Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 102. zenbakia

Hezkuntza Saila 50 bullying kasu aztertzen dabil


'Hausnarketa astea'

Abian ipinitako neurrien artean aitatzekoa da ikastetxeetan 'hausnarketa astea' deritxon kanpainea deitzea irailaren hirugarren astean, beti be institutuko ikaskideen persekuzinoa eta erasoa sufridu eban hondarribitar gazteak bere burua botateko aukeraturiko sasoiagaz bat etorriz.

Ganera, Hezkuntza Sailak www.ikasle.net web gunea gauzatu dau, ikasleek beharrezko laguntzinoa eskatu daien. Orain arte 55 personak bialdu dabez mezuak; horreen erdiak aita-amak izan dira.

Kontsulten heren bat daborduko igarotako tratu txarren gomutak baino ez dira eta erdia erasoak modu pasiboan ikusi dabezan personenak dira. Web gunea erabiliz ailegaturiko 55 kasuetarik lau besterik ez dira bideratu Hezkuntza Ikuskaritzearen bitartez.

Begiluzea

Aurreko irailean ikasturtea hasi zanetik hona, Hezkuntza Ikuskaritzea gure hezkuntza sistemako 200.000 ikasleen artean 19 bullying kasu aztertzen dihardu Lehen Hezkuntzan eta beste 31 Bigarren Hezkuntzan. Gurasoek eta ikastetxeek salaturiko kasuak izan dira eta horreen erdian ikaskideen arteko tratu txar fisikoak aztertzen dabilz. Jokabide gogor honeek arruntagoak izan ohi dira mutilen artean; nesken artean, ostera, berbazko erasoak, tratu txar psikologikoak, bazterketea edota bildurra eragitea ohikoagoak izaten dira.

Ángeles Iztueta sailburuak aurreko astean esandakoaren haritik, aztertzen dabilzan 50 espedientetariko hainbatetan auzitegira jo behar izango da, baina gogora ekarri gura izan eban bullying kasu guztiak ez dirala Hezkuntza Ikuskaritzara ailegetan, hainbat eta hainbat ikastetxeetan bertan konpontzen diralako. Sailaren datuei jarraituz, ikasleen %3,7k bullying-ari egin behar deutsie aurre, baina hamarretarik batek ez deutso inori ezer esaten.

Halanda ze, sailburuak azpimarratu eban tratu txarrei arpegia emotea hezkuntza sistemearen, familiaren eta gizartearen zeregina dala. “Arazoa kontrolpean dago, baina familiek adi egon behar dabe, arazoaz konturatu ezkero, konpon leitekealako” adierazo eban.

Ildo horri jarraituz, hainbat jarduketa ipini dira martxan ikasleen arteko tratu txarrak desagertu eragiteko. Zehatzago esateko, Iztuetak zuzentzen dauen sailak informazino triptiko bat banandu dau zentro gutzietan eta dokumentu zehatz bat egin dau, familiek euren seme edo alabea indarkeria mueta honen biktimea, ikusle hutsa edo eragilea dan ikusi eta, bide batez, jokatzeko jarraibide zehatzak euki daiezan.

Erasotzaileak eta biktimak

Tratu txarrak igarri daitekez semeari edo alabeari jokabide aldaketak atzemoten bajakoz, berbarako, eskolara joan beharrean etxean geratu gurago badau, eskolearen ganean berba egiten ez badau, sarritan eskolako materiala falta badau edota ikaskideakaz hartu-emonik ez badauka. Erasotzaileen jokaerea, ostera, guztiz kontrakoa izaten da; halan, senideakaz jarrera gogorrak eukiten dauz, ikastetxean ikaskideei eraso egin edo irainak esaten deutsez, sarri askotan hasarre edo artega dago edota inguruko personak gitxiesteko jokaerea eukiten dau.

Ganera, prestakuntza ikastaroak emoten hasi dira, irakasleek kasuen barri euki daien, eta ikastetxeek jarraitu beharreko pausuak batzen dauzen gidaliburu bat egin da. 'Jarduketa protokolo hau gauzatu dauen lehenengo komunidadea gara; horri esker, modu estandarizatuan jardun ahal izango dogu hezkuntza sistema osoan', zehaztu eban Iztueta andreak.

Agiri horretan prebentzio neurriak jasoten dira, bai eta kasu larrietan sasoiz esku hartzeko neurriak be. Gauzak holan dirala, ikasleak gelaz aldatzea edo talde jakin bat jagoteko beharra handitzea aurreikusten da, beti be biktimea babesteko eta erasotzaileen kontrako diziplina neurriak hartzeko.