Musikea  IV. urtea // 102. zenbakia

Elvis Costellok Bilboko Euskaldunan joko dau bagilaren 7an


Kontzerturako sarrerak telefono bidez erosi zeinkiez, 944 310 310 zenbakira deituz, bai eta Euskalduna Jauregiko txartel-leihatiletan, BBKren zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta Internet bidez be.

Bizkaie!

Elvis Costello musikari eta konpositore ezaguna Bilbon izango da bagilaren 7an Euskalduna Jauregiko Auditorioan kontzertu bakarra emoteko. The Imposters taldea lagun dauela, "The Delivery Man" izenburuko disko barria aurkeztuko dau Bilbon musikari britainiarrak, aretoko iturriek iragarri dabenez.

Costellok bere alde indartsuena erakutsiko dau barriro be, hau da, zuzeneko emonaldia, azken lanean bilduriko kantuak aurkezteko. Sustrai amerikarreko diskoa da "The Delivery Man", izan be, rockero britainiarra beti izan da musika horren jarraitzaile sutsua.

Diana Krall jazz abeslari eta pianista kanadarragaz ezkondu ondoren sortu eban Costellok "The Delivery Man", askorentzat 2004ko sormen musikalik onenetakoa. Aldi berean, balleterako orkestra-konposizino bat be sortu eban igaz: "Il Sogno". Reggio Emiliako Aterballeto dantza konpainia italiarrak eskatu eutson obra hori egitea, eta London Simphony Orchestra izan eban lagun.

Elvis Costello New Wave estiloaren sinboloetako bat izan zan 1970ko hamarkadearen amaieran eta hurrengoaren hasieran. 1990ko hamarkadan ekimen barri harrigarriak egin zituan, erregistro barriak bilatze aldera. Horretarako, Brodsky Quarteten ganbara musikea izan eban "Julia Letters" sortzeko; Burt Bacharach konpositore estadubatuarragaz batera, "Ainted From Memory" egin eban; eta Anne Sofie von Otter mezzosoprano suediarragaz kolaborau eban "For the Stara" grabetako.