'Doktor do re mi eta Benedizebra', Oskorriren umeentzako lana
Taldearen historia
Oskorri 1971ko apirilean jaio zan. Lehenengo jaialdia Deustuko Unibersidadean eskaini eban taldeak. Natxo de Felipe izan zan sortzailea eta ostean beste hainbat lagun ezagun izan dira beragaz. Gabriel Aresti euskal poeteak be eragina izan eban taldearen sorreran.
Natxo de Feliperen ahotsa eta presentzia oso ezagunak eta garrantzitsuak dira euskal musikagintzean eta, gaur egun be, alboka, xirulea edo gaiteagaz batera, danontzat adierazgarriak diran kantuak sortzen dabez. Gure lurretan sakon errotutako musika herrikoia darabile, estilo barriei ateak zarratu barik.
Lan asko plazaratu dabez eta, tartean, asmo barriak be jorratu dabez: jantzarako kantak batu, umeentzako kanta zaharrak, jenteak parte hartzeko emonaldi bereziak... Gabonetan oso ohikoa izaten da Natxo de Felipe gure etxeetako sueteetan izatea beragaz kanta daigun eskatzen.
Bizkaie!
Danok gogoratuko dozue ‘Katuen testamentua’ kantea. Nork ez dau abestu nonoiz? Oraingoan, Oskorri lan barri bategaz jatorku: 'Doktor do re mi eta Benedizebra', txikitxuenentzako beren beregi.
Elkar diskoetxeagaz atara dabe lana Natxo de Felipek eta taldekideek. Aurretik baeukien esperientzia umeentzako diskoak plazaratzen, 1993an lehenago aitatutako ‘Katuen testamentua’ eta 1997an ‘Marijane kanta zan’ argitaratu ebezan eta.
Kantuak, 23 hain zuzen be, Gipuzkoako tradizinotik hartutakoak dira. Euren ikutua emon eta gaur egunera moldatu dabez, ‘jantzi modernoakaz’ aurkezten deuskuez, Natxo de Felipek zehaztu dauen legez. Jantzan egiteko zein trankil entzuteko kantak topauko doguz diskoan, batez be publiko txikiari eskainita. Natxo de Felipe kantariaren esanetan, ‘askotan umeak tuntuntzat hartzen dira, baina eurak dira publikorik zintzo eta, aldi berean, krudelena’. Horregaitik, gogor egin behar izan dau lan Oskorrik disko honetan. Onomatopeiaz betetako kantuak sortu dabez, magia ikutuagaz. Euskeraz abesten dabez gehienak eta Mendebaldeko euskerearen ikutua be igarten da askotan.
Bitxikeria legez, lan honetan Oskorrik Gipuzkoako tradizinoko errepertorioa jasoten dauen legez, Donostiako Udalak urian jaioten diran ume guztien familiei ale bat erregalauko deutse. Ganera, kontzertuak antolatzeko, Foru Aldundiak erraztasunak eskainiko deutsez herriei.