Zinea  IV. urtea // 102. zenbakia

Alfie


'Alfie' filma ez da bakarrik konpromisorik hartu gura ez dauen andrezale amorratu baten ganeko kontakizuna. Egia esan, fatxada eta irudiaren gizarte honen erakusgarri egokia da eta horrek sortu eragiten dauzan kontraesanen erretratugile aproposa. Dana dala, hasikerea nahiko makala da; Alfie behin eta barriz agertuko jaku kamereari begira bere azaleko jokabidea justifikau guran. Edozelan be, aurrera egin ahala, sendotasuna eskuratu eta ikus-entzuleak gehiago sartuko dira kontakizunean, sarrerako apatia albo batera itxiz.

Halanda ze, esan daiteke film luze honen tarterik onenak protagonisteak bere jokabidea dudatan ipinikeran agertzen dirala. Arrakastea bat-batean desagertzen da eta guztia errealistagoa dala emoten dau. Kontraesanen tartea pelikula osoaren unekadarik eraginkorrena da.

Jude Law-ek pelikula osoaren pisuari eutsi behar deutso; seduktorearen zereginean ondo jardunagaitik be, lanik onena sufrimentu eszenetan egin dau. Era berean, laburra izan arren, Susan Sarandon-ek egindako antzezpena aitatu beharra dago; arretaz ikusi eta aztertu pelikulearen azken minutuetako lana.

Istorioa, laburbilduz, ez da apartekoa, ez dauka indar larregirik eta ez jako inori oso sinisgarri egiten; edozelan be, zine aretoetan daukaguzan aukera urriak ikusita, beharbada, benetan dana baino hobea dala pentsauko dogu.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Charles Shyer.
- Herrialdeak: Erresuma Batua eta AEB.
Iraupena: 103 minutu.
- Antzezleak: Jude Law (Alfie Elkins), Marisa Tomei (Julie), Omar Epps (Marlon), Nia Long (Lonette), Jane Krakowski (Dorie), Sienna Miller (Nikki), Susan Sarandon (Liz), Gedde Watanabe (Wing), Dick Latessa (Joe), Renée Taylor (Lu), Jeff Harding (Phil).
- Gidoia: Charles Shyer eta Elaine Pope; Bill Naughton-en lanean oinarritua.
- Argazkia: Ashley Rowe.
- Muntaia: Padraic McKinley.