lehenengo sariak eskuratu dauz. Krisialdi ekonomikoa ostera be erabilten da maitasun eta biziraupen istorio bizkor eta freskoa umore handi eta zorrotzagaz kontetako atxakia modura.
Argentinak 2001ean bizi izandako krisialdi larriaren ondorioz, film honen ekoizpena eten behar izan zan tarte batez. Beharbada, horrexegaitik erakusten dau hain modu egokian zeintzuk diran bizirauteko erabili beharreko trikimailu eta jokabideak. Hori guztiori, dana dala, barreen eta egoera esperpentiko eta zentzunbakoen bitartez bideratzen dau, pisua gizartearen eta personen premina eta beharrizan gorrietan imini barik; azken batean, pelikula hau herrialdea sufriduten dabilen errealidade gordinetik aldentzen da, muturreko egoeretan bizitzen jarraitzeko beharrezkoa dan pikareskearen barri emonez.
Filmak ez dau behin be galtzen umorezko ikutua eta hori, neurri batean, gidoi sinple baino sendo bati zor jako. Antzezpenek Argentinako zinearen ohiko freskotasun eta lotsabakokeria daukie eta egoerarik estuenetatik urtetako ezin hobeto erabilten dabez berbajarioa eta etorria. Era berean, Ignacio Toselli-k ondo be ondo jardun dau, zirkunstantziek atrapautako benetako “boludo” bihurtzeraino.
Komedia gazi-gozoa eta burutsua, ikus-entzuleei tarte dibertigarria pasetako aukerea emongo deutsena, kontakizun sinisgatx baina egiazko bati esker.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Leonardo Di Cesare.
-Herrialdea: Argentina.
-Iraupena: 94 minutu.
-Antzezleak: Ignacio Toselli (Hernán), Moro Anghileri (Pato), Óscar Núñez (Venancio), Alicia Palmes (Elvira), Sofía da Silva (Luli), Ariel Staltari (Beto), Pablo Ribba (Seba), Marcelo Nacci (José Luis), Ricardo Niz (Colifa), Óscar Alegre (Roberto), Hernán Ticona (Ramón), Puma Goity (Linares doktorea).
-Gidoia: Leonardo Di Cesare eta Hans Garrino.
-Argazkia: Leandro Martínez.
-Muntaia: Liliana Nadal.