Barriketan  IV. urtea // 103. zenbakia

Mikel Markez: 'geure txikitasunean zeozelako babesa daukagu'

Gazterik hasi zan gitarrea joten, kantuak sortzen eta jentaurreko kontzertuak emoten; 15 bat urtegaz hasi zan gitarrea joten, 16gaz kantuak sortzen eta hor bueltan jentaurreko kontzertuak eskaintzen. Hortik aurrera, zazpi disko argitaratu eta makinatxu bat kolaborazino egin ditu. Herri Irratian be ibili da eta gaur egun Bizkaiko Trikitixa Alkarteko arduraduna da.

1.- Musika mundutik aparte egon zara azken bost urteotan baina igaz argitaratutako ‘Erabil nazazu’ diskoagaz barriro sartu zara zurrunbiloan. Zergaitik egin dozu eten luze hori?

Holan sentidu nebalako. Holako neke bat, behar bat sentidu neban. Oso gazterik hasi nintzan eta akaso horregaitik ez nekian ondo zertan, zertarako, norentzako edo zelan ibili behar nintzan. Sei disko egin ondoren, 10 urtetik gora leku guztietara joanez, ia ezeri ezetz esan barik emon ondoren, galduta ikusi neban neure burua. Bost urteko etenaldia izan zan 1999tik 2004ra eta gauzak kanpotik ikusteko baliogarriak izan jataz urte horreek, aitatutako galdera horreei guztiei erantzun bat bilatu ahal izateko. Orain berriro sentidu dot banekiala zer esan gura neban kantuaren bidez, nori, zergaitik eta beste...

2.- Barruan zeunkana kontetato gogoa sentidu dozu barriro baina kantu barrietan nahiko jarrera kritikoa azaldu dozu; akaso, kantautore erromantikoaren irudiagaz apurtzeko?

Ez, ez... Nik ez daukat ezegaz apurtzeko asmorik. Bolada baten egia da kantu batzuekaz eta, holako pisu bat igarri nebala beharbada jenteak amodio kantuen kantari moduan identifiketan nindualako. Etenaldi horrek hori be gainditzen lagundu deustala esango neuke. Jenteari kantu erromantikoak eskaini izan deutsadaz nire bizitzearen zati batean, erotikoak beste batean eta orain, akaso, kanta sozialagoa edo politikoagoa egiten dot. Jentea kantaldietara etorten danean, danetarik eskatzen dau eta nik be kantu erromantikoak, erotikoak zein sozialak tartekatzen ditut ezelako problemarik barik. Nire esker ona eskaini behar deutset kantu guztiei eta beren beregi jenteagana gehien heldu diranei...

3.- Kontuak kontu, zure errepertoriotik bat aitatzearren ‘Zure begiek’ kantua klasiko bihurtu da euskal musikagintzan. Euskeraz kantetea, barriz, muga handia da zabalkunderako eta muga gogorragoa musikan baino gehiago mezuan oinarritzen diran kantautoreentzat...

Horixe da. Kantuek euren bidea egiten dabe eta hori kontroletea ezina da. Ni neu harrituta geratzen naz belaunaldi barrietako jentea Euskadi Gaztea edo Bizkaia Irratira deika ‘Zure begiek’ kantua eskatzen entzuten dodanean, kantuak berak konbentziduten dau jentea. Horregaitik ninoan kantuei nire esker ona baino ezin deutsedala eskaini, 16 urtegaz egin neban kantu hori eta orain adin horren doblea daukadan arren, kantuak lehen bezain gazte jarraitzen dau eta bikoteak maitemintzeko balio dau oraindino.

Akaso, ez dira garai onenak kantuarentzat, ez diskoentzat eta ez zuzenekoentzat eta bizi garan herri hau be ez da hain diferentea inguruko herriakaz konparauta. Gu baino handiagoak diranakazko konplexua dogu, eurak lez izan nahi dogu eta jokera guztiak imitetan doguz. Ganorabakokeria nagusitu da Espainian eta gu atzetik goaz, hori modernidadearen seinale balitz lez. Dana dala, ziklikoa dan fenomeno bat dala uste dot, guk hemen segiduko dugu, gitarreagaz, gure kontuak esaten eta sasoi baten lez, gerora be zeresana izango dogula uste dot.

Euskerea, barriz, nik ez dot oztopo edo traba lez sentiduten. Nahi badozu, gure merkatu ekonomiko naturala txikiagoa da baina besterik ez. Gainera, gure txikitasun horretan badogu zeozelako babesa. Nik uste dot hemendik kanpora gauzak gatxago dagozala kantari eta musikarientzat.

4.- Disko barriko lau kanturen berba eta doinuak zureak dira baina euskal olerkari eta idazleen testuak be erabili dozuz. Ze gai jorratu dozu diskoan?

Bost urteko lanen laburpen moduko bat da disko barria. Normalean diskoak urtebetean edo bi urteren bueltan egiten dira eta horrexegaitik gaiei eta musikeari jagokenean, homogeneoagoak izaten dira. Bost urte honeetan egindako irakurketen ondorioa da. Joan Mari Irigoienen poema batean Euskal Herrian dagozan arma fabriken inguruko gogoetea proposatzen da, hain bakezale bagara zelan ulertu misilak, bonbak eta minak Gasteizen edo Baionan egitea. Sonia Gonzalen “Sumendi” poeta bizkaitarraren ‘Erabil nazazu’ poema erotiko-ludikoa be agiri da, Joseba Sarrionandiaren ‘Haize gorria’, natureari iraultzarako egiten jakon garrasi naïf bat, Pako Aristiren Gizartearen eraikuntza gaurko gizartearen argazki argigarria. Victor Jararen ‘Te recuerdo Amanda’ gogoangarriaren euskerazko bersino bat... Disko bariatua atera da.

