Eguzkitzaren ‘Laguna’
Lan hau Andolin Eguzkitza zanak itzuli eban. Miles AEBetan ezagutu eban Eguzkitzak eta lagun handiak ziran. Liburuaren egileak berak dinoan legez, ‘Andolin Eguzkitzak 'The companion' irakurri eta liluratuta geratu zan. Bizkaitarrak liburua euskeratzeko proposamena luzatu eutson Milesi eta honi ondo iruditu jakon. Esan eta egin. Holakoa zan Andolin.
Argi-ilunez betetako nobelea da Laguna. Maitasuna da istorioaren giltza. ‘Maitatzeak dakarren sufrimentua azaldu gura izan neban’, zehazten dau Milesek. ‘Maitatua danak boterea dauka, maitatzen dauenak, barriz, ez dauka botererik, bape’. Dinamika hori da obrearen ardatza.
Jaiotzaz kubatarra dan idazleari laster igarten jako idaztea pasinoa dala beretzat. ‘Beharra daukadalako idazten dot. Idazketea bera da, nire kasuan, idazteko motibo bakarra’. Helburu komertzialetatik urrun dagoala dino Milesek.
Kontuak kontu, Andolin Eguzkitzak opari asko itxi deuskuz eta, tartean, AEBetako Laguna.
Saioa Torre Gereketa
Dennis S. Miles 1952. urtean jaio zan Kubako Santiagon. 1967an AEBetara alde egin eban eta orduz geroztik bertan bizi da. Berrogei urtegaz Arte ikasketak egin ebazan eta azken aldian HIESaren inguruko ikerketa proiektuetan sartuta dabil buru-belarri. Batez be, antzezlanak idazteagaitik da ezaguna eta oraindik aurrera hurrago sentiduko dogu, Txalaparta argitaletxeak argitaratu barri dauen Laguna lanari esker.