Kulturea  IV. urtea // 102. zenbakia

Saharara bidaia eta ikus-entzunezko proiektua Berrizen


Oporrak Bakean 2005

Berrizko Udalak urteroko konpromisoari erantzungo deutso aurten be. “Oporrak Bakean” programearen barruan 10 ume saharar izango dira Berrizen udako oporretan. Etxean ume horrek hartzeko kanpaina martiaren amaierara arte luzatu dau. Familiek bete beharreko baldintzak eta programearen gaineko informazinoa herrian zabaldu dabe. Informazino gehiago eskuratzeko, udaletxera jo daiteke.

Martiaren 19tik 26ra, Saharara bidaia egingo dabe Berrizko 24 lagunek. Azken urteetan Tindufeko kanpamentuetara udan umeak etxean hartzen dabezan familiek egiten daben bidaia da. Berrizkoak ez eze, Euskal Herriko beste hainbat herritako familiak be badoaz. Berrizko Udalak familia bakotxeko bidaia bat pagetan dau. Saharako herrialdearen alde egiten diran ekimenetako bat da honakoa.

Dana dala, aurtengo bidaia berezia izango da, beste helburu bat be badaukalako, hau da, udan, umeak Berrizen izan ziranean hasitako ikus-entzunezko proiektuari amaierea emotea.

Durangaldeko gazte bik (Jone Guenetxea eta David Maeztu) osotzen daben ekoiztetxe txikiaren ideiari ondo eretxita, Berrizko Udalak udea pasetan Berrizera etorten diran ume sahararren gaineko ikus-entzunezkoa egiteko proiektua dauka eskuartean.

Rosa Mari Ostogain Berrizko alkateak prentsaurrekoan adierazo dauenez, 'lehenengo DVDa saharar umeak hartu dabezan familiei banatu jake eta bigarrena, orain grabauko dana, apirilean herrian egingo dogun Saharako eguna aprobetxatuz erakutsiko da'.

Esandako moduan, udako egotaldiari buruzko grabazinoa eginda dago eta DVD txukuna argitaratuta. Ordu erdiko erreportajean, umeek Berrizen udako oporretan izaten daben bizimodua erakusten da.

Ikus-entzunezkoaren bigarren zatia bidaia honetan grabauko dabe Jone Guenetxeak eta David Maeztuk. Kanpamentuetako bizimoduaren gaineko erreportajea izango da. Berrizko Udala Bucráa Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetako bategaz senidetuta dagoanez, irudi asko bertan grabauko dira. Halan da be, probintzietako gobernadoreakaz bisitak be aurreikusita dagoz. Ikus-entzunezkoan, bestalde, Kooperazio Ministerioaren laguntzinoa be izango dabe eta Euskal Herritik bideratutako dirulaguntzakaz aurrera ataratako proiektuen barri izango dabe. Asmoa, Gasteiztik abiatutako karabanearen jarraipena egitea be bada: batutakoa nora heltzen dan, banaketa prozesua zelan egiten dan, zertarako erabilten daben karabanan bialdutako generoa...

Jone Goenetxeak prentsaurrekoan adierazo dauenez, 'DVDak helburu bikotxa dauka; batetik, saharar umeak gurera datozenean izaten daben bizimodua erakustea, izan be, herri bien arteko anaikidetzearen esanguratsuena horixe da; beste alde batetik, Sahararen auziaz gehiago jakitera emotea da eta gainera sahararrek euren etorkizunaz daben ikuspegia jasotea'.