5.- ‘Erabil nazazu’, diskoaren izenburuagaz jenteari dei egiten deutsazu diskoa entzun eta ezagutu dagien. Ez zara pirateoaren bildur?

Ez, inondik inora. Leioan eta Deban behintzat ikusi dabe pirateautako diskoa salgai egoala eta neronek konprobau neban Interneten nire disko guztiak lortu daitekezala debalde. Zer nahi dozu egitea, ez naz negarrez hasiko, ez naz hasarratuko, 2005eko gizartea holakoa da eta holan onartu behar dogu. Munduko polizia guztiek be ezingo dabe fenomeno hori geldiarazo, gaur 18 urte dituan gazteak musikea ‘bajatu’ egiten dau saretik eta punto. Okerragoa litzateke euskal gauzak pirateetako interesik ez balego, orduan hasi beharko ginateke arduratzen.

6.- Musika hornidura larregi bako diskoa da. Mezuari emon deutsazu garrantzia?

Ehuneko 51ko garrantzia. Egia da gitarratik abiatutako disko bat dala eta ideia horri fidel jarraitu nahi neutsola, aukera estetiko bat da, kantuak gitarra eta ahotsagaz grabau nebazan eta ondoren kantu bakotxari holako apainduratxo bat gehitu neutson. Zuzeneko emonaldiak be holan planteau ditut, hirukotean gabiz. Pello Ramirez txelo eta akordeoiagaz, Anjel Unzu gitarra eta perkusinoakaz eta ni gitarra eta ahotsagaz. Tinbrikak denpora guztian aldatzen doaz baina ez dira inoiz hiru instrumentu baino gehiago entzuten denpora berean.

7.- Victor Jararen Te recuerdo Amandaren bersinoa eta Sonia Gonzalezen olerki baten oinarritutako kantua dira azken diskoko kantu deigarrienak?

Zuri deigarrienak iruditu al jatzuz? Diskoan Te recuerdo Amanda Nola ahaztu Amanda bihurtu da. Kuriosoa da baina belaunaldi barriko kazetariakaz pasau jat Victor Jara nor zan ez ekiela. Nigaz egin behar eben alkarrizketea preparetako interneten begiratu eta jakin dabe zelan hil eben Pinocheten militarrek, zein izan zan zen haren lana 70. hamarkadako Txilen eta Latinoamerikan, Allendegaz batera hil ebela eta abar... Azkenean, ahanztureari kontra egiteko tresna bihur daiteke kantu bat nahiz zuk modu natural eta planifikau bakoan kantau.

Soniaren poemea, barriz, masaileko moduko bat da. Nik holan sentidu neban liburua irakurten ibili nintzanean. Poemea irakurri eta berehala erabagi neban kantu bihurtzea.

8.- Diskoa zuzenean aurkezten be ibili zara. Bost urteko isilunearen ostean, zelakoa izan da jentearen erantzuna? Euskal musikagintzan jarraitzeko gogoz zaitugu? Hurrengo diskoa noizko?

Gizartea aldatu egin da eta ez gara lehengo moduan horrenbeste joaten zuzeneko emonkizunetara. Halan da be, ni ez nago kexatzeko egoeran. Emonaldi guztietara jente piloa etorri da eta jentea gustura bialdu dogu etxera. Aurtengo urtea be diskoa zuzenean aurkezten emongo dogu eta zorionez, ez dot sasoi bateko prisarik sentiduten, diskoa aurkezten urtebete pasau behar badot hobe.

Beste alde batetik, datorren urterako bilduma lan bat egitekotan nago. Kantuen aukeraketea egiten nago egunotan, zein kantu itxi bersino zaharretan egoan lez, zein kantu bergrabau, zein bernahastau...


9.- Bizkaiko Trikitixa Alkartean be bazabiz beharrean. Zelan sortu zan aukera hori?

Euskal Herriko Trikitixa Elkartean egon nintzen hiru urtez eta igaz Bizkaikoa koordinetako aukera etorri zan. Lan hori egiteko behar soziala egoan.

10.- Oraintsu argitaratutako ‘Bizkaiko trikitixa’, Xabi Aburruzagaren partitura liburuan koordinazino lana egin dozu eta galduta egon dan Iurretako Trikitixa Eguna errekuperetan be aparteko ahalegina egin dau alkarteak. Ze erronka dozue orain?

Iurretako egunaren bueltan, Serafin Aranzeta “Oromiño” trikitilariaren 1927ko grabazino baten masterra berreskuratu eta digitalizauta errekuperau genduan. Bilboko Kafe Antzokian Nazinoarteko Trikitixa Jaialdi bat be antolatu genduan eta trikitilarientzako kantu ikastaro bat Rakel Pujanagaz. Durangoko Azokan be egon ginan Euskal Herriko Trikitixa Elkarteagaz batera.

Horrezaz gan, aurten hasitakoari jarraipena emoteaz ganera, Xabi Aburruzagaren liburua CD bihurtzeko proiektua dogu eskuartean. Horregaz batera, trikitixa ikasleak motibetako proiektu bati be ekin nahiko geunskio, eskola desbardinetako ikasleen arteko holako konbibentzi moduko batzuk antolatuz.

Koldo Isusi Zuazo