Musikea  IV. urtea // 102. zenbakia

Markinarren ‘Rock ‘n’ Roll’ osasuntsua


Urdulizko Tio Pete estudioan grabau dabez 16 kantuak, Jose Lastraren laguntzinoagaz. Diskoan dagozan kantuen estiloa zuzenekoetan topau geinkenaren berbera dala zehaztu dabe taldekideek, eta laster igarten da disfrutau egiten dabela euren musikeagaz. Helburua eguneroko bizimoduari gatz apur bat botatea da eta, horretarako, musika-tresnak hartu eta rock and rollari ekiten deutse.

Abesti zaharrak eredutzat hartuta, rock and roll osasuntsua egiten dau Aterkings-ek. Kantak ingelesez, gaztelaniaz eta euskeraz dagoz, Markina aldeko euskeraz ganera. Bizkaierea bazter guztietara zabaltzeko aukera parebakoa topau geinke disko honetan, eta, partaideek eurek autortu daben legez, berbakera honek pentsau baino aukera gehiago eskaintzen ditu musika munduan.

Markinatarrak lagun hartuta, asteburuan Madrilera osteratxua egin dabe kontzertua eskaintzera. Aurrerantzean, gure inguruko hainbat herritan ikusteko aukerea be izango dogu. Bitartean, entzun diskoa. Ez zaree damutuko.

Saioa Torre Gereketa

Rock and Rolla da Aterkings taldearen inspirazino-iturria eta baita aurkeztu barri daben diskoaren izena be. Pozik dagoz markinarrak lan honegaz, eta pozik euren musikeagaz.

Orain bost urte batu ziran Igor Goikoetxea kantaria, Alberto Gonzalez gitarra- eta organo-jolea, Mikel Txurruka gitarra-jolea, Iker Etxeberria baju-jolea eta Martxelo Mendizabal bateria-jolea. Beti gustau izan jaken musikea egiten dabe, ez daukie ezer barririk asmetako beharrizanik. Rock and Rolla da euren pasinoa eta hori islatu gura dabe diskoan eta zuzenekoetan.