Bertsotan  IV. urtea // 102. zenbakia

Hamaika gazte txapeldun


Txapelketa bat laburre edadez
ta asmoagaz saridun
Ausardiegaz bete barrue
dakizun danagaz jardun
Izena faltau jako honeri
eta ifini daiogun
Iribazleak sei direz baie
hamaika gazte txapeldun

Saio danatan emon gurean
norberaren balioa
Gura ta ezine bat egiten da
bigarrena nerbioa
Nahiz te batzuten publikoa dan
flan baten kalbarioa
Euren txaloak ta begiradak
direz erremedioa

Batek aurpegi zuri-zurie
besteak argi irria
Batek posture xelebrea ta
besteak aipagarria
Bien artean osotuten da
mikroraino ekarria
Hasibarriek erein daurien
bertsoan hazi barria

Finalerako bidea hartu
gindunez egunen baten
Nahiz eta galdu gure “ratxea”
ez daitela iñoz eten
Baie BBK sukursalakaz
zelango duda dekoten
Hurrungo urtean ia estoskuen
txartel gorririk emoten

Gorka Intxaurbe

Batek aurpegi zuri-zurie
besteak argi irria
Batek posture xelebrea ta
besteak aipagarria
Bien artean osotuten da
mikroraino ekarria
Hasibarriek erein daurien
bertsoan hazi barria

Martiaren 12ko finalagaz amaitu zan aurtengo BBK sariketea. Bizkaiko bertsolari gazteak batzen dauz sariketa honek urterik urte, eurak dira protagonista nagusiak. Guk finalean kantari aritu zan bertsolari gazte horreetako batengana jo dogu, Gorka Intxaurbe zeaniztarrarengana hain zuzen be, finalaren biharamoneko gorabeherak kontau deiskuzan, bertsotan zelan ez.

Gorka Intxaurbe Zeanuriko Uribe auzoko semea da, 21 urte daukaz eta Bilbon bizi da umetatik. Arratiako Tranbiak bere sasoian egiten eban bidea ederto ezagutzen dau, orain arteko bizitza bere Zeani kutunaren eta kapitalaren artean emon dauz eta. Euskal Filologia ikasten ari da Deustun, bigarren urtea dau, eta esan geinke gaur egungo bertsolari gaztearen profilean bete-betean sartzen dala: unibertsitaria eta sortzailea, bertsogintzaz haratago. Literatur zaletasun handia dauka, eta Euskal Filologiako ikaskide batzukaz batera Igela literatur aldizkaria sortu eban, ipuin zein poesia, literatur kritika zein bertso, euren sormenari zabaldutako leiho bihurtu dan hilabetekaria. Hirugarren alea preparetan ei dabiz, eta Gorka ez da taldeko bertsolari bakarra, Amaia Jauregizar gernikarra be ondo ondoan dauka.

BBK sariketako finalean kantau eban Gorkak Arratiako taldeagaz. Durangaldea eukien etsai eta igaz moduan txapelaren ateetan geratu ziran arratiarrak. Durangaldeak irabazi eban, baina Gorkak berak be irabazletzat dauka bere burua, pozik dago aurten be finalean kantau izanagaitik. Eta kantau bizkaieraz kantau eban, oker ez banago eta joan dan asteko Xabi Paiaren kronikea buruan, finaleko dozena bertsolarietatik hamaikak egin eben moduan. Datu horrek berak merezi dau bizkaierearen saria (trankil, ez dot besteen ortuetan porru bila sartu gura eta). Gorkak Zeaniko euskerea darabil, bertsotan be ahozkotik oso gertu. Badaki bizkaieraz kanteteak preparazinoa eskatzen dauela, bizkaiera estandar batera jo beharko dauela lanketa horretan, eta bien bitartean etxetik dakarren ahozko aberastasunez bustiten dauz bertsoak. Guri idatzitakoak be holantxik datoz, natural natural. Aitortu deuskunez, “igual itxidura lar dauz baie zeozer kanbiau gurebozu kanbiau trankil ze Zeaniko euskerea erabiliot eta ez literarioa”. Ez dot ezer aldatu, bere horretan daukielako balioa, eta zergaitik ez esan, hondino ez dogulako erabagi zelako bizkaierea erabili behar dogun bertsotan, ahoz eta idatziz.

Iñaki Aurrekoetxea