Dantzan hasteko moduko zirkuitua
Aurten bost lan ikusi ahal izango dira Euskadiko Antzokien Sareak atondutako zirkuitu honetan: Damián Muñozen Ölelés, Blanca Arrietaren Bakar saioa, Organik konpainiaren ES3IN, Moaré taldearen Gau bakar bat eta oin dala aste bi atal honetara ekarri genduan Asier Zabaleta koreografo eta dantzariaren EGO-tik.
Ölelés lana Sándor Márai idazle hungariarraren “Azken hitzordua” liburuan (euskeraz be badago, Igela argitaletxeak argitaratuta) dago oinarrituta, eta Damián Muñoz eta Jordi Cortésen eskutik helduko jaku zirkuituko eszenetara. Aspaldi agortutako adiskidetasun bat, apurtzen doazen oroimenak, gau luzea eta, batez be, dantzari handi biren arteko oholtza gaineko burrukea.
Blanca Arrietaren Bakar saioa dantza-ikuskizunaren gaia abiadurea, denporaren joana, eguneroko gauzak eta bidean galtzen ditugunak dira. Azken baten, oroitzapenen eta memoriaren gaineko obra bat da Arrietak aurkezten deuskuna.
Hirugarren lana ES3IN da, Organik taldearen eskutik: bizitza modernoaren ezaugarri guztiak topauko ditugu obra honetan, tartean estresa eta gatx horren ondorio larriak. Dantzari bi, aktore bi eta musikari bi eszenaratzen dituan lan honek ironia handia darabil tentsino egoeren gainean.
Gasteizko Moaré taldeak ekarriko deusku Gau bakar bat obrea, Ixiar Rozasek idatzita: mundua amaitzera doa. Albiste hori entzunda, zer egingo dau jenteak? Zelan jokatuko geunke holako egoera baten aurrean? Betiko lez, Lasarteko idazlearen begirada zorrotza eta interesgarria topauko dogu lan honetan.
Asier Zabaletak ez dauka ezer demostrau beharrik, gauza jakina da-eta artista handia dala oholtza gainean. Oingoan, baina, EGO-tik lana ekarriko dau Sarearen zirkuitura, 2002an estreinau eban EGO piezearen gaineko planteamentu barria eginez. Dantzari gipuzkoarrak ohi dauen moduan, bere barrura begiratuko dau lan honetan, bere buruaren gainean berak eta besteek daukien irudia erakutsi guran. Lan honek Juan Carlos Perez eta Michael Mayerren musikea dauka.
Julen Gabiria
Joandako zapatuan, hilaren 19an, Euskadiko Koreografia Erakustaldia egin zan Basauriko Social Antzokian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dantza garaikidea bultzatzeko daukan ekimenaren barruan.
Bertan, gehienez hamabost minutuko hamaika pieza labur aurkeztu ziran, eta dantza adituek, arte eszenikoetako kritikariek eta programatzaileek osotutako epaimahaiak erabagia hartu behar izan eban, hamaika pieza horreetatik lau edo bost aukeratzeko. Sailkatutako horreek apirilaren 7, 10 eta 14an be ikusi ahal izango dira. Artikulu hau idazterakoan ez genkian ze lan aukeratu dituen, baina Basaurin ikusi ziran piezen egileak nortzuk ziran esateko moduan gagoz: Naiara Mendioroz (lan bi aurkeztu zituan), Igor Calonge, Isabel de Navera, Igartze Garai, Sarai Gonzalez, Izaskun Santamaría, Natalia Monge, Olatz de Andres, Marian Gerrikabeitia, June Kortazar eta Eider Rodriguez.
Baina Euskadiko Koreografia Erakustaldia albo baten itxita, dantzearen inguruko beste albiste interesgarri bat be heldu jaku azken asteotan: Euskadiko Antzokien Sareak, martiaren 11tik maiatzera arte, Dantza Garaikidearen lehenengo Zirkuitua ipini dau martxan. Halanda ze, hiru hilabeteko tartean, EAEko antzoki batzuen arteko zirkuitua sortu gura izan da, dantza garaikidea oinarri daukan programazino egonkorrari bidea zabaltzeko. Izan be, arte eszenikoen arlo horretako konpainia profesionalek zailtasun handiak daukiez antzokietako programazinoetan sartzeko.
Lehenengo urte honetako ikuskizunak lau antzokitan ikusi ahal izango dira: Bizkaian, Barakaldo Antzokian eta Elorrioko Arriola Kultur Antzokian; Araban, Gasteizeko García Lorca antzokian; eta Gipuzkoan, Donostiako Gazteszenan. Antzoki horreek guztiek lehendik be agertu dabe dantzeagazko interesa, eta, hori dala eta, Sareak erreferentziako espazioak sortu gura ditu, gero horrek emoitza bi emongo ditualakoan: alde batetik, beste areto batzuk be aitatutako zirkuituan sartzea; bestetik, antzokiek dantza gehiago programetea urtean zehar, zirkuituak dirauen sasoitik kanpora be bai.
Halanda be, asmoak asmo, aurtengoa zirkuituaren lehenengo urtea da, eta antolatzaileak zuhur dabilz etorkizuneko proiektuen gainean berba egiterakoan. Alde horretatik, momentuz gurago dabe ekimen honek harrera ona eukitea publikoaren aldetik